Evaristo Paramos: “Ikaragarria da egoera honetan botereak hartu duen kontrola”
Evaristo Paramos: “Ikaragarria da egoera honetan botereak hartu duen kontrola” –
Evaristo Paramos Perez 1960an jaio zen, Pontevedrako Tui herrian, baina Agurainen ekin zion abeslari ibilbideari. La Polla Records sortu zuten, 1979an, gaztelaniaz abestutako punk rockaren nazioarteko erreferente bilakatu zena. The Kagas (2002) eta The Meas (2004) taldeekin disko bana kaleratu zuen, RIPeko Bolinaga anaiak alboan zituela, eta 2005ean, Gatillazo sortu zuen. 26 disko eta dozenaka kolaborazioz gain, lau liburu argitaratu ditu punk patatero honek, eta hiru alabaren aita ere bada. Egun, Oñatin bizi da.
Nola daramazu normaltasun berria deitu duten hau?
Ahal dudan lasaien, usaintzen eta arakatzen, honek guztiak nora garamatzan asmatu nahian. Ez da erraza egoeraren analisi sakona egitea, oso desinformatuta baikaude. Hala ere, garbi dago zein den norabidea: jendea ezin antolatu, ezin ezertarako elkartu, haurrek ezin beste haur batzuekin jolastu… Eta, noski, horretarako, beldur handia sartzen diote, lehenik, gizarteri, gero negozioa egiteko. Izan ere, familian edo gertuan hildakoren bat izan duenak nola ez du nahiko txertoa, edo mikrotxipa, edo eskaintzen zaion guztia?
Berrogeialdia nola bizi izan duzu?
Beheko solairuan dagoen pisutxo batean, eta 2 urteko haur txiki batekin… Ezin kanpora atera, eta ezin alabari zergatik ezin zen irten azaldu! Horrelaxe bizi izan dut. Bestelakoan, baneukan diru pixka bat aurrez-tuta, eta jan, behintzat, jan ahal izan dugu.
Ba, eskerrak bazenituen aurrezkiak, ze Ni descanso ni paz, La Polla Records-en 40. urteurreneko bira, berrogeialdiak zapuztu zizuen…
Bai, bira guztia izorratu digu, eta kontzertu asko 2021era atzeratu ditugu. Baina ikusiko dugu zer ostia gertatzen den datorren urtean! Izan ere, boterearentzako oso tentagarria da une honetan eskuen artean daukan kontrola; gaur egun, auzoka, eraikinka, udalerrika edo nahi duten eran egin ditzakete konfinamenduak eta eskubideen murrizketak. Beldurgarria iruditzen zait! Nahi dutena eta nahi duten moduan egingo dute, aitzakia demokratikorik gabe.
«NAHIERAN EGIN DITZAKETE ORAIN KONFINAMENDUAK ETA ESKUBIDEEN MURRIZKETAK»
Goazen La Polla Records-en itzulerako biraren lehen zatia aztertzera. 100.000 pertsonatik gora Estatuan emandako zortzi kontzertuetan soilik… Espero al zenuten ha-lako erantzunik?
Egiari zor, inoiz ez genuen kon-zertuetara etor zitekeen jende kopuruaren aurreikuspenik egin. Ez genekien zer espero. Baina egia da Ni descanso ni paz birak izan duen erantzuna alienigena samarra izan dela guretzat… Gainera, kontzertuetara etorri den jendeari erreparatuta, nik uste nuena baino gure belaunaldiko jende gutxiago hil zela iruditu zait. Garai haiek gogoratzen ditudanean, izan ere, bidean gelditutakoak besterik ez dut gogoratzen, baina bai zera! Ikusi dudanez, gehiago dira bizirik atera zirenak hildakoak baino! Geu bezalako atso eta agure kuadrillak ikusi ditut, gehienbat, gure kontzertuetan!
Ondoren, Ameriketan jarraitu zuen birak: Argentina, Uruguai, Peru eta Txile. Nola hartu zuten hegoamerikarrek, horrenbeste denboraren ondoren, La Polla Records?
Han beti gertatu izan zaigun moduan, gehiegizkoa izan da harrera oraingoan ere, sekulakoa. Jendea oso bestelakoa da hemengoarekin alderatuta. Ez dizut esango hemen erraza denik bizitza, baina herrialde haietan benetan da gogorra. Gainera, gindoazen tokira gindoazela, gu sekulako hoteletara eramaten gintuzten, eta jendea hotelaren atarian ikusten genuen, kale gorrian, guretzako ekarritako oparitxoak emateko zain [hasperena]… Egoera zital samarra, inondik ere; kaka hutsa! Baina bagenekien non sartzen ginen, eta bagenekien gertatuko zela, aurrekoetan bezalaxe.
«KONTZERTUETAN GUSTU HANDIEN EMATEN DIDANA JENDEA GERTUTIK IKUSTEA DA»
Eta kontzertuak nola joan ziren?
Kontzertuak ere, beti bezala, ikaragarriak, mambo loco! Pena izan zen azken kontzertua, Txilekoa, hasi eta ordu erdira bertan behera utzi beharra. Txileko Santiagon, izan ere, izarren erabateko konjuntzioa suertatu zen, eta osagai guztiak bildu ziren gertatu zena gertatzeko. Herria Gobernuaren aurka matxinatuta zebilenez, kontzertuaren antolatzaileak ez zuen segurtasun neurri gogorregirik jarri nahi izan; eta horrela, ikusleak baino nagusiagoak zien aitona-amonak jarri zituzten taularen eta lehen ilaren artean, eta punkarradak, aurkakotasunik ez zegoela ikusita, erraz hartu zuen oholtza. Behin baino gehiagotan bizi izan ditugu antzeko egoerak…
Zuretzako pena bikoitza, gainera, ezta? Han familia izanda…
Hala da. Nik familia daukat Txilen, eta kontzertuaren ondoren bi aste gehiago gelditu nintzen bikotekidearekin eta haren senideekin. Egun haietan, kristo guztiak gelditzen ninduen kalean, kontzertuan gertatutakoagatik barkamena eskatzeko. Egia da pena handia eman zigula, tokia eta giroa ezin hobeak zirelako egun hartan. Garai zaharretan Euskal Herrian zegoen potentzia hura nabari zen Txilen jendearen artean, eta, garai zaharretan bezala, guztia joan zen pikutara!
Birari, baina, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan eta Oñatiko Pako tabernan eman zenioten hasiera, irailean. Zer duzue nahiago, BECeko 17.000 lagunak edo beste toki txikiago horiek?
Pako tabernakoa oso ondo egon zen, eta jende gehiena ezagutzen genuen, gainera. Tamalez, bezperako Gasteizko kontzertuak erabat jota utzi ninduen, eta eztarria ere izorratuta neukan erabat. Baina oso ondo egon zen. Eta Jimmy Jazz-ekoa ere ederto atera zen. Kontzertu eta entzu-eria handiei dagokienez, azkenean, ohitu egiten zara horren-beste jenderen aurrean jotzen, eta beldurrik ez izatea lortzen duzu. Hori, La Polla-rekin ez ezik, Gatillazo-rekin ere bizi izan dugu, Viñarrock eta halako jaialdi handietan… Baina gustu handien ematen duena, zalantzarik gabe, jendeari aurpegia gertutik ikustea da.
Behin entzun nizun esaten zure ama bira honetan joango zela lehen aldiz zure kontzertu bat ikustera. Hala izan al da?
Bai; BECen egon zen, eta ez harritu DVDan agertzen bada!
Gustatu al zitzaion, bada?
Gustatu diozu? Errepertorioko geldialdi batean, segurtasun hesiak zeharkatu, seguratak saihestu eta oholtzara igo ez zen, ba, guztiok zoriontzera! Han zegoen jendetza dantzan jarri genuela, eta musikari bakoitzari eskua estutu zion banan-banan! Ze maja Pilar! Urte hauetan guztietan, inoiz ez ninduen zu-zenean ikusi, eta BECekoarekin flipatu egin zuen andereak.
DVDa aipatu duzunez, urte amaierarako iragarri duzue zuzeneko diskoa eta DVDa bilduko dituen Levántate y muere lana. Zer aurreratu diezagukezu?
Esan diezazukedan guztia da berde kolorekoa izango dela, eta Bilbon jotzen agertzen direnak geu ginela. Horretaz gain, espe-ro dut ezkerreko zangoan izan nuen zaintiratua ez agertzea! Reflex-a eman behar izan zidaten, futbolariei moduan… Ze lotsa! Adinaren kontuak dira horiek, eta grinak neurtzen ikasi behar dut. Dena dela, badakit egunen batean irrigarri ikusiko dudala nire burua bideoren batean, korrika egin nahi eta ezinean… Orduan esango diot neure buruari “Mugitu ere ez haiz egiten, baina, artaburua! Hobe hago geldik!“. Baina tira, bitartean…
La Polla-rekin hasi zinetenean norbaitek esan izan balizu 60 urterekin punka egiten eta jendetzak biltzen jarraituko zenuela, sinetsiko zeniokeen?
Inola ere ez! Ez eta 40 urterekin esan izan balit ere! Ez horixe! Seguru asko, erantzun iraingarriren bat botako niokeen, ohi dudan bezala.
Galiziako Tui herrian jaio, Agurainen hazi eta Oñatin hartu zenuen lur, 90eko hamarkadaren erdialdera. Ez dirudi hiri handien zale zarenik, ezta?
Ez, ez ditut atsegin hiri totxoak, jende gehiegi bizi baita bertan pilatuta. Egiari zor, Gasteizen bai bizi izan nintzen denboraldi batez, Oñatira etorri aurretik, baina ezin esan Gasteiz hiri handia denik, ezta?
80ko hamarkadan, zer ekarri zion La Polla-ri herritxo bateko punk talde bat izateak, herri handiago eta hiri dekadentetatik zetozen taldeen aurrean?
Gainerako taldeentzat gu susmagarriak ginen hasieran. Gu ez ginen joaten punk uniformatuta. Ni, tira, onargarria izan nintekeen. Baina Txarly-ren taixoa, berak egindako arropa haiekin… Edo Sume, Opakua mendatea baino sudur okerragoarekin, praka zikin eta arku itxurako zango haiekin… Ez ginen tokira heldu eta berehala nabarmentzen den talde horietakoa. Txarly bere piurekin eta ni neure aho zabalagatik ginen atentzioa zertxobait ematen genuenak, baina beste hirurak, ez baleude bezala. Eta ongi egin zuten, hor mantendu baitziren ezaguna izatearen tontakeria guztiak saihestuz.
Eta Agurainen nola ikusten zintuzteten?
Herrian arraro-kuadrilla ginen gu, eta bazegoen egunero halako tentsio moduko bat atsoekin, bestelako gazteriarekin, eta herriko beste sektore batzuekin. 1984an, esate baterako, prozesio ateo aitzindaria antolatu genuen herrian. Egin egunkarian iragarri genuen eta, ezustean, Gasteiztik ere jende mordo bat etorri zen Aguraina. Egun hartan, herritar batzuek keinuak egiten zizkiguten, “bai, bai… ikusiko duzue hauek guztiak joaten direnean, koldar halakoak! Zeuek bakarrik ez zinatekete halakorik egiten ausartuko!” esanaz bezala. [Barreak].
Damutu al zaizu inoiz bizitzan beste bide bat hartu ez izana?
Ez, ez… ezta gutxiagorik ere! Garajeko lana utzi egin nuen taldea sortu genuen urte berean. Ea zoratuta nengoen esan zidaten, ez neukalako langabeziako dirulaguntzarik, ez eta finikito edo antzekorik ere. “Ni zoratuta? Zoratuta zeuek zaudete hemen gelditzeagatik!“, erantzun nien, eta alde egin nuen. Gaur egun esanda, oso polita gelditzen da, baina beraiek arrazoia zeukatela uste dut orain. Gainera, etxean ere sekulako liskarra izan nuen gurasoekin erabaki haren erruz. Hala ere, zorte handia izan dut bizitzan, ibilbide osoan ibili bainaiz erdi-lebitatzen bezala, gauzak inoiz serioegi pentsatu gabe.
«1984AN, PROZESIO ATEO AITZINDARIA EGIN GENUEN GURE HERRIAN, ASKOREN HASERRERAKO»
Zer gogoratzen duzu 80ko hamarkadako Debagoiena hartaz?
Beti egoten zela kaña itzela… Sentitzen dut oñatiarrengatik, baina Arrasate eta Bergara ziren bereziki indartsuak. Arrasaten beti egoten zen sekulako mamboa, eta zer esanik ez Bergaran. Jende asko ezagutu genuen eskualde honetan, eta bertako taldeetatik, RIP arrasatearrekin izan genuen harreman estuena.
Zuek hasi zinetenean, 1979an, Francoren gorpua epel zegoen oraindik. 40 urteren ondoren, diktadorearen gorpua tokiz aldatu bai, baina haren jarraitzaileak ere lur azpitik ateratzen direla dirudi…
Beti egon dira hor, ez da gauza berria. Begiratu, bestela, Iberiar penintsulan noiztik masakratu izan duten aurrerapenak egin nahi izan dituen oro… Jendearen genetikan sustraitzen da hori, eta, tamalez, jende gehiena fatxa dela esan behar dut. Tristea da hori onartu behar izatea, beti pentsatu izan baitugu ezkerreko gehiengo sozial bat lortuko genuela eta honi guztiari buelta ematea posible izango zela, baina, bai zera! Gehiengoak nahiago du bere kaiolan beldurtuta baina lasai egon, eta bere esklabo bizitza ahalik eta erosoen bizi. Hori bai, auto hobearekin, aisialdigailu ederrekin eta mega eta giga mordoekin!
Esaten dituzunak entzunda, Salve (1984) edo Revolución (1985) diskoak gaur egun argitaratu izan balira, gaurkotasun osoa izango lukete…
Gaurkotasuna bai, baina inork ez lieke garrantzirik emango. Jendea ez litzateke orduan bezala kontzertuetara joango, egoera erabat bestelakoa baita. Garai hartan, beharrezkoak ziren osagaiek topo egin zuten, eta une hartan eta han gertatu zen gertatu beharrekoa: Francoren heriotza eta ustezko askatasuna, punkaren eztanda, drogen iritsiera masiboa –iraultza egiteaz ahaztu gintezen–…
«JENDEAK NAHIAGO DU BERE KAIOLA EROSOAN ESKLABOAK BEZALA BIZI IZATEN JARRAITU»
Egoera hau aldatu ahal dela pentsatzea inozokeria al da?
Ez, ez da inozokeria. Behar-beharrezkoa eta presazkoa da, inondik ere. Baina urratsez urrats joan behar dugu, haiek kolpe bakarrarekin kentzen baitigute inpultsoa hartzeko behar dugun espazioa. Guztia dago oso nahasia, eta guztia da oso transbertsala. Hots, egiten duzuna egiten duzula, beti izango da negozioaren mesedetan, berdin dio egiten duzun hori sistemaren aldekoa edo aurkakoa izan.
Esan daiteke era horretako egoeren aurka sortu zela punka, hain zuzen ere.
Bai; kaka hori guztia agertzen hasi zenean egin zuen eztanda punkak. Izan ere, urte haietan Ronald Reagan-ek eta Margareth Thatcher-ek esaten zituztenak benetan ikaragarriak ziren! Gaurtik begiratuta, ordea, haiena ezereza zen oraingoarekin alderatuta. Punka edo beste edozein kultur adierazpide behar-beharrezkoak dira, beraz, gaur egun ere.
Zer musika entzuten duzu orain?
Nik nire betiko punk rock taldeak entzuten jarraitzen dut… Beno, bai eta haurrentzako euskal musika asko ere, daukadan karguaren ondorioz. Gainera, gauza bat esango dizut: gure belaunaldikook bakarrik daukagu arrazoia, historiako musika onena gure gaztarokoa izan zela esatean. Gainerako guztiek gezurra diote! Gu gazteak ginenean sortu zen musika beste guztiak baino hobea izan zen. Gerora, egin izan da kalitate bereko musika, baina inola ere ez hobea.
Gustuko dituzun talde horien guztien artean bat bakarra aukeratu beharko bazenu, zein litzateke?
Demontre! Ez dut inoiz pentsatu… Orain, une honetan, talde bakarra aukeratu beharko banu, Sex Pistols edo RIP lirateke… Baina etxean alfabetikoki errepaso bat eginez gero, z hizkira heldu orduko, dezente luzeagoa litzateke zerrenda, seguru.
Zein izango da zure bizitzan gehien entzun duzun diskoa?
Sex Pistols-en Never mind the bollocks, seguru asko.
Noiz erabaki zenuen abestiei hitzak jartzetik liburu bat idaztera dagoen jauzi literarioa egitea?
Jadanik Oñatin bizi nintzela, txorrada pila bat idazten hasi nintzen; haietako asko Guria tabernako ezpainzapietan idazten nituen, pentsa. Egun batean, Donostiako hotel batera joan nintzen elkartasun ekitaldi batera, eta argitaletxeko bati galdetu nion ea egia esango zidan testu batzuk eman eta haiei buruzko iritzia eskatuko banio. Nik zintzotasuna bakarrik eskatu nion, ea ongi zegoen, edo kaka bat zen esatea, besterik ez. Eta garbi dago gezurra esan zidala. Por los hijos lo que sea (2001) argitaratu zuten, eta, asko saldu bazen ere, askoz politagoa legoke marrazki polit batzuk izango balitu…
Ondoren, generoa erabat aldatuz, Cuatro estaciones hacia la locura eta Cuatro estaciones en la locura (2014 eta 2016) argitaratu zenituen, zure barne unibertso ezezaguna azaleratuz…
Jada Oñatin bizi nintzela, nire ibilalditxoetan, runak botatzen nituen han-hemenka; eta, inolako asmorik gabe, ikusten nuena apuntatzen hasi nintzen, eta eguneroko baten itxurako zerbait egitea otu zitzaidan. Ostera haietan sortu ziren, beraz, bi liburu horiek. Ni oso gustura gelditu nintzen emaitzarekin, baina jende asko erabat harritu zen Evaristok halako gauzak idazteaz. Izan ere, gehienek espero zituzten suak eta garrak nire testuetan, baina inola ere ez poeta inozo antzeko batekin topo egitea. Edonola ere, nik aurpegia ematen dut liburu horiengatik.
Azkenik, ¡Qué dura es la vida del artista! (2018) kaleratu zenuen, kasu honetan La Polla Records-en ibilbide luzeko anekdota sorta.
Azken hau idaztea dezente kostatu zitzaidan, hitz egiten dudan bezala idatzi nahi nuelako. Urte eta piku ibili nintzen testuei jira eta bira, eta, Gatillazo-rekin biran genbiltzala, hipnotizatuta eramaten nituen taldekideak furgonetan, isil-isilik, testuak irakurtzen nizkien bitartean. Haiei oso interesgarriak iruditzen zitzaizkien, baina, niretzako, handiuste kutsua zeukaten… Azkenean, lortu nuen testuak patalallana samar uztea; hots, a la remanguillé uztea… Ea nola itzultzen duzun hori! [Barreak] Esan nahi dudana da, testuak nik hitz egiten dudan moduan uztea lortu nuela buelta asko eman ondoren…
Zein generotan sentitu zara erosoen?
Erosoen, taldearen anekdotak idazten sentitu naiz; baina gauza hobeak idatzi nahiko nituzke. Badauzkat hainbat ideia apuntatuta, ea haietakoren bat ateratzen den… Gainera, neu bezalako beste agure batek idatzitako gauza bat irakurri dut berriki, eta ikaragarri animatu nau gizonak. Hark dioenez, gizakia 60 urtetik aurrera hasten omen da barruan gordeta daukan onena ematen. Aupa hi!
Tira, azkeneko gauzaren bat esateko gogoz gelditu bazara, oraintxe duzu aukera…
Ba, bai, gauzatxo bat esateko gogo handiz gelditu naiz. Mezu bat helarazi nahiko nieke Debagoieneko udal guztiei: jakizue badagoela programa bat kaleko katuak harrapatu eta antzutzea helburu duena. Antzutu ondoren, marka bat jartzen zaie belarrian antzuak direla adierazteko, eta bai, belarri zati bat kentzea putakeria handi bat izanda ere, beraien bizi kalitatea hobetzea da azken helburua, mugarik gabe birsortu ez daitezen eta daramaten bizitza penagarria gehiago okertu ez dadin. Gastatu ezazue, beraz, eurotxo bat horretan, eta guztiok aterako gara irabazten. Horixe zen esan nahi nuena…
«HAINBAT POLIZIAK ESKATU DIZKIDATE ARGAZKIAK»
Evaristoren abestietan beti egon da presente polizia, eta ez oso era maitekorrean, jakina denez. Hala ere, arazoak ez dizkiote diskoetan batutako hitzek ekarri.
Azkenean, jota baten erruz atxiki zintuen Guardia Zibilak 2018ko maiatzean, Jerezen, kontzertua amaitu bezain pronto…
Bai, hala izan zen. Gau hura kartzelan pasako nuela pentsatu nuen, baina, azkenean, mehatxu-ohar moduko batean gelditu zen guztia. Jakin izan bagenu, kontu gehiagorekin ibili izango ginatekeen adjektiboak aukeratzerakoan. Baina, azken finean, poliziaren aurkako jota bat besterik ez zen, betidanik abestu izan ditudan horietakoa… Gainera, ez zen hain larria ere izan. “Putakume” besterik ez zitzaien deitzen jota hartan!.
«KONTATZEN DUGUNA BAINO BELDUR ASKOZ GEHIAGO PASATAKOAK GARA ‘PIKOLETOEN’ KONTROLETAN»
Gertatu al zaizu beste halakorik 40 urte hauetan?
Justu halakorik ez, baina garai zaharretan oso ohikoa izaten zen terrorismoaren aurkako errepideko kontrol ikaragarri haietan gelditzea, kontzertuetara bidean, edo bueltan. Makarra batzuk ikusten zituzten furgonetaren barruan, eta beraien buruak drogaz hornitzeko eta gu umiliatzeko baliatzen zituzten pikoletoek kontrol haiek. Benetan beldurra ematen zutela gu bezain drogatuta –edo gehiago– zihoazen uniformedun haiek; beren onetik irtenda eta eskopetekin! Oso putasemeak ziren, erabat harroputzak, eta kontatzen duguna baino dezente beldur gehiago pasatakoak gara.
Poliziarekin harreman tentso samarra izan duzu zure ibilbidean?
Orokorrean, bai, argi dago. Baina, bestalde, aitortu behar dut, ertzainekin ezik, gainerako polizia guztiekin atera ditudala argazkiak dagoeneko: autonomikoak, nazionalak, nazioartekoak, udaltzainak, polizia argentinarra, seguratak… Eskatu egiten didate, zer egingo dut, ba! Guardia zibil batek berarekin argazkia ateratzeko eskatu zidan lehen aldia, adibidez, oso ondo gogoratzen dut. Noaingo aireportuan izan zen, La Polla-rekin Ameriketara gindoazen batean.
Nola izan zen, ba?
Pikoletoak gu agertzen ginen aldizkari bat zeukan eta nire atzetik zebilen aireportuan; eta ni harengandik ihesi. Azkenean, Sumek eta Fernanditok, nigana hurbilduz, zera esan zidaten: “Evaristo, guztiok daramagu materiala gainean, eta pikoleto hori da, hain zuzen ere, hegazkinera sartu aurretik gauzak miatuko dizkiguna. Beraz, atera argazkia behingoz!”. Argazkia atera genuen, eta lasai asko pasatu genituen ondoren kontrol guztiak, bai guk, eta bai gure materialek! Nazioarteko nire ospeari ez diote mesede handirik egiten horrelako istorioek, baina tira… [Barreak].
Evaristo Paramos Evaristo Paramos Evaristo Paramos Evaristo Paramos