Ezohiko kontzertu bat lagunartean (Berri Txarrak Kobetamendin)
Ezohiko kontzertu bat lagunartean (Berri Txarrak Kobetamendin) –
2018ko abenduan etenaldi mugagabea iragarri eta Ikusi Arte bira aurkeztu zuenetik gertatutakoa “maitasun adierazpide erraldoi gisa ulertu, eta ondoen dakigun eran erantzun dugu, zuzenean ahalik eta gehien joz”, dio Berri Txarrak taldeak.
Lekunberriko hirukoteak Kobetamendin ematekoak diren ezhoiko ikuskizunaz mintzatu dira gaur prentsaurrean, eta lagunartean joko dutela argitu dute.
“2019an Euskal Herrian eman beharreko kontzertu guztietarako sarrerak ordu gutxitan agortu zirela kontuan hartuta, inor kanpoan utzi nahi ez lukeen emanaldia antolatu behar genuela erabaki genuen. Ahalik eta lagun gehienei eskeini gura baitiegu Berri Txarrak zuzenean ikusentzuteko aukera”.
25 urteko ibilbidean 1100 kontzertutik gora jo eta gero, esker ona adierazteko bira legez aurkeztu zuen taldeak Ikusi Arte, eta Kobetamendikoa “ezhohiko emanaldia izan behar duela ondorioztatu genuen, orain arteko guztietatik apartekoa. Ospakizun kontzertu konpartitu bat”.
Gauzak horrela, Berri Txarrakek lagunartean joko du Bilbon uztailaren 14an, miresten dituen hurbileko musikariekin: El Drogas (Barricada), Leire Villanueva Iseo, David Ruiz (La M.O.D.A.), Aiora Renteria (Zea Mays) eta IƱaki Altolagirre Matxet (Sega Sound Killers, Jousilouli, Naizroxa eta Anaiarrebak). Taldearen esanetan, “aparteko ahalegin artistikoa egiten ari gara kantak musikari lagunon ezaugarriekin moldatu guran. Gu geu ere irrikitan gaude zuzeneko emaitza bizitzeko”.
Berri Txarrak Lagunartean kontzertuaren aurretik, euskal kultur edukiez beteriko egitaraua antolatu dute adin guztientzako zaleentzako, kultur adierazpide askotako eskaintzarekin (musika, kale antzerki, zirko, bertsolaritza eta dantzarekin lotutako ikuskizunak), 16.30-20.30ak bitartean. Kobetamendiko ateak 16.00etan irekiko dira, eta Berri Txarraken emanaldia 21.00etatik gauerdira luzatuko da -autobus eta metro zerbitzu bereziak izango dira-. Sarrerak salgai dira, 35 eurotan.