Carles Puigdemont: M´explico

Carles Puigdemont: M´explico –

Esango nuke Espainiako botere faktikoen arantza mingarrienetako bat Puigdemontek jarraitzen duela izaten. Zenbat egun eta une larri iraganarazi zizkien Rajoy, Saenz de Santamaria, Felipe VI.a eta enparauei, 2017ko irailetik urrira bereziki, alde bakarreko independentzia deklarazioa egingo zuela bai baitzirudien (deklarazio-itxura ere egin zuen, berehala eteteko!), hots, Espainiaren batasun sakrosantua ia-ia haustera heldu zenez gero. Urte mordo baterako espetxean kaiolatua nahi zutena Bruselan dabil, Europar Batasunaren hiriburu politiko-administratiboan, sinbolikoki Espainiari aditzera emanez ez dela demokrata, hautetsontzien bidez, bide demokratiko baketsuen bitartez Kataluniaren independentzia lortu nahi izan duena hango Justiziak aratz aurkitzen baitu, Espainiakoak ez bezala.

Carles Puigdemont: M´explicoHedabide espainolak bereziki, bere figura belzten saiatzen direnez, idatziz defendatzen da -iaz eman nizuen hark idatzitako liburutxo labur baten berri (Reflexions sobre el retorn a la unitat. Ikus: “Puigdemont: batu gaitezen berriz!” 2019-08-27)-, edota bilatzen ditu kazetariak prest daudenak hark egindako adierazpenak paperera eramateko, Xevi Xirgo kazetariak egin duen bezala M´explico (Plaza&Janes, 2020) liburuarekin (2016-2017ko gorabeherak biltzen ditu, eta laster 2018-2019koak ateratzekoa da).

Labur jokatu beharrean naizenez, izan zituen oztopoetan, eta Urkulluk-Ortuzarrek jokatutako bitartekari paperean zentratuko naiz.

2015eko irailaren 27ko hauteskunde autonomikoetara mezu independentista argiarekin joan ziren Kataluniako independentistak eta gehiengo garbia lortu zuten eserlekuetan: 135 eserlekuetatik Junts pel Sík (CDC, ERC, ANC, Omnium Cultural, AMI…) 62, CUPek 10; eta unionistek 62 (Podemosek 11 eta gainerakoek 52); eta botoetan, %48 kasik. Zerrendaburu Artur Mas joan zenez, hari zegokion Kataluniako herria estatu independente izateko bidean gidatzea, baina horretarako CUPen botoak behar zituztenez, eta haiek Masi betoa jarri ziotenez, Masek Puigdemonti proposatu zion lidergoa 2016ko urtarrilaren 9an, eta Puigdemontek onartu.

Masek ondo zekien nor zen Puigdemont: AMIren (Independentziaren aldeko Udalerrien Elkartea) burua, hots, independentista deklaratua eta kartsua, eta bere helburua ez zela karrera politikoa egitea, baizik eta Kataluniarentzat independentzia lortzea, eta liburua irakurrita, ikusten da Masek asmatu zuela Puigdemonti proposamena egitean.

Non egon dira oztopo nagusiak? Lehenik, dudarik gabe, Espainiako Gobernuan. 2017ko martxoaren 11n bilera sekretua izan zuten Rajok eta Puigdemontek Moncloan, Rajoyk gonbidaturik. Zer entzuteko Rajoyrengandik, espainiar botereen ordezkariarengandik? Itzulinguru aski luzeen ondotik, esan zion erreferendumari buruz ez zirela mintzatuko, eta eragotzi egingo zutela. Aurrez aurre esan nahi ziola. Ez zituztelako probokatuko, harroputz ez zirela arituko, baina erreferenduma galaraziko zutela. Ordurako bazekiten Puigdemont-eta serio zebiltzala, eta suntsitu nahi zuten prozesua errotik, errenditzea baino beste hautabiderik eman gabe: subjektu politiko bakar Espainia!

Pedro Sanchezek zer zioen? Konstituzioa erreformatu beharra zegoela, zeren espainiar guztiek eman behar zuten botoa. Betikoa! Puigdemontek esan zion onartzen zuela espainiar guztiek botoa ematea, baldin eta Kataluniako boto-emaileena lotesle bazen! Eta gainera, ez zutela astirik. Puigdemontek Sanchez iruzurti profesionaltzat jo izan du hedabideetan, ez liburu honetan, besteak beste, azkenean Felipe VI.aren diskurtso militar gogorraren alde jartzeagatik.

Eta Felipe VI.a erregea? Hasieran faltsu, errespetuz itxura baten, eta arazo politikoaz benetan mintzo gabe, harik eta 2017ko urriaren 3an, armadako buru gisa, bere jantzi militarrarekin, urriaren 1ean izandako karga polizialak txarretsi gabe, 155. artikuluaren aplikazioari bidea ireki zion arte, Espainiaren batasuna haustezin bihurtzea xede izaki, Kataluniarekiko elkarrizketa politikoari bidea militar moduan itxiz.

Bidelagun izan zituenetara etorriz, teorian oztopo ez baizik eta laguntzaile izan behar zituenetara, nola portatu zen presidenteorde Oriol Junqueras? Maiz, desleial, esaterako, Puigdemontek aurkeztutako aurrekontuei ezezkoa ematearen aldeko ziren CUPeko buruei aurrekontu luzatuekin ere gobernuak aurrera egin zezakeela aipatu zienean, edo Pedro Sanchez eta Saenz de Santamariarekin Puigdemonti ezer adierazi gabe elkartzeagatik. Liburuaren arabera, zintzo eta leial baino isilkor eta errezelotsu. Jakina, Junquerasen bertsioa falta da.

Bere alderdi PDeCATeko koordinatzaile Marta Pascalek ez zion asko lagundu nonbait, zama Puigdemonten gainera jaurtikitzen baitzuen, bere alderdia Puigdemontekin lerrokatzen saiatu ordez. Ibarretxe etorri zait burura (pena Ibarretxek kazetaririk ez izatea bere penak kontatzeko, edo gogorik berak zuzenean idazteko bere memoria politikoak).

Kataluniako Gobernuko kontseilariek gobernu bileretan aipatutakoak prentsari filtratzen zizkioten sarri-askotan 2017ko apiriletik aurrera, eta neurri gogorrak hartu beharrean gertatu zen presidentea, ebazpenak berak eta presidenteordeak sinatuko zituztela agintzeaz gainera, Espainiako gobernuaren errepresalien beldur baitziren kontseilari batzuk eta handik beheragoko funtzionarioak eta. Filtrazioen errudun Santi Vila jotzen zuten gainerako kontseilariek, huraxe baitzen independentista garbia ez zen bakarra kontseilarien artean, baina Puigdemontek laguna zuen lehendik eta leialtzat zeukan, eta uzten zion egiten. Desadostasunak eta presioak eta Madrileko Gobernuaren errepresio judizialengatik eta, bakarrik uzten zuten presidentea, ERCeko kontseilariek ez ezik bere alderdikoek edo bere konfiantzazkoek.

Eta Urkulluk eta Ortuzarrek zer paper jokatu zuten? Urkulluk oraindik orain adierazi du dokumentazio osoa non utzi duen, jokatutako paperaz harro dagoen seinale. Iruzkintzen ari naizen liburu honetan ere haren idatzi asko dago jasoa. Asko ahalegindu zen dudarik gabe. Oso kontuan hartzen zuen Puigdemontek haren esana, baina une erabakigarrietan, Urkulluk ezin zion lagundu Rajoik eta Espainiako botereek bitartekari guztien ahaleginak zapuztu eta inposizio bortitzez jokatzea erabaki baitzuten, 155. artikulua aplikatuz, eta katalanei subjektu politiko izaera ukatuz. Rajoyk Urkulluri eta Ortuzarri bitartekaritza onartu zien bazekielako independentziari uko egitea eta hauteskunde autonomikoetara deitzea galdegingo ziotela Puigdemonti, hots, errenditzeko momentuz, eta katalan erakunde autonomikoak atxikitzeko.

Guardia zibilak atxilotzeko zelatan zebilzkiola, katalanen presidenteak autoan ihes egin zuen Bruselara. Erbestean eratu nahi zuen Kataluniako gobernu legitimoa. Europak ez zion asko lagundu prozesaren buruan: Flandriako presidenteak, ALEk (Europako Aliantza Askea) eta beste salbuespen gutxi batzuk gorabehera. ERCk beste bide bat hartu zuen. 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren ondoko porrota gainditu gabe dago oraindik Katalunian, ANCko egungo buru Elisenda Paluziek dioen bezala (Berria, 2020-07-28), baina katalanak ez daude erakunde autonomikoen kudeaketarekin etsitzeko prest ere, pandemia gorabehera.

Carles Puigdemont: M´explico Carles Puigdemont: M´explico

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

9 pentsamendu “Carles Puigdemont: M´explico”-ri buruz

  • Interesgarria artikulua! … nahiz eztabaidarria une askotan.
    Pakoren lanak biziki argiak dira gehienetan, bai ideien aldetik bai eta ere euskararen erabileraren aldetik
    Oraikoaren hastapena ezin da ulertu ez bada espainieraz pentsatzen eta zuzenean itzultzen (gaizki itzultzen!)

    “Esango nuke Espainiako botere faktikoen arantza mingarrienetako bat Puigdemontek jarraitzen duela izaten.”

    Jarraitu aditzaren erabilera ez da batere euskara klasikoarena eta lapurtar, baxenabartar eta zuberotarrentzat ezin ulertuzkoa, non ez duten espainieran ezagutza aski handia.

  • Nik uste Beñat Castorenek eta ulertuko dutela. Euskaltzaindiaren hiztegiko bosgarren adiera eta moldean sartzen delakoan nago. Badago deskuidu bat, Desadostasunak eta presioak… Esaldian, “Desadostasun eta presio eta errepresalia judizialengatik eta”. Rajoy, batzuetan Rajo, beste batzuetan Rajoi…

  • Bai arrazoin duzu Pako Beñat Castorenek eta beste batzuek ere ulkertuko lukete esaldia, baina ez da betere dudarik horrelako zerbait ulergarriagoa dela: Esango nuke oraindik ere Puigdemont dela Espainiako botere faktikoen arantza mingarrienetako bat. Baina ez da dudarik ez dagokidala eni zure partez idaztea. Baina jakin behar da ez dela hain aspaldi espainierazko continuar = seguir bilakatu dela euskarazko jarraitu. Irakur ezazue Herria astekaria eta segidan ohartuko zarete jarraitu Hegoaldean continuar zentzuan erabiltzen baldin bada ere (eta ere jatorrizko zentzuan), Lapurdi, Baxenabarre et Zuberotarren izkiriotan jatorrizko zentzuan erabiltzen dela gehien bat. Horri gehitzen badiozu jarraitu Hegoaldean beti ergatiborekin erabiltzen dela, ardura Iparraldekoek ezin dute konprenitu «Lolik zinegotzi izaten jarraitzen du» erranmoldea. Naturalki erranen dute: orai ere Loli zinegotzia da.
    Laburki errateko hegotiarrek kasu egin behar dute, euskararen erabileran, ipartar gehiengoak ez baitu espainiera ezagutzen “anka sartu” horientzat ez da ulergarria; frantsesez espainierazko “meter la pata” “se tromper” erraten da (edo beste anitz gisetara) baina ez du zer ikusirik ez zango eta ez sartu hitzekin. Gisa berean frantses erramoldea “vider les lieux”, iparreko batzuek “lekuak hustu” gisan ematen dutena, eta izkiriatzen ere, ez da ulergarria beste aldekoentzat.
    Berdin da Euskaltzaindiak zer dioen gauza horietaz eta “Euskaltzaindiaren hiztegiko bosgarren adiera eta moldean” egon ala ez. Nahi badugu euskara nazionala izatea beharko genuke egin ahalak egin kalkorik ez erabiltzeko, alde bateko eta besteko kalkoak ez baitira ia sekulan bat etortzen.
    Horiek erran-eta nahi dut gehitu Pakoren ekarpenak, oro har, arrunt positiboak direla askorentzat eta hein batean ere eredugarriak: “bestea”, edozein izanik ere, errespetatzen badaki eta hori gaur egun dohain arraroa da.

  • Benat Castorene 2020-07-30 22:05

    Lasai hemen ere “jarraitu” ulertzen dugu “jarraiki” gehiago erabili arren.”
    Lehen esaldi hori orokorrean ulertu nuen “faktiko” izenlaguna izan ezik ez baitut sekula aditzen aldi honetan. Uste dut ulertu dutala Harluxet hiztegiari esker.
    Egia da Joxemielen bertsioa ulergarriagoa dela.
    Izan ere sinplifikatzen du “jarraitzen”aditza kenduz du eta haren ordez “oraindik ere” jarriz iraupenaren ideia atxikitzeko, bainan guziz hitzen ordrea aldatzen du eta funtsean horregatik da ulergarriagoa.
    Bainan guti falta zaio Patxiren esaldiari ere ulergarriagoa izaiteko eta hitz berberekin.:
    “Esango nuke Puygdemontek jarraitzen duela izaten Espainiako botere faktikoen arantza mingarrienetako bat”
    Nik uste aski da hitzen ordrea aldatzea.

  • Batzuetan esaldiak bihurritzea gustatzen zait, esaldiaren zati bat nabarmendu nahian. Segur aski ez dut asmatu. Baina, aizue, esaldi bat. Bestera bideratu nahi nuke arreta, axola handiagokoa delakoan. 700 orrialdeko liburua da. Kostatu zait zer jaso eta zer kendu erabakitzea. Besteak beste, ezinbestean artikulutik kanpo gelditu behar izan duten puntu hauek eman didate atentzioa:

    1. Gironako alkate zela, Pilareko Andre Mariaren egunean, hots, espainiarren egun nazionalean, guardia zibilen kuartelera joan ohi zen Puigdemont, eta hori kritikatzen ziotenei esaten zien mundua ez dela kolore batekoa, eta ez dela gutarren eta bestetarren artean banatu behar. Eta hori, gaztetan izan zuela tirabirarik guardia zibilekin katalanez mintzatzeagatik. Gironako guardia zibilen kuartelean ongi hartzen zuten, eta gainera batzuek aitortzen zioten berari ematen ziotela botoa. 2017ko urriaren 1eko errepresioaren ondotik, sentimendu berbera ote du guardia zibilen alderako?

    2. Urkullu eta Ortuzarri buruz idatzita agertzen direnak.

    2017ko urriaren 5ean, Urkulluk Rajoy eta Urkulluri proposamen bateratu bat egin zien tren talka saihesteko. Hona hemen Puigdemonten proposamen horrekiko inpresioa kazetariak jaso bezala: “Puigdemontek ez du esperantza handirik bide horretan: <>, pentsatzen du. Baina egoera konponbidean jartzeko lehen proposamen serioa da eta aprobetxatu beharra dago”.

    2017ko urriaren 8an, Ortuzarrek esan zion Puigdemonti independentzia esplizituki baztertzen bazuen, Rajoyk bidea irekiko ziola elkarrizketari, Europatik Rajoy asko presionatzen zutelako. Horren aurrean, hauxe ateratzen zaio barru-barrutik Puigdemonti: “Ulertzen dut PNVk oso borondate ona jarri duela eta akordioetara heltzeko gogoa duela. Baina ez didate esan abiadura moteltzeko, baizik eta errenditzeko, eta hori ezin dugu egin”.

    2017ko urriaren 11n, Rajoyk 155. artikuluaren aplikazioa iragarritakoan:
    “Zer gertatu da? -galdetzen du bere artean-: <>
    Guztiz abandonatua sentitu zen, engainatua, zanpatua. Hortik etorri zen alde bakarreko independentzia deklaratzea, eta zortzi segundora etetea, nahiz eta Generalitatearen inguruan jendetza independentista zegoen, xanpainarekin independentzia ospatzeko zain!

  • Benat Castorene 2020-07-31 09:34

    Esaldi bakar bat da, nik akats askoz gehiago egin ditut ene itzulpenean.
    Gainera egia duzu “arantza mingarrienetako bat” ideia azpimarratzeko horrelako zerbait asmatu behar zela.
    Garrantzia duenera bueltatuz nabari da Puygdemonti larriki faltatu zitzaiola elkartasun keinu bat Euskal Herriaren aldetik.
    Aurretik izan ote zen gutienezko elkarrizketa bi autonomietako politikarien artean?

  • Harreman usua beti egon da katalan eta euskaldunen artean. Sabino Aranak eta Prat de la Ribak oso ezberdin pentsatzen zuten. Espainiako II. Errepublikaren garaian, Telesforo Monzon, esaterako, Cambórekin baino hobeto ERCrekin moldatu zen, Frances Macia, Lluis Companys…Ardantzaren garaian, Pujolekin ongi; berriki EA ERCrekin konpondu izan da, eta orain EHBildu ERCrekin bereziki. Urkullu ez da independentista, ez da estatuarekin konfrontazio demokratikoa izatearen aldeko, eta Puigdemont bai.

  • Sergi Sol kazetariak Oriol Junquerasi buruz idatzitako liburua irakurri berri dut (Oriol Junqueras: Fins que siguem lliures. Ara. 2018) Oso liburu ezberdina da. Hasteko, luzerari dagokionez, 200 orrialde eskas ditu, eta Puigdemontenak 700. 2017ko urriaren 1eko erreferendumean amaitu zen prozesuaz, askoz informazio gutxiago ematen du. Horrekin ez dut esan nahi ez dela interesgarria: merezi du irakurtzea.
    Puigdemont eta Junquerasen arteko harremanaz dio konplexua dela. Bien artean konfiantza pertsonala lortzeko euren emazteekin batera egin zituzten bi otorduak aipatzen ditu; bata Puigdemonten etxean eta bestea Puigdemonten lagun baten etxean. Baina bi otordu horietan ez zen helburua lortu: elkarren arteko konfiantza ehuntzea. Bakoitzak jarraitu zuen bere kontseilariekin.
    Zergatik elkar ezin aditu hori? Oso izaera ezberdinak dituztela aipatzen du, hasteko. Mas eta Puigdemont presidente gisa antipodetan zeudela. Masek dena kontrolpean izan ohi zuen eta Puigdemontek askatasun handia ematen zien kontseilariei, esanez bezala, haren lehentasuna erreferenduma prestatzea zen, eta ez Generalitatearen eguneroko martxa. Junquerasentzat, aldiz, Ekonomia eta Ogasunaren kontseilaritza garrantzitsua zen, eta lehendakariordetza ere bai.
    Bigarrenik, desberdintasun ideologikoak eta tradizio politiko ezberdinak aipatzen ditu. Puigdemontek betidanik CDC alderdian egin du bere karrera politikoa, eta Junqueras, aldiz, 2011 arte idependentea izan zen, eta hortaz, eskarmentu gutxiagokoa alderdi politikoen funtzionamenduan.
    Hirugarrenik, baina garrantzi handikoa, Espainiako estatuaren presio itogarria.
    Beste leku batean dio kazetariak Junqueras taldekoiagoa dela, eta Puigdemont otso bakartiagoa.
    Puigdemonten gaineko liburuak egin zidan inpresioak bere horretantsu jarraitzen du Junquerasen gainekoa irakurri ondoan ere.

  • Zergatik merezi du irakurtzea Oriol Junquerasen gaineko liburuak?
    1. Puigdemonten eta gogaideen iritziz, independentziaren aldeko boto gehiago lortzeko zerrenda bateratuak dira beharrezko: independentistak alderdietan banatzea eta alderdien arteko ika-miketan indarrak galtzea kaltegarria da. Aldiz, Junquerarentzat (ERCrentzat), banaturik joanda, boto gehiago lortzen dira independentismoarentzat. Katalan hizkuntza eta katalan identitatea gehiegi estimatzen edo partekatzen edo bizi ez dituzten talde handi samar bat badago ezkerra (ERC) eskuinarekin joanez gero (JuntsXCat), Kataluniako Podemos-era joaten dena, eta bestela ez.
    Dena den, arazorik handiena alde handiz, Espainiako estatu autoritarioa da, autodeterminazio eskubiderik onartzen ez duena, ez Katalunian eta ez Euskal Herrian.
    2. Interesgarriak dira halaber, katalan eta espainiar identitateari buruz liburuan egiten diren hausnarketak (129-138). Gabriel Rufiani tarte handi samarra egiten zaio. Ez dago euskaldunontzat gauza berri(egi)rik, baina beti da jakingarria.