Telefono mugikorrak, adin txikikoen jostailu berriak

Telefono mugikorrak, adin txikikoen jostailu berriak –

Gaur egun, XXI. mendean murgilduta jada, arraroagoa suertatzen da telefono mugikorrik ez izatea, izatea baino. Gure eguneroko bizitzan ezinbestekoak bilakatu dira, behar-beharrezkoak batzuen iritziz; hala ere, ez da harritzekoa: teknologiaren aroan, gailu teknologikoak nagusi izan behar. Baina, nagusitasun honek, hedapen geldiezin honek, arriskuak dakartza berarekin batera, umeei dagokienez, batez ere. Zein adinetatik aurrera dira egokiak mugikorrak haurrentzat? Egokia al da seme- alaben mugikorrak kontrolatzea? Zer egin dezakegu egoera honen aurrean? Azter dezagun.

Hasteko, haurrak bere mugikorra izateko adin gomendagarria 12 urte ingurukoa litzatekeela uste dute askok; adin horretan hasten baitira gazteak haien kabuz hona eta hara joaten. Gurasoek kontaktua mantentzeko tresna bezala ikusten dute, nolabaiteko kontrola izatea ahalbidetzen diena; haurrek, berriz, bestelako helburuekin hartzen dute gailua: lagunekin txateatzeko, argazkiak bidaltzeko, musika entzuteko, bideoak ikusteko, bideojokoetan aritzeko… Haientzat jostailua da azken batean, baina jostailu arriskutsua.

Telefono mugikorrak, adin txikikoen jostailu berriak

Artikuluan zehar behin eta berriro aipatu dudanez, arriskuak topatzen ditugu telefono mugikorraren inguruan, eta hauek ez dira gutxi. Umeek Ciberbullying-a jasan dezakete, ezezagunekin harremanetan jar daitezke, norbaitek telefonoa lapur diezaiekete… Hau da, kontu handiarekin ibili behar da. Dena den, ez dira beti biktimak izaten, batzuetan gaizkileak izaten dira, Interneten bidez hainbat delitu egin ahal baitira, esfortzu handirik gabe, gainera; esate baterako, beste pertsona baten identitatea bereganatu profil faltsu baten bidez, edota drogak eta beste produktu ilegalak erosi. Hau guztia ekiditeko seme-alaben mugikorrak kontrolatzea bide bat izan liteke, baina ez bide bakarra. Gakoa hezkuntzan dago, nire iritziz. Umeei erabilera egokia irakasten badiegu, erabilera desegokiaren ondorioz gerta litekeena ulertzeko moduan azaltzen badiegu, informazioa ematen badiegu, arriskuak behera egingo duelakoan nago.

Beraz, nire uste apalean, seme-alaben intimitatea errespetatu beharra dago. Gurasoak haiekin fidatzen direla nabaritzen badute, haiek ere gurasoekin fidatuko dira kezkatzeko moduko zerbait gertatzekotan beldurrik gabe kontatzerako orduan. Bestalde, mugikorrarekin ari direla, zertan dabiltzan galde diezaiekegu, haien esku utziz geuri erakutsi ala ez. Laburbilduz, gaude lasai, baina beti erne!

Telefono mugikorrak, adin txikikoen jostailu berriak