Ez Nekien Hil Honetan Ematen Zenik Ere
Udan, saiakera laburrez osaturiko liburu bat irakurtzen ari nintzela, zera bururatu zitzaidan: hau nik ere idatz nezake. Ez zen euskal idazle baten liburua –haren liburu bat, halere, euskaraz irakurtzen ahal dugu–, kanpotar batena baizik, Europatik kanpokoa gainera –ingelesez zegoen esku artean nuen alea, baina itzulpena zen, hura ere ez baitzen testuaren jatorrizko bertsioa–, eta pentsamendu hura ez nuen saiakera guzietan izan, guti batzuetan baizik. Nire sentsazio hura emazteari komentatu nion, eta nirea harrokeria hutsa dela erantzun zidan –tira, ez solas horiekin preseski, aise maitekiroago baizik, aise manera dotoreago batean, baina nik itzulpen automatikoa egin nuen: mundu honetan, ez da bikotekidea bezalakorik zure autoestimua hondoratzeko–, baina ez nenbilen lehian idazle exotiko harekin, ez nenbilen haren kalitatea apaldu nahian edo nire balizko gaitasuna goratu nahian. Bertzerik gabe, zenbait kapitulutan, hurbil sentitzen nuen gaiak lantzeko manera, ironia erabiltzeko modua… Ongi pentsatuz gero, beharbada, bai, harropuzkeria zen nirea.
Nolanahi ere, munduan bada ni baino harroputzagorik. Adibidez, 2010ean Nobel Saria eman ziotenean, Mario Vargas Llosak esaldi polit hauek oparitu zizkigun: “pentsatzen hasia nintzen nitaz ahaztuak zirela”, eta “sariak ustekabean harrapatu nau, ez nekien hil honetan ematen zenik ere”. Zenbait idazleren egoitza olinpiarrera ez omen da albisterik ailegatzen.
Nik ez dut oraindik Nobel Saririk jaso (Literaturaren Nobel Saria ez dut segur aski sekulan jasoko –segur aski, berriz diot, ez baita gauza segurua–, baina Bakearena, tira, batek daki, hori eskuratzea errazagoa omen da); behin, halere, Euskadi Sarira aurkeztu nintzen: aurkeztea edo parte hartzea onartzea beharrezkoa zen urteetan, noren eta Vargas Llosaren itzulpen bat nuen egina, eta, hortaz, itzulpen sailean aurkeztu nuen nire lana –edo paperak bete eta sinatu nituen, liburua aurkeztua izan zedin–. Aitortu behar dut lotsa pixka bat ematen zidala: liburu bat sari batera aurkeztuz gero, idazlea –edo itzultzailea– adierazten ari da bere ustez liburua aski ona dela sari horren merezient izateko, eta, beraz, horretarako bai behar da harrokeria puntu bat. Nik zalantza handiak izan nituen, baina guziak editoreak uxatu zizkidan –mundu honetan, ez da editorea bezalakorik zure autoestimua goratzeko–.
Horregatik, aurkeztu behar izateak sorrarazi zidan lotsa saiheste aldera, Euskadi Sariari dagokionez, nik nahiago dut liburu guziak automatikoki hautagai bihurtzen dituen sistema, edo, bertzenaz, epaimahaikideen lana izatea hautagaiak aukeratzea. Betiere norbaitek, aurten Mikel Peruarenak egin duen bezala, sarian parterik ez hartzeko desioa adieraziko balu, epaimahaiak, nire iduriko, nahi hori errespetatu beharko luke. Bai, niri ere nobela zoragarria iduritu zait Su zelaiak –irakurri ahala ez zitzaidan behin ere bururatu “hau nik ere idatz nezake”, bidenabarkoan erranda–, eta nik ere sari guziak emanen nizkioke, baldin eta egileak nahiko balitu. Bertzenaz, ez, bistan da. Hortaz, nire iritziz, aurtengo epaimahaikideek ez dute asmatu, gaizki jokatu dute, eta aski zuten edo saria bertze lan bati ematea –eta horrekin batera, ohar bat argitaratzea, adierazteko Su zelaiak lehiatik kanpo gelditua zela, idazleak hala eskatuta–, edo, gainerako liburu guziak hain txarrak baziren, saria eman gabe uztea. Bertzalde, hutsalak dira Peruarenaren borondatearen kontra liburua saritzeko eman dituzten arrazoiak, sariak –sari instituzionalak– liburu bati kalitatea aitortzeko bide bakarra balira bezala. Emandako arrazoiek ez naute asebete.
Peruarenaren arrazoiek ere ez naute bereziki konbentzitu, baina, egia errateko, ez zuten ez ni ez inor zertan konbentzitu, beretako aski badira. Halere, idazlearen erabakia errespetatuz –eta txalotuz–, haren arrazoiak eztabaidatzen ahal dira, publikoak diren heinean.
Literatura ez da lehia. Egia da, eta sarituriko liburua ez da nahitaez hoberena, eta jendeak ez du baitezpada hoberentzat hartzen –are gehiago, kontrakoa ere gerta daiteke: duela urte batzuk Espainiako sari nazionala euskal liburu bati eman izana euskal literatura barnetik hondatzeko saio bat izan zela pentsatzen dut oraindik–. Literatura ez da lehia; sariak, ordea, bai, baina oraindik –nik dakidala– inork ez du idazten Euskadi Saria lortzeko asmo hutsarekin, oraindik ez da Euskadi-Sarirako-egokia-den-liburu mota sortu; Oskar sarietan, konparaziorako, horixe gertatzen da: sariek berek beren film mota berezia, sari horietarako egokia –film dramatikoa, paisaia ederrak, pertsonaia epikoak…– sortu dute.
Sariek, bertzalde, bultzada ematen diote lan jakin bati, gainerakoen kaltetan, edo hala dio Peruarenak. Tira, ez nahitaez. Nobel guziek ez naute berdin erakartzen, eta noizbait ez irakurtzeko arrazoia izan da nobela batek edo ipuin bilduma batek sari jakin bat jaso izana; aldiz, Euskadi Saria jaso baino lehen nituen irakurriak Su zelaiak edo Harkaitz Canoren Twist –Euskadi Saria jaso baino lehen nintzen nire ingurukoei Su zelaiak gomendatzen hasia–.
Behin, Iruñean berriki omendu dugun lagun bati liburu bati buruzko iritzia eskatu nion; niri arrunt txarra iduritu zitzaidan liburu hura, baina –nire buruarengan batere konfiantzarik ez dudanez– lagunaren iritzia aditu nahi nuen. Hondarrean, ez zidan erantzun argirik eman: bada, zenbaitetan, gauzak –gauzak, erran nahi baita, nobelak, filmak, komikiak– sailkatzeko beldurra, edo ahalkea, kontu itsusia balitz bezala; alta, egunero egiten dugun zerbait da, saio jakin bat ikustea –ezen ez bertze bat– edo liburu hau irakurtzea –eta ez bertze hura– erabakitzen dugunean.
Sariak irabaztea buruan bertzerik ez dugula idazten ahal dugu, edo sari guziei bizkarra emanda; bien artean, baina, bada tarte zabala: sariak helburu izan gabe ere, ez dago gaizki saririk etorriko balitz. Vargas Llosa ustekabean harrapatu zuen sariak, ez baitzekien hil hartan ematen zenik ere –baina ez zuen dudarik egiten merezi zuela–; Peruarena ustekabean harrapatu du sariak naski, aspalditik sari horri uko egina baitzion –eta ez du argi merezi ote duen, eta horrek, gainera, asaldura sorrarazten dio–. Bien jarrera errespetatuz –tira, batez ere Peruarenaren jarrera errespetatuz–, nik erranen nuke erabateko harrokeriaren eta erabateko apaltasunaren artean badela tarte zabala. Biek, gainera –erabateko harrokeriak eta erabateko apaltasunak– merezi ez duten inportantzia ematen diete sariei. Sariak ez baitira idazle baten neurria, ez neurri bakarra, ezta nagusia ere.
Esan gabe doa: errespetagarria iruditzen zait Peruarenak hartutako erabakia, baina nire ustean, praktikoago jokatu behar zuen: dirua jaso eta ospa! (eta gero, nahi izanez gero, sosak kausa noble batera bideratu). Portzierto: nora doa orain Peruarenak jaso nahi izan ez duen diru hori? Baten batek argituko balit, eskertuko nioke biziki.
Ez dut Peruarenaren liburua irakurri, baina Vargas Llosaren “Pantaleon eta bisitariak” bai, eta gustatuko litzaidake argi eta garbi esatea (Santik berak esaten ez digun arren, baina nik bai) liburu bikaina izateaz gain, euskarazko bertsioa ere bikain-bikaina dela. Hala iruditu zitzaidan niri irakurri nuenean. Eta Vargas Llosaren hainbat liburu irakurrita baneukan ere, eta ederki goztuta, hori euskaraz irakurri nuen, eta esango nuke beste guztiak bezainbeste edo gehiago gozatu nuela. Biziki gomendatzen dizuet.
Barkatu, Santi, baina esan beharra neukan, bermiotarrek esaten duten bezala, “porque lo he visto yo”. Ze karajo!
Bai, nik ere leituta daukat euskeraz. Napar batek itzuli zuen. Orain etzait izena burura etortzen, baina akordatuko naiz.
Lan egin ondotik etxera ailegatu, ordenagailua piztu (megarik gabe gelditu bainaiz telefonoan) eta horrelako komentarioak ikustea pozgarria da benetan. Esker mila.