Ezkontza eskea, Berri Txarraken BECeko kontzertuaren atarikoan
Ezkontza eskea, Berri Txarraken BECeko kontzertuaren atarikoan –
Istorio Bitxia azpititulu duela, Luzia Zugadik BECeko zuzenekoaren atarian gertatutako pasartea idatzi du EiTB.eus atarian.
Larunbatean Berri Txarrak aritu zen agertoki berean, ezkontzeko eskaria egin zion jarraitzaile batek bere neska-lagunari. Taldekideek “Bueltatzen” abestia eskaini zieten ezkongaiei.
Larunbatean, 12:00ak jota izan zuten askok Berri Txarrak taldekoekin lehen hartu-emana. Ordu horretan zuten hitzordua BEC erakustazokan “Infrasoinuak” esperientziaz gozatu zuten musikazaleek. Taldearen furgoneta, kamerinoa eta Bizkaia Arenako agertokia gertutik ezagutzeko aukera izan zuten, orduan, 160 partaideek. Baten batzuen ametsa errealitate bihurtu zen, hortaz, egun horretan. Izan ere, idolo dituzten David, Gorka eta Galder gertutik ezagutu eta haiekin hitzen bat edo beste partekatu zuten jarraitzaileek.
Ametsak amets, maitasunerako tartea ere izan zuen esperientziak. Kontzertu bat emateko orduan prestatu beharreko guztiak argitu ondoren, bizpahiru abesti jotzera igo ziren taldekideak oholtzara, ezusteko harrigarri bat tarteko.
Gazteak jakin ahal izan duenez, esperientzia horretan parte hartzen ari zen zaleetako bat agertokira igo zen hiru taldekideak han zirela. Mikrofonoa hartu eta ezkontza-eskea egin zion bere neska-lagunari, han ziren guztiak txundituta utziz. Ezkontza-eraztuna emaztegaiari jarri zionean, Gorka Urbizuk gitarrarekin jotako eztei-akordeek girotu zuten Bizkaia Arena.
Ilusioz, zirraraz eta maitasunez jositako ezkontza-eskea biribiltzeko, “Bueltatzen” abestia eskaini zion Berri Txarrakek bikote protagonistari. Ahaztezina izango da, beraz, martxoaren 17a “Infrasoinuak” esperientzian murgildu zirenentzat, bereziki, ezkontzeko eskaria egun berezi horretan jaso zuen neskarentzat.