Euskararen erabileraren azterketa egin du Bagerak Zinemaldian
Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak euskararen erabileraren neurketa egin du aurten ere Donostia Zinemaldiaren esparruan. Ehunekoan gora egin badu ere, euskararen erabilerak oso urria izaten jarraitzen duela ondorioztatu dute.
“Donostiako Zinemaldiak, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren diru laguntza jasotzen du. EAEn euskara hizkuntza ofiziala denez, Donostiako Udal Ordenantzek hala jasota, euskarak, gutxienez, gazteleraren trataera berdina izan beharko luke. Baina hori ez da horrela datuek adierazten duten moduan”, azaldu dute argitaratutako txostenean. Izan ere, Donostia Zinemaldiak erabiliak diren “hamarnaka hizkuntzetatik beste bat” da euskara elkartearen usteetan.
Datuek hala baieztatzen dute: 2019ko neurketan jasotakoaren arabera, 39 filmetan izan zuen presentzia euskarak; 2020an, aldiz, 37 film izan dira euskaraz ikusi ahal izan direnak. Orokorrean hartuta, baina, iazko Zinemaldiarekin alderatuta euskararen erabilerak gora egin du 8 puntutan (%19,70etik %28,24ra) portzentajeari dagokionez. 131 filmetatik 37 filmetan izan du euskarak presentzia, eta 490 emanaldietatik 86 emanalditan (iazko datuekin alderatuta %12,28tik %18,16ra) entzun ahal izan da.
Halaber, azpimarratu dute euskaraz ekoiztutako edo azpidatzitako filmak oraindik ere ez direla sail guztietara zabaldu, eta euskararen presentziak “oso urria” izaten jarraitzen duela. Oro har, egoerak hobera egin badu ere, elkartearen ustez gutxiengoa da oraindik euskararen erabilera.
Sailez sail eta emanaldiz emanaldi aztertu dute hizkuntza erabilera, eta grafiko eta taula desberdinen bidez aletu dituzte jasotako datuak. Hemen ikusi ditzakezue.
Euskararen erabilerak txikia jarraitzen duela erakutsi du BAGERAren azterketak, eta hori dela eta, esfortzu berezia eskatu diete instituzioei filmak euskaraz azpidatzi daitezela bermatu dezaten: “Ikus entzunezkoak ere badira hizkuntza normalizatzeko tresna baliagarria”.