Euskararen Egoniaren Adierazleak

Euskararen Egoniaren Adierazleak –

Euskal herritarrek liburuak eta musika kontsumitzeko dituzten ohiturei buruzko azterlana egin du Elkar Fundazioak, Siadecoren bitartez.

Ez bila horren antzeko azterketarik guztion diruetatik ordaintzen den Euskararen Adierazle Sisteman (EAS). Ez da ageri. Ageri EZ den bezala euskarazko prentsaren, komikien, telebistaren, irratien, bideojokoen eta abar eta abarren gaineko azterketarik. Are gutxiago itotzen gaituzten erdarekin alderatuta, noski. Zertarako inor kezkarazi? Poziktibity!

Euskararen Egoniaren AdierazleakHerri-diruak kudeatzen dituen Jaurlaritzak EZ, baizik eta, aipatu legez Elkar-Siadecok argitaratutako datuak, oso kezkagarriak (ui, barka!) dira.Euskal Herri osoan (“euskararen lurraldeetan”, euskara politikoki “zuzenean”) egin da ikerketa, 2.500 inkestaren bidez. 16 urtez gorako euskalerritarrak hartu dituzte aintzat.

Euskalerritar euskaldunen %20k besterik ez dute euskarazko prentsa irakurtzen. %60k erdal prentsa kontsumitzen dute. %19k, ez bata eta ez bestea. Bestela esanda, euskalerritar guztien %6k baino EZ du aipatu euskarazko hedabideren bat!

Euskaldunon %50ek EZ du euskarazko telebistarik BATERE ikusten. Zero, erran nahi baita. Izan ere, ETB1en kontsumoak ez du ikusleriaren %2a gainditzea lortzen aspaldiko urteotan.

Euskaldunon %70ek EZ du euskarazko diskarik erosten.

Euskaldunon %77k EZ du euskarazko libururik irakurtzen, baina %54k erdaraz irakurtzeko ohitura dauka. Prentsarekin gertatu bezala, euskalerritar guztien %6k baino ez dituzte euskarazko liburuak (ere) kontsumitzen.

Euskarazko produktuen kontsumo urriaren “errua” EZ da herritar euskaldunena baina.
Euskaraz kontsumitzen dutenak euskaltzale militanteak dira, oro har (ikasketei lotutako kontsumoaz aparte).

Euskarazko eskaintza, erdarazkoa baino askoz urriagoa da. Konparaezina ia. Elkarren beraren dendetan nabari da hori. Zer esanik ez, “euskal” liburudenda ez direnetan.

Josemari Sors (Elkar): «Agerian geratu da euskararen gutxitasun egoera».

Beste azterketa bati ekiteko eskatuko nioke Elkarri (Jaurlaritzari eskatzea alferrikoa dirudi eta): alderatu ditzala euskarazko eta erdarazko eskaintzak.

Horrek asko lagunduko luke datu trixte hauek azaltzen. Eta itxaropenerako lehioak irekiko lizkiguke.

Euskarazko eskaintza biderkatuko balitz, eta agintari abertzaleek benetan euskarazko produkzioaren aldeko apustua egingo balute, kontsumoa ere asko haziko bailitzateke ziurrenik. Euskarazko ekoizpenak egun baino askoz indar handiagoz ezagutzera eman eta sustatu beharko lirateke noski, kontsumo-ohiturak ez baitira beste barik aldatzen. Are gutxiago menpekotasun egoera latz batetik biatzen denaren alde.

Hizkuntz politika da gakoa. Borondate politikoa eta koherentzia, bestela esanda.

Autobonbo instituzional antzu gutxiago (EASen inguruan gertatu bezala), eta ekimen zintzo gehiago. Asko eta asko gehiago behar ditugu. Behingoz.

Euskararen Egoniaren Adierazleak

Oinezkoa

16 pentsamendu “Euskararen Egoniaren Adierazleak”-ri buruz

  • Euskararen egoera oso oso kritikoa da. Ni ikerketa honen emaitzetaz aspaldian jabetuta nengoen, bakarrik ikusita nire euskualdeko hizkuntza joerari erreparatuta:

    Nire herrian, hamar mila biztanle, elebidunak % 65; ba, euskarak gaztelerari bakarrik egiten dio itzala guraso eta beraien umeen arteko elkarrizketetan. Punto. Hori da dena.
    Gainerako interakzioak; heldua helduarekin, gaztea gaztearekin, lan mundua, informalak, telebista, interneta, irakurri… Euskaldunak espainolez jarduten dira gehienbat.
    Agian, salbuespena irratia da, nahikotxo entzuten da euskeraz.
    Baina euskeraren egoera ( eta euskaldunena ) oso oso patetikoa da, tristea, humilagarria.

    Askotan nahiago nuke euskalduna ez izatea, eta euskara desagertu izana 20. mendean, komunismoarekin, ETArekin… Gaelikoaren egoerara (museora) joatea baino.

    Ha! aparteko mentzioa merezi dute gure super euskal liburutegi publikoak; Gaztelar hizkuntzaren super tenpluak( euskerazko barniz batekin) Norbaitek ikusi nahi badu, hego euskal herriko antolakuntza boteredun ia ia guztiek, txikia zein handia, ze hizkuntza bultzatu, irradiatu, edo “inposatzen” duen, tokirik hoberena da.

    Barka txapagatik.

    Adio.

  • Ez da txapa, gure paisaiaren kronika baizik. Eskerrik asko.

  • euskaldun bat 2018-03-18 21:46

    Gauzak diren bezala azalduta. Kalean ikusten dena eta testu hau bat datoz, ez beste testu batzurekin bezala.

  • Baina nola nahi duzue euskaldunek BERRIA, ARGIA eta halakoak irakurtzea, ideologia bakarra eta baztertzailea izanik? Feminismoa, arrazakeria… eta beste hainbat politikoki zuzenak diren gaiak. Gainera, kriston txapa aspergarriak.

    Baina benetan interesa sortzen duenari buruz gai asko ez dute ikutzen. Informazio asko ezkutatzen eta zentsuratzen. Irakurleen iritziak ezabatzen.
    Horrela ezin.

    • Politikoki zuzenak ez diren gaiak lantzen duten euskarazko webguneak ere daude, nahiz eta egunkariak/aldizkariak ez izan.

      Sakatu nire erabiltzaile-izenean.

    • Nik ez dut Berria egiten, lagun…

    • galdera jaun edo andreari erantzunez: Nik ere oso gustura irakurruko nuke beste euskarazko egunkari bat, feminismoaren alde eta arrazakeriaren aurka hain garbi eta hain sarri lerratu gabekoa, kapitalismoarekin barkaberagoa ere bai akaso, zergatik ez, espainolistagoa ere bai behar izanez gero, edo ez beharbada, ez dakit, nahi duzun bezala. Esan nahi dut gustura irakurriko nukeela zuk nahiko zenukeena bezalako beste euskarazko egunkari bat… Are gehiago, baita zeuk seguru asko nahiko ez zenukeen bezalako beste bat ere, baina beste muturrekoa: euskarazko egunkari erregezale eta borboizale bat, adibidez, bi egunetik behin Felipe VI.a azalean erakutsiko eta laudatuko lukeen euskarazko egunkari bat… Baina kontuz! Horrelakorik ez baldin badago, errua ez da gaur egun dagoena egiten dutenena, horrelakoren bat kioskora ailegatzeko egin beharko luketenena baizik.

      • Fede txarrez egindako iruzkina zurea, “galdera”ren iritzia espainolismoarekin nahastuz.

        Dioena da euskarazko medioek hainbat gaietan ikuspuntu bat eta bakarra daukatela da, eztabaidari inolako lekurik utzi gabe. Abertzaletasunarekin zer ikusirik ez duten ideologietan oinarritutako ikuspegia gainera, askotan zientzia eta errealitatearekin kontraesanean. Hedabide hauek ikuspegi nazionala edukitzea naturalena da, estatuen mugen gainetik euskaraz bizi den komunitateari zuzentzen baitira, ipar zein hego. Baina gainerako gaietan iritzi aniztasuna izan beharko litzateke, denetan. Euskaldunok ideia ezberdinak baititugu, batzuek onartu ez arren. Bitartean beren matrakarekin jarraitzen dute, geroz eta arreta gutxiago jasoz eta beren laguntza eta harpidedun kanpainetan geroz eta jende gutxiago erakarriz.

        Pentsamendu bakarraren politika aldatu beharra dago, denon onerako

        • Mikelats, ezin hobeto azaldu duzu.

        • Juan Luis Zabala 2018-03-26 12:04

          Kaixo, Mikelats. Non nahastu dut nik “galderak” esandakoa espainolismoarekin? Nik esan dudana da gustura irakurriko nukeela “galderak” nahiko lukeen bezalako euskarazko egunkari bat, ez hain modu markatuan feminista eta antiarrazista. Horrekin lotu dut “galdera”, baina ez espainolismoarekin. Gero, nire argudioa indartzeko, esan dut (“galdera” aparte utzita) euskarazko egunkari espainolista bat ere gustura irakurriko nukeela (eta ez dakit “galderak” hori nahiko lukeen, ez dut halakorik esaten, eta berdin dio, ez dut inondik ere lotzen “galdera” esapainolismoarekin). Nik esan nahi dudana da bestelako euskal prentsa nahi duenak berak jakingo duela zergatik ez dagoen edo zergatik ez duen berak egiten. Eta hori batez ere diot kontuan hartuta zer ahalegin dagoen gaur egun dagoen euskal prentsaren atzean. Beraz, arrainak nahi dituena busti dadila, gainerako arrantzaleengana kexuka joan aurretik. Hori zen nire ideia. Eta, esan bezala, ez dut inon lotu “galdera” espainolismoarekin.

  • Dena dela, El correok edo Diario vascok arrakasta handia daukate euskaldunen nahiz bertoko erdaldunen artean, oso eskuineko hedabide oso españolak izan arren, gauzak zer diren!

  • Euskaltzaleak kezkaturik. Agonikoa, euskaldunon egoera. JJ Agirrek hala du ikusten. Hala dugu ikusten euskaltzale “lprofesionalak” ez garenok.
    Gaur berean galdetu diot Ikastola handi bateko 50 urteko irakasle konprometitu bati, ea bere ikastolan sumatzen duen guk hain agerian dakusgun agonia hau. Harritu da nire galderaz. Eta, jakina, inorengan ez duela sumatu kezka ttikiena ere; ezetz, ezetz, ez duela horrelakorik inoiz pentsatu.

  • Ez, ez duela kezkarik izan eta ez duela besteengan ere deus sumatu. “Profesionalak” lasai zeudek Agirre, gu gaituk, dirudenez, oker gabiltzanak.

  • “Profesional” asko bizi da bere txokoan, bere lana eginez, ustez hori baino ez dela bere egitekoa, eta ez duela zertan gehiago egin.
    Beste “profesional” askok ez dauka euskararekiko inongo lotura afektiborik. Bere klaseak, bere itzulpenak, are bere “normalizazio” lanak euskaraz egin, eta erdarara jotzen du lanorduak burutu bezain laster. Asko ikusten da hori ikastetxeetan edota unibertsitatean… baina baita euskaltegietan ere…
    Herritarrak desideologizatzeko eta “dena ondo doalako” pentsamendua hedatzeko lan “bikaina” egin da azken 10/15 urteetan PSEAJren eskutik, PPren babes tazitoarekin eta ezker abertzalearen despiste antologikoa lagun. Euskalgintzako eragile gehienak mutu edo lagun izan ditu diskurtso horreka gainera. Subentzio politikak kateatuta, nire ustez.

  • Horrela heldu gara degradazio egoera honetara.
    Jaurlaritzak ezkutatu egiten ditu zenbait datu (euskarazko produktuen kontsumoarten gainekoak, ETB1en ikusentzuleen bilakaerarenak, eta abar) lotsa gabe, eta ez du euskalgintza antolatutik oharrik ere jasotzen.
    Lau datu trixte eskaintzen dituen EAS (Euskararen Adierazle Sistema) iragartzen du ohiko prentsaurreko hanpatuaren bitartez, eta inortxok ere ez du ezer esaten (zer dagoen ikusteko lanik ere oso jende gutxik hartu duelako ziurrenik).
    Hagintetik zabaldu den mantra nagusietako bat da, euskara gazteek salbatuko dutela, eta hori “sinistuta” bizi da euskaltzale erdarapraktikante gehien-gehienak.
    Haginteak euskararen gaineko diskurtso gozotu eta neurri handi batean gezurrezkoa eraiki du, euskalgintzaren eta ezker abertzalearen baimenarekin, eta hortik euskaltzale asko eta askoren ezjakintasuna eta geldotasuna ere.