Euskarak (h)amorratzen nau
Zergatik idatzi behar da istorio hatxerik gabe eta historia hatxerekin? Zergatik da frantsesa TSrekin Frantzia TZrekin den bitartean? Zergatik da hala hatxerekin eta alabaina hatxerik gabe? Ez niri esan, gurea zoratzekoa da.
Kordoba Krekin da, baina Valentzia uVerekin. Telebista eta bideo Brekin dira mundu guztiaren kontrara. Zergatik idatzi behar da badaezpada dena loturik eta ZPrekin, ezpada ezin denean idatzi ez bada behar duela eta?…
Zenbat halako? Ez al zaizu zeuri ere gertatzen niri egunero nagusitzen zaidan eromen hau?
Beste hizkuntzetan ondo idazteko guk adina kasu egin behar izaten al diote tokian tokiko Akademiari?
Itxura batera euskarak erraza behar luke idazteko orduan, frantsesa, portugalera eta alemanaren aldean. To, hau ere! FrantseSA idatzi behar ei da, baina portugaLERA gero eta alemANA hirugarrenez… Hirutik hiru modu desberdin! Nork demoniok asmatuko du zuzen idazten? Batzuetan Amabirjina ere trabatuko litzateke euskararen sasietan.
Eta gero esanen dute euskaldunok filologoa daramagula barruan kiribilduta. Atsegin handiz botako nuke nik komuneko zuloan behera, aukerarik baneuka.
Beno beno, horrelako “inkoherentziak” eta gehiago hizkuntza guztietan daude, ez pentsa euskara berezia denik.
Artikuluan aipatzen direnen artetik, ingelesez:
– story/history
– French/France (ch/c)
– French/German
Batzuetan lotuta / besteetan bereizita agertzen diren hitzak asko dira.
– log in/login
Eta toponimoei dagokienez, hori bai dela mundu bat. Kordoba beste hizkuntza batzuetan:
– Portugesez: Córdova
– Katalanez: Còrdova
– Frantsesez: Cordoue
– Polonieraz: Kordoba edo Kordowa
Adibide horiek gorabehera, euskararen ortografia inguruko hizkuntzena baino dezente errazagoa dela iruditzen zait niri. Eta badu txistea kexa hori bere euskarazko izenari txikigarria gazteleraz eta abizena garay bateko grafiarekin idazten duen batengandik entzunda.
Ez da horrenbesterako, gizona
Ingelesez History eta Story ezberdintzen ditugu, eta I was born in France but I’m French. “Mundu guztia” ahotan hartzea arriskutsua izan ohi da, guk V-a B bihurtzen dugu tebista eta bideo-n, poloniarrek W: Telewizja eta Wideo… Ta badakizu nola esaten duten Italia? “Wlochy”. To!
Frantsesez, hizkuntza ezberdinak: l’espagnol, le basque, le polonais, l’allemand. Hara, lau modu ezberdin.
Nik uste arazoa filologoek dutela, friki hutsak dira, jejeje, hehehe, karkarkar, hahaha!
pd.: Andaluziakoa Kordoba da, Argentinakoa Cordoba (!!).
Entzun nahi Isabel San Sebastianek euskararen kontra esan duen azkena? Hemen dago: http://blogentrelineas.wordpress.com/2012/03/16/isabel-san-sebastian-el-euskera-solo-lo-entienden-los-separatistas-y-los-filoetarras/
– “Alabaina”-n ez baldin bada INOIZ hasperenik egon, zergatik erabaki behar zuten euskaltzainek hatxez idatzi behar zela? Euskal ondareko hitzetan, h-ak ez dira etimologikoak. Arrazoi horrexegatik, “ilargi”-k ez du hatxerik, baina hil/hilabetek bai. H-aren erabilera Ipar Euskal Herriko tradizio idatzian oinarritu da, nahiz tradizio hori aski nahasgarria ere izan. Alabaina mendekalekoa da, beraz…
ItaliaNO, alemáN, polACO, inglÉS, árabE, norueGO, chinO, sefardÍ,… Ez dakit konturatu zaren, baina gaztelaniaz terminazio askoz gehiago dago gentilizioetan, euskaraz baino: guk -es eta -(t/d)ar darabilzkigu gentilizioetan, eta -(i)era eta -es hizkuntzetan, eta araua ikastea nahiko erraza da.
Zergatik esaten da chino, eta ez chinés edo chiní? Hizkuntzaren tradizioak hala egintzen duelako. Euskaran, gauza bera.
Jakina, gaztelania hizkuntza hegemonikoa da, eta sukalde zuloraino sartua dugunez gero, bere xelebrekeria eta irregulartasunak oharkabean ikasten ditugu, ez zaizkigu hain estrabaganteak iruditzen.
Ortografiari dagokionez (hori beste gai bat da), egia da munduko toponimoetan euskaltzain jaunek erabaki bakoitza bere gisara hartu zutela, ongi ulertzen ez ditudan irizpideekin. Andaluziako Kordoba K-z, Argentinakoa C-z eta Puerto Rico C-z, Txina baina Chicago; Bartzelona euskal ahoskerara egokitua dago, baina Stockholm eta Eivissa ez…
Oraindik denbora eta gogoa duenarentzat, horren gainean gehiago jakin nahi izanez gero, hemen dago Euskaltzaindiaren 157. araua: http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0157.pdf
Akademia? Alemanak, italierak eta INGELESAK ez dute akademiarik; frantsesak eta espainierak bai.
Beste egunean aditz taulako nor kasua begiratu nuen eta gauza bat deigarria zela iruditu zitzaidan.
Ahaleran:
oraina alegiazkoa iragana
Hura daiteke liteke——–> zitekeen (L=>Z)
Haiek daitezke litezke——-> zitezkeen (L=>Z)
Hau da alegiazkotik iraganara dauden aldaketak (3. pertsonan) iraganako “en”-ren gehikuntza eta “L”-a “Z” bilakatzen dela dira.
Gauza bera ikus dezakegu ondorioko 3. pertsonako pluralean:
Haiek lirateke——-> ziratekeen L-> Z aldaketa eman da eta iraganeko “en” gehitu da.
Baina singularrean ez da hori gertatzen:
Hura litzateke——–> zatekeen hemen “lit” ezabatu egin da eta “en” gehitu da.
Beste kasuen logika erabiliz “zitzatekeen” sortzen da eta googlen “zitzatekeen” idatziz emaitzak agertzen dira.
Ni ez naiz eskualde euskaldun batean bizi eta zuei galderatxo bat egin nahi dizuet…
Hitz egiterakoan zuek zatekeen edo zitzatekeen erabiltzen duzue?
Seguru asko, “etorriko zen/ziren” esaten dugu euskaldunzaharron %90ek, eta euskara estandarrean hori erabat zuzena da. Testu zaindu batean, gerta liteke komeni izatea zatekeen/ziratekeen erabiltzea. Horri pragmatika esaten zaio.
Aditz tauletan ageri diren forma guzti-guztiak ez dira, nolabait esateko, praktikoak, baina hizkuntzaren baliabide bat baizik ez dira. Hor daude, behar izanez gero.
Aipatu dituzun ondoriozko aditz horiek noiz erabiltzen diren pentsatzen hasi, eta ia burua lehertu zait. Nire inguruko kaleko euskaran ez ditut entzun; igual beste nonbait erabiliko dira…
Amona, zuk esandakoaren arabera: “Jakina, gaztelania hizkuntza hegemonikoa da, eta sukalde zuloraino sartua dugunez gero…”
Gaztelania bakarrik?
Euskara batuak honako hitz hauek (erdarakadak) onartzen ditu (kultuak direlakoan-edo):
fite, xarmant, profitatu, trufatu, tronpatu edo erabat tokikoak diren, hesi, hetsi, hertsi (denak “itxi” esateko), “balaitu du”, “jolastu+izan”, eta zer, esanik ez, “Hondarribiak ziaboga HARTUA DU (Hara! Otografiarengatik ez balitz, Hondarribia, herria gabe, taloa edo morokila izango litzateke)”, “Bilbon IZANAK DIRA” (noiz esan behar da, orduan, “hartu du” edo “izan dira”? Partizipioa mugatzea frantseskada da), edo GIMNASTIKA edo PARTIDA (zergatik ez “arbitra” eta “segunda” edo “minuta”? Oso polita eta oso BATUA izango litzateke horrelako zerbait entzutea futbol partiduaren transmisioaren amaieran: “Arbitrak partida amaitzea erabaki du lehia hiru minuta eta bost segunda luzatua izan ondoren”.
Baina INOLA ERE EZ DIRA ONARTZEN (ezta onartuko ere): rapidua, enkantadorea, galtzetina, konfunditu, eta euskaldun askorentzat iraingarriak diren (eta euskara petoko hitzak direnak), aitita, igon, eritzi (“deritzot” da, eta ez “diritzot”), zeozer edo ikutu eta EH osoan erabiltzen diren eta euskaraz nekez ordezka daitezkeen gaztelaniatiko hitz madarikatuak: almohada, frenoa, kurba, kulpa, kotxea, arlanka…
Zergatik “baitzen” edo “baitzetorren” eta ez “bapatean”, “enabil” edo “eztaukat”?
AIENE! ORTOGRAFIA BALITZ BAKARRIK, GAITZERDI.
HIZTUNAK EUSKALTZAINDIAREN ZERBITZURA EGON BEHARREAN, EUSKALTZAINDIA HIZTUNEN ZERBITZURA EZ DAGOEN BITARTEAN, GUREAK EGIN DU.
Hara, Joxemari: Ez da erraza, baina ahal dugun neurrian, eredu bati ezetz borobila botatzen badiogu, edo kritika eraikitzailea egin nahi badiogu, beste zerbait proposatu behar dugu alternatibatzat. Eta aurren aurrena, komeni da ereduak zer esaten duen jakitea.
Eta ez gaiak nahasita eman, ZuZeun zakarren banaketa selektiboaren alde gaude-eta. Bestela kakanahaste bat ateratzen zaigu, eta horrela ezin da.
“Euskara Batuaren ajeak” liburua gomendatzen dizut: Duda asko argitzen ditu, eta azken lau hamarkadetan egin dena kritikoki aztertzen du.
Erdarakada: Kontzeptu horri aranazaleek esanahi bat ematen zioten, Azkuek eta Sebero Altubek beste bat, Koldo Mitxelenak eta Ibon Sarasolak beste bat… Ez da kontzeptu argia.
Egitura bat frantsesetik edo gaztelaniatik hartua izateak ez du esan nahi hizkera zaindutik baztertu behar denik. Beste irizpide batzuk ere badaude.
Egun, iraganean baino ikuspegi erlatibistagoa darabiltela iruditzen zait. Atzo goizeko berrikuntzak eskubide gutxiago du hizkuntza zainduan sartzeko (hau ez da sorkuntza naturala, adoste baten ondorioa baizik), sustrai sakonak dituenak baino.
“Jatorra” zer den eta zer ez den, estandarrean zer onartu behar den eta zer ez, hizkuntzaren tradizioak agintzen du, ez etimologiak. “Berde” euskal hitza da, “profitatu” bezala. Zuk adibidetzat ematen dituzun hitz asko batuan jasota daude, batzuek euskalki marka, edo “beh.”, “Heg.” nahiz “Ipar.” markak eduki arren (bilatu hiztegian).
Beste kontu bat da, Goierriko Hitzan bekario marimaisu ponpoxo batek “profitatu”, “denaz bezanbatean”, “bortxaz”, “preseski” eta horrelakoak idaztea. Zer kulpa (“kulpa” Hiztegi Batuan badago, markarik gabe) dute Euskaltzaindikoek, herri puta hontan jendeak hizkuntza zentzuz erabiltzen ez badaki!
Errealitate bat: Hegoaldeko euskara ezin da ulertu gaztelaniaz jakin gabe. Gauza bera gertatzen da AEBetako spanglisharekin. Hori, hizkuntzaren autonomiarentzat txarra da. Hizkuntzaren AUTONOMIA da gakoa.
Amonamantagorri (Hasi baino lehen esango dizut, zure erantzunaren tonua ez zaidala batere gustatu:
“Eta ez gaiak nahasita eman, ZuZeun zakarren banaketa selektiboaren alde gaude-eta. Bestela kakanahaste bat ateratzen zaigu, eta horrela ezin da.”
Nortzuk? Zer da hori? Gaiak nahastu nahi baditut, nahastu egingo ditut, akabo bada! Zeurea eta zeutarrena al da ZuZeu? Hala bada, esan azkar, lehenbailehen hemendik betiko alde egiteko).
Horra erantzuna (jarraitu nahi baduzu):
Euskara batuaren ajeak (euskararen hedapen askearen kontra egin den libelorik zakarrena eta tranpatiena, alegia) liburu-dendetan atera baino lehen irakurri nuen, eta, dagoeneko, 100 bat aldiz irakurri ondoren, ia buruz dakit. Liburu eder horretantxe azalduko dizu Ibonek, gure jaunak, zer den erdarakada.
Hogeita hamar urte baino gehiago dira Ibon ezagutzen dudala eta oso ondo dakit zein diren haren ajeak eta auziak, atxikimenduak eta arbuioak hizkuntza-kontuetan.
Nire asmoa ez da nahasterik sortzea izan (dena den, hala balitz ere, zer?) Nire mezuaren asmoa, ortografia baino nahaste okerragoak badirela adieraztea zen, tonu adiskidetsuan, jakina (badirudi letrari baino ez diozula erreparatu, musika albo batera utzita).
Zuk, ordea, ez dakit zer erantzun didazun, infernuko demonioa banintz bezala. Benetan ez diodala zure erantzunari ez bururik ez hankarik aurkitzen: aranazaleak, Azkue, Mitxelena, Ibon… Aizu, nik badakit zer den erdarakada. Oso argi daukat, ikasi beharrekoak ikasi ditudalako eta, batez ere, senak esaten didalako. Eta, funtsean, aipatu dituzun horiek guztiek ere badakite zer den erdarakada (zein diren eta zergatik diren erdarakadak eztabaidatzea beste kontu bat da). Ikuspegi erlatibistak???? frantsesetik hartua izateak???? hizkuntza zaindua???? jatorra????
Lehen mezuaren harira:
Gaizki ulertu didazula uste dut. Nik ez dut esan “xarmant” gaizki onartuta dagoenik; zeharo kontrakoa, “enkantadorea” zergatik onartzen ez den salatu nahi dut.
Euskara batuak “profitatu” onartzen duela diozu (nahi dituzun euskalki-marka eta toki-erabileraren aipamen guztiekin). Eta? Oso ondo onartuta, gainera. Baina zer gertatzen zaio “kotxe” hitzari. “Kotxe” hitza (automobila adierazteko, jakina), ez onartzeaz gain, debekatu egin du(te), hiztunok aspalditik barneratuta bageneukan ere. Hiztunen artean hedatuta dauden hitzak debekatzen dituen akademia bakarra da munduan Euskaltzaindia; besteak beste, eta bat-batean bururatzen zaizkidanak…: “amankomuna”, “eritzi”, “isladatu”, “loba”, “animalien eta landareen izenak” “baserriko eta itsasoko lanabesen izenak”… Norena da hizkuntza?
Alta, euskarazko berbak badira ere, “aitita” edo “ikutu” hitzak ez daude onartuta, 400.000 mila euskaldunek baino gehiagok erabiltzen edo/eta ezagutzen dituzten arren. Ez daude onartuta eta kitto, “neuk diodalako”, inolako euskalki edo toki aipamenik gabe, eta inolako arrazoirik gabe. Hitz madarikatuak dira, zeren hizkuntza jasotik kanpo geratzen diren hitzak, lehenago edo beranduago, desgaertu egingo baitira.
Eta orain serio jarriko naiz: Norena da kulpa? Idazten edo hitz egiten duenarena? Ez, amona (ez dakit gizonezkoa ala emakumea zaren; hortaz, amona…) Euskaltzaindiarena da kulpa, lagun. Euskaltzaindia eta aztiak edo druidak balira bezala jokatzen duten sasi-jakintsuak izan dira oztoporik handiena euskara batua (jasoa, jantzia, zaindua…) naturalki eta libreki hedatzeko eta bilakatzeko, 1980ko hamarkadaz geroztik. Ekarpenen bidea itxita dago, polizia linguistikoak debekatu duelako.
Axola ez badizu, gomendio bat emango dizut: irakurri (berriro) Saizarbitoriaren “Egunero hasten delako” nobelaren bertsio zaharra eta, gero, irakurri Saizarbitoriak berak berridatzitako bertsio berria. Hortxe ikusten da argi, gure hizkuntza isilean dagoela, gaixotasun sendaezinak jota.
Azkenik, barkatu errealitatea hondatzen badizut, baina euskara eta gaztelaniari buruz diozun lelo hori kontu zaharra da eta zaharra bezain gezurtia: nik familia daukat Ameriketan eta, dagoeneko, haietako inork ez daki gaztelaniaz (tia Sandalia eta izeko Frantzizke izan ziren azkenak gaztelania hitz egiten, eta nekez gainera, alfabetatu gabeak ziren-eta). Lehengusuak eta ilobak udan herrira etortzen zaizkigunean (urte bitik behin), euskaraz mintzatzen dira trankil-trankil edo lasai-lasai (ikuspegi erlatibistak nahasi ez daitezen) eta, osterantzean, ingelesez aritzen dira, ingelesa dakitenekin. Eta Euskal Herri osoan zehar ibiltzen dira euren bizkaiera eta gipuzkera “amerikanoarekin”.
Neuk esango dizut nolakoa den egiaztatu dudan errealitatea, zein den egia biribila (“borobila” ez du(te) onartzen):
Badakizu zein mintzo ulertzen ez duten gure senideek? EUSKARA BATUA, Amonamantagorri, EUSKARA BATUA. Beraz, atera kontuak…
Proposamenak eskatzen dituzu? Hara batzuk: utzi bakean euskarari eta euskaldunei. Batua egituratuta dago dagoeneko; beraz, ez nahastu hiztunak, gogoan finkatuta daukaten hizkuntza-irizpideak aldatuz. Euskaltzaindiaren lanak izan behar du irakasgai guztietako hiztegia finkatzea eta hiztunok eraikitzen dugun euskara biziaren bilakaera jagotea.
Gaizki esanak barkatu, ondo esanak gogoan hartu.
Adiorik ez.
Josemari Navascués,
honela diozu aurreko iruzkinean: “Zeurea eta zeutarrena al da ZuZeu? Hala bada, esan azkar, lehenbailehen hemendik betiko alde egiteko”. Eta zuk galdetzen duzu hori? Erantzuna ederki dakizu: zeurea duzu ZuZeu, orain artean beti izan den bezala. Eta aurrerantzean ere, euskaldun internet zaleon erabilera horizontala zorrotz zainduko dugu. Hori bai, ezin guk ekidin zuen artean mokoka ibiltzeko duzuen gogoa. Baina, bestalde, ez al da horixe aberastasuna? Ohartzen al zarete Amonamantangorri eta zeure iruzkinek nola aberastu duten ikaragarri eztabaida hau? Horixe dugu ZuZeun xede: euskaldunok mintzo gaitezela geure gaiez, geure eran, eta ahal dela, elkar mindu gabe.
Egia da Euskaltzaindiaren erabaki batzuk kritikagarriak direla, eta kritikatuak izan dira. Andaluziako hiria “Cordoba” (“Córdoba”?) eta Argentinakoa “Kordoba” idatzi behar hori xelebrekeria galanta da, bai, baina anekdotiko xamarra da. Kontua da hizkuntzak ez direla soilik logika hutsak zuzendutako sistemak, izate historikoa ere badaukate, hitzak garai desberdin askotan mailegatu eta bereganatu dituzte. Oso gauza ohikoa da halako hizkuntza batean etimologia berbera daukaten esanahi desberdineko bi hitz topatzea: bata herrikoia izaten da, zaharragoa, eta bestea berriagoa, hitz kultua-edo. “Istorio / historia” edo “story / history” bikote ezagunez gain badira beste asko: “kalamatika / gramatika” euskaraz, edota “bodega / botica” gaztelaniaz. Esan ohi da, eta hala da, hizkuntza erromanikoak latinetik datozela, baina horrek bi hitz mota sorarrazi ditu: herrikoiak, herriak mende luzetan ahoan taxutu dituenak, eta kultuak, une jakin batean maileguan hartutakoak, eta halatan dauzkagu “oro / dorado / áureo” edo “toro / taurino” bezalako hitz-sortak, baita “tareas del hogar / tareas domésticas” tankerako “inkongruentziak” ere, inork ez baitu esaten “tareas hogarinas” edo “tareas de la domo”. Nik ez diot inori entzun gaztelaniaren sasietan trabatu denik batetik “colgar” eta bestetik “colocar” esan beharragatik, biak latinezko “collocare” etorri arren, edota “francés / catalán / marroquí/ chino / cantonés”. Egia da, hizkuntzak, hizkuntza oro, aski konplexuak dira, baina nik ez dut ikusten euskara besteak baino nahasiagoa denik.
“Hiztunen artean hedatuta dauden hitzak debekatzen dituen akademia bakarra da munduan Euskaltzaindia”.
Oso-oso berexia iruditzen zait diozun hori, ni, orain arte, konbentzitua bainengoen mundu osoko hizkuntza-akademiek ez dutela besterik egiten: herriari hizkuntza lapurtu, eta gramatika liburu bat eta hiztegi bat itzuli. Denek.
Bueno, “debekatu” baino, hizkuntza-komunitatean dabiltzan erabilera guztietatik, akademiak gutxi batzuk bakarrik onartzen ditu bere ereduan. Estandarretik kanpora dagoena da dialektala, lagunartekoa, tokian tokikoa, bazterrekoa, adierazkorra, zaharkitua, arauaz kanpokoa,… Nik dakidanagatik, BETI.
Hizkuntza askok, nahiz akademia ofizialik ez eduki, badituzte instituzio arauemaileak: gramatika eta hiztegi kanonikoetan jasoa ez dagoenak ez du lekurik kontextu formaletan. Jakina, barne-tentsioak ere badira: Suitzan matxinada moduko bat izan omen zuten unibertsitateetan, ikasleek bertako alemaniera erabili nahi zutelako.
Erabat hedatuta dauden erabilera asko, maiz, akademiak baztertu egiten ditu eta hedabideetan eraginez erabilera “zuzentzen” edo desagerrarazten ere saiatzen da: Ikus. “persona humana”, “la dí una torta”, “espero que hayga”, “andó”, eta beste. Hein berean:
– “amankomun”: hemendik denbora gutxira, geldituko al da herri bedeinkatu honetan 30 urtetik beheitiko euskaldunik, Arratia aldeko txokokeria hori ezagutzen duenik?
– “eritzi”: guk etxean “ekusi” esaten dugu, portzierto, “ikusi” baino zaharragoa omen dena. Gure seme-alabek “ikusi” eta “iritzi” baizik ez badute esaten, galera handia izanen al da?
– “isladatu”: ikus. amankomun. Hura bezalakoa da, baina oraindik okerrago.
– “loba”: nik txikitan ez nekien “neba” bat zer zen. “Berakatza” zer zen ere, arrastorik ere ez, eta biak ETBn egunero erabiltzen dituzte. Inperialistak…
Ezetz asmatu zer den gaztelaniaz “gobanilla” bat: eskumuturra. Cuencan. RAEren hiztegian ez dago.
Eta inor estigmatizatzen ez den bitartean, niri hori ONGI IRUDITZEN ZAIT. Ingelesak ez du akademiarik, baina euskara ez da ingelesa. Lehen ez zuen jende guztiak onartzen, baina orain erabat onartua dago eredu batu baten beharra. Gero, etxean norberak hitz egin dezala nahi duen bezala, eta tokian tokiko hedabideak bertako hizkeran oinarritu daitezela, baina adixkidea, pasatu gabe.
Niri behintzat, tradizio espainola askoz ere autoritarioagoa iruditzen zait: haientzat, estandarretik ateratzen den guztia “inkultismoa” da, jende arlotearen, eskolarik gabekoen hizkera. Espainiako gaztelaniaren ahoskera estandarrean “jambre” eta “jarto” ez dira onartzen, arkaismo hagitz interesgarriak izanagatik ere. Euskararen kasuan, euskara bera da eskolarik gabeko baserritarren hizkuntza: “Batua” beharrezko ikusten dugu, baina ez garbiagoa, jasoagoa, edo ez-dakit-zer-delako.
Eta orain berriz gogora ekarri nahi nuke, zeinen inportantea iruditzen zaidan gure herriko zaborrak beti gaika, banan-banan bereiziz eta kaka nahasi gabe biltzea:
Zuk uste, jendeak ez omen du EUSKARA BATUA ULERTZEN. Zuk “EUSKARA BATUA” deitzen duzun hori, nik ere ez dut ulertzen. Lehengoan, Berrian irakurri nuen Gipuzkoako ezkerreko alderdi guztiek izenpetutako iritzi-artikulu bat, oso-oso ezkerrekoa dirudienez, eta euskara batu garbi-garbian idatzia. Ez zen ostiarik entenditzen.
Euskaltzaindiak gehiegi agintzen digula-eta kexaka (egia da: beste inor ez zegoelako, bere erabakitze ahalmena erabat anormala izan da), eta zuk, hain juxtu, Euskaltzaindiari ez dituen ardurak leporatzen dizkiozu.
Gaurkoz, nahiko ta sobran.
Barkatu Edu, baina “to” euskarazko ttikigarria da, Nafarroan eta Iparraldean oso erabilia. Neskato, menditto, zubitto, ttipitto,etxeto eta beste asko badira.
Bata besteari mokoka ibiltzea ze “geurea” den…
Hala ere, iritziak iritzi, ez al da ederra interneten euskaraz jardun ahal izatea? Eskerrik asko aukera emateagatik, ZuZeu!
Galdera: nork aukeratzen du Euskaltzaindia? (kideak, esan nahi dut). Ba ote akademian sartzeko hauta-frogarik? Oposaketarik ba al da inon? Euskaltzaindikoa izan nahiko banu (Espainiako presidente izan nahiko banu bezala, kasurako), non aurkeztu beharko nuke neure burua?, baten batek nire gaitasuna neurtuko luke hautagai ona edo txarra ote naizen deliberatzeko? Demagun (egin dezagun fikzio pixka bat), nire ametsa dela trajea eta gorbata jantzita euskaltzainekin batera bilera luze batean murgiltzea, nire bizitzako ametsa. Imajinatzen dut nire larruzko poltsa, eta han barruan ogitarteko gozo bat (eta ogia, tartekoari eusteko ezinbestekoa), bilera luzatuko balitz zer edo zer jatekorik izan nezan. Halako irudiak datozkit, baina… posible ote da? Ez, agidanez. Ez, zeren eta akademiako kide izatea ez baita derrigor, edo ez da beti, edo ez da ezinbestean nire gaitasun linguistikoari lotutako auzia. Auzi politikoa ote? Irudiz bai, geure lagun Txillardegik aspaldi (Euskaltzaindiak hura hil orduko korrika eta presaka omendu nahi izan duen euskaltzale errefusatua -‘baztertua’ edo ‘zokoratua’ beharko luke hor?-), eta berrikiago geure lagun Amurizak akademian izan duten zoritxarreko ibilbidea ezagututa. Honenbestez, eta geure hizkuntza akademia txit agurgarrian balio duten irizpideak politikoak badira (edo beste batzuk) eta ez hizkuntzaren inguruko jakintzari dagozkionak, zertaz ari gara hizketan?
1) Hobe genuke euskaraz EGIN ahal den guztietan, eta euskara hobeto menderatzen saiatu, euskara (batua)z hainbeste kexa egin baino. Euskarak balio ez duela dioenak ez daki ondo euskaraz. ETA KITTO.
2) Kasu gehiago egin beharko genioke erabilerari, erabilera zuzenari noski, eta ez hainbeste ibili jendearen jarduna hertsatzen eta zailtzen.
3) “Euskara batuaren ajeak” gomendatu du hemen norbaitek. Bere egileak berriki esana da gaur egun ez lukeela hori idatziko, ez duelako horrela pentsatzen, askoz irekiagoa duela bere pentsamoldea, ez hain hertsia. Kuriosoa, batzuek hasieratik pentsatzen duguna orain egileak pentsatzea, eta tartean hainbeste gauza (des)egin dira, liburu horren ubera aprobetxatuz.
Ulertzekoak dira euskaldun askoren kexak ustezko “euskara batua” dela-eta. Aspaldi batean Atxagak esan zuen auzia ez zela horrenbeste euskara batua vs. euskalkiak, baizik eta euskara ona -izan batua, izan euskalkiren bat- vs. euskara gaiztoa. Nik dakidala, euskara batua ez da hizkera finko eta hertsia, baizik eta arau-multzo bat, batik bat idatzizko edo ahozko erregisto JASOA lortze aldera. Gainera, gaztelania edo frantses jasoaren eredua baino askozaz zabalagoa da, malguagoa. Alde horretatik, ez dabil aleman jasotik (Hochdeutsch) oso urrun, edo ez luke oso urrun ibili behar, behintzat, hura baturik egon arren, ez baita batere uniformea.
a) Morfologian euskara batuaren eredua nahiko uniformea bada ere, onartzen dira aldagai franko: beste / bertze, egingo / eginen…
b) Hiztegiari begira, euskararen “tesaurus” lexiko ia osoa onartua izan da: “atera”, “irten”, “ilki” eta “jalgi”, laurak dira euskara batua, edota “gogoratu”, “oroitu” eta “gomutatu”, baita “lako” eta “bezalako”, “bezala” eta “legez” (nik hobetsiko nuke ahoan darabilgun “lez”, baina tira…). Baten bati poetikoagoa irudutiko zaio “urten” edota “elkhi” idaztea, baina orduan batasun-ezara bueltatuko ginateke…
c) Joskerari dagokionez, Euskaltzaindiak gauza bera egin du: nolabait esateko, Bizkai aldeko joskera bati lotu ahal gatzaizkio, edo Iparraldeko beste bati, beti ere euskara batuaren mugen barruan. “Izango zatekeen” aditz potoloa erabili ahal dugu, edo jendeak erabiltzen duen “izango zen”, biak baitira euskara batua, esan dezakegu, era berean, “joan ahal da” eta “joaten ahal da”.
Hala, gakoa ERABILERA delakoan nago: eskoletan, euskaltegietan-eta(eta hemen errua ez daukate beti irakasle koitaduek) pisu handiegia eman zaio zorioneko zuzentasunari eta oso gutxitan erabiltzen diren adizki potoloenak ikasteari, eta ez horrenbeste egokitasunari eta, batik bat, ondo komunikatzeko gaitasunari; horretaz luze jardun du Joxerra Garziak lan askotan, besteak beste. Hori gutxi balitz, euskara (batu)aren aberastasun lexikoa ez da ondo aprobetxatu euskara batua tokian tokiko hizkerei egokitzeko, baizik eta EGAko ikasle gixajoak torturatzeko sinonimo sorta luze surrealistak irakastera behartuz.
Euskara batua egurtu baino lehen -edo jende askok euskara batutzat jotzen den zera hori-, ondo legoke gogora ekartzea Txillardegik batuaren aldeko argudio zehatzak. Sutondoan ikasitako aitona-amonen edo aitatxi-amatxien hizkera goxoak, beldur naiz, ez du balio mezu bat helarazteko Euskal herri osora…
Ba Menditarra, nik “joan ahal da” eta “ekarri ahal dut” modukoak betiko aienatuko nituzke. Superlokala den gauza bat asko zabaltzen ari da (belarriak edo begiak dituen edonor kontura daiteke hori gertatzen ari dela, baita hedabide ustez zainduetan ere), ingelesaren moduko ahalera sinple eta pobre bat sustatuz (nahita edo nahi gabe, ez dakit).
Hemendik gutxira “joan daiteke” edo “ekar dezaket” modukoak desagertzen hasiko dira, ergatiboarekin batera. Abisatuta zaudete 😉
Erabat ados Menditarraren azken mezuarekin. Beharbada, “ongi” hitz egitea eta “ongi” idaztea zer den berrikusi behar litzateke. Badira euskaltzainak, nire ustez, ikaragarri gaizki hitz egiten dutenak, diskurtso eraginkor bat eraikitzen ez dakitenak, euskara batuaren arau eta gomendioak puntuz puntu bete arren.
Lander, seguru nago hor mota guztietako trapu zikinak eta azpikeriak badirela. Instituzioa barrenetik ezagutzen dutenek eman behar lukete horien berri, denon gozamenerako. Izan ere, horrelako gauzak denoi gustatzen zaizkigu, eta demagogiaren usain goxoa ere bai, pixkat…
Unibertsitateetan, hainbat kargu eta titulu banatzeko garaian, hautagaien meritu gutxi gorabehera objektiboak omen daude tartean. Hala omen. Hor ere azpilanak egonen dira.
Txillardegi zergatik ez zuten euskaltzain oso izendatu? Ez zelako “interesgarria” (Txillardegik berak erabilitako hitza). Alegia, ez zela politikoki komenigarria. Ez zen euskaltzain osoa; urgazlea bai (hauetakoak, ehundaka dira).
Zergatik hautatu zuten Haritxelar euskaltzainburu? Alor akademikoan meritu handiko gizona izateaz gainera, igual egon ziren beste motibo batzuk: beharbada, bera bezalako pertsona bat bai, “interesgarria” izanen zen. Akademiak Frantziako Errepublikaren onarpen ofiziala nahi zuen, eta hain zuzen, Haritxelarren garaian lortu zuen. Hari esker izan ote zen edo hein batean lagundu ote zuen, auskalo.
Zergatik Sagrario Aleman? Mugimendu euskaltzalearen ordezkari ezin hobea, hogeita hamar urtetan saltsa guztietan sartua, IKAko kidea (trosko bat Euskaltzaindian? HORI EZIN DA), euskaldunberria, nafarra, emakumea,…
Zergatik Bernardo Atxaga, eta ez, esate baterako, Koldo Izagirre? Meritu pertsonalak, propaganda, eta noski, politika.
Zergatik dago orain notario bat euskaltzainburu? Auskalo. Hizkuntza-teknikari gisa esperientzia handia edukitzeaz gainera, igual “interesgarria” da erakunde publiko bat gidatzen zuzenbidean lizentziatutako gizon bat edukitzea… Zer dakit nik.
Akademiaren ibilbidea, zeregina, kalitatea eta zilegitasuna dira niri kezkatzen nautenak. Ez da politika kontua, edo ez hori soilik. Niretzat larria da egungo gizartean, denon erabilgarri den hizkuntzari lotutako araudia klan batek erabakitzea. Ezin dut ulertu nolatn ez den egiten hizkuntzare ezagutzari dagokion hautaketa garden bat. Ez dut esan nahi daudenek hizkuntzaz ez dakitenik, noski. Baina nork neurtzen de haien jakintza? Geuk hitz egiten duguna, geuk erabaki beharko genuke, edo, behintzat, adituek, baina geure izenean. Nola kontsidera liteke normal gizarteak ez izatea bere hizkuntza gobernatuko duten ordezkariekiko inolako kontrolik? Eta areago: nola uler liteke hizkuntzaren gobernu horretan sartzeko inolako aukerarik ez izatea (ez bada hautatua izateko probilegioa zortean egokitzen zaizula)?
Akademiak erabakitakoak aholku soiltzat hartuko bagenitu, esan nahi dut, akademiko horiek ‘laguntzeko’ baizik ez baleude, ba tira, baina denok onartu behar ditugun arauak izaki, nola liteke halako endogamiarik?
Amonamantangorrirentzat bi lerro, h-aren inguruko arauak direla eta. Alabaina-n inoiz ez dela hasperenik egon diozu. Ez al da gehiegi esatea? Arabako euskara ez al zegoen h-z josita XI. mendean? Ez al zenuke umilago esan behar XVI. mendeaz geroztik ez dela hegoaldean “alabaina” hasperenez ahoskatu? Bestalde, ez al da euskara batuaren helburua hizkuntzaren batasuna egitea? Bizkaian ez da inoiz “dizkio” edo “zidan” esan (ez behinik behin XVI. mendetik gaurdaino) eta halere aditz forma horiek ezarri dira euskaldun guztientzat batasunaren izenean. Zergatik ez da irizpide bera erabiltzen bi kasuetan? Euskara batuaren arauak hain berandu ezarri izanak hainbat abantaila ere ekarri ditu, esate baterako, tradizio zaharkitutik libre samar egotea. Horregatik ez dugu idazten “guibel” edo “deçaque”, eta grafia osoak idazkera fonetikotik hurbil samar egotea eta erregular samar izatea du helburu, … h-a tartean denean salbu. H-ak hainbat arlotan sorrarazi ohi duen fobia irrazionala baino ez datorkit burura auzi hau ulertzeko. Hortxe daude zuek aipaturiko hala/alabaina, ilargia/hilabetea,eta gainera hesia/esparrua, hatza/atzamarrak,azkurea/hatzaga,eta beste hainbat, batasuna, erregulartasuna eta estandarizazioa trakestu besterik egiten ez dutenak. Amonamantangorrik aipatzen duen irizpide berorrek eraman du esate baterako deiturak idazteko arau parregarrietara: Baionarra bazara Hirigoien idatzi behar duzu, baina baztandarra bazara Irigoien. Zer batasun mota da hori? Ez al da garaia h-aren inguruko “maniak” albo batera utzi eta bestelako irizpideak ezartzeko?
BESTELA:
http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_oeh&view=frontpage&Itemid=413&lang=eu
Oker nengoen. “Alabaina” Iparraldean erabili da gehienbat. Mendebalean testu zahar batzutan dago, eta Hegoalde osoan 50eko urteetatik aurrera hasi ziren erabiltzen idazle batzuk. Bost mendetan, autore bakarrak idatzi du hatxez: Pouvreauk, behin.
Idazle guztien artetik, frantses jatorriko doktore teologo euskalduneberri bat nahasi zen. Eta gu, XXI. mendean, ez gara gauza hitz zerrenda txiki bat barneratzeko. Kopon.
Jimenez/Jimeno (deitura nafarrak) v.s. Gimenez/Gimeno (Nafarroatik kanpoan ohikoagoak), Chávez (Andaluziako presidentea)/Chaves (Venezuelakoa), Zabala (hemen) v.s. Sabala (Latinoamerikan)…
Hein berean, Etxeberria/Etxeberri/Etxebarria/Etxebarri/Txabarri….
Hegoaldeko Irigoiendarrek eta Iparraldeko Hirigoiendarrek ez badute lotura genealogikorik, ze ostiagatik idatzi behar lukete beren deiturak berdin?
Nonbait irakurri dudanez Xabier izena ere Etxeberriatik omen dator. Ba al daki inork zertan oinarritzen diren hori baieztatzeko?
Argudio bat zuen alde (edo igual ez, auskalo): Iparraldean mendetan zehar segitutako lege bati obedituz gero, ilharri, ilherri eta oinharri idatzi behar genuke. Ortografia batuan araua ez betetzea erabaki zen.
Axintxio. Euskal Herrian etxe hitzarekin osatutako deitura eta toponimo anitz badira. Hitz elkartuetan etxa bihurtzen bide da, txabola, etxandi, etxabarri eta txabarri konparazioenerako, , horiek guztiak oso ohikoak Euskal Herriko ekialdean, eta hori ez da Gipuzkoa, Nafarroa baizik. Horietako batzuk Estellerrian aise aurkituko dituzu. Horrezaz gain, Zangozaldean oso ohikoa da Eseverri deitura, eta hortik oso gertu Ejea herria, Etxea euskal hitzetik heldu dena. Horrek guztiak erakusten digu etxe, ese, etxa hasierak lehian ibili direla, eta mendebalean etxabarri modukoak ohikoak badira ere ekialderantz eginez gero etxeberri ageri dela, baina estellerrian etxabarri eta txabarri biak batera,baita etxeberria ere, eta Zangozaldean eseberri. Huesca inguruan pare bat herri badira Javierre izena dutenak, hau da, Xabierre, baita Javierregarai ere. Euskal “X” “j” bihurtzean Xabier, hau da, Txabier, Javier bihurtu zen. Gauza bera gertatu zen Urkixo, Muxika, Artaxona, Artaxo, Orexa,Uxue eta hamaika euskal izenekin.
Mila esker, Nagore.
Amonamantangorri, estimatuko nuke nirekin hitz egiteko ostiak kopoian uztea pake-pakean. “Alabainarekin ” ez dut jarraituko, horrelakoetan, zeinen ezjakina naizen erakutsi baino ez dudalako egiten. Baina bai insistituko dudala irizpideen kontuarekin. Baionako eta Baztango Hirigoien/Irigoiendarrak sarritan lotura genealogikoak izan ditzaketela alde batera utzita ere, ez dut uste genealogia irizpide pertinentea denik auzi honetan. Hizkuntzaren batasunaz ari naiz. Eta berriro diot, batasunaren ikuspuntutik eta erregulartasuna eta estandarizazioa komenigarri direla uste izanda, h-aren inguruko irizpideak eta erabakiak ez zaizkidala zuzenak iruditzen. Eta berriro diot halaber h-aren inguruan “mania” bereziak egon bazirela aipatu irizpideak erabaki zirenean, eta hainbat urte igaro ondoren “maniok” ainetatuko ziren esperantzan, irizpide horiek aztertu eta aldatzeko garaia ez ote den iritsi. Hauxe da nire iritzia eta gustura entzungo ditut aurkakoak, gaiari atxikita eta gizalegez esanda badatoz.
Jimenez/Jimeno (deitura nafarrak) v.s. Gimenez/Gimeno (Nafarroatik kanpoan ohikoagoak)?????
JIMENO/GIMENO EZ DA NAFARRA!!!!
Chávez (Andaluziako presidentea)/Chaves (Venezuelakoa)???????????
ALDREBES, AMONA, ALDREBES!!!
Zergatik idazten da Hilabete hatxez eta ilargi hatxerik gabe? Ez al dira biak familia berekoak?
Ba batuarekin ez dut inolako arazorik Gipuzkoarrak ulertzeko, ezta Iparraldeko euskaldun askotxo, baita 60 urteko edo euskaldunzaharrak ere, beraz edo batua ta beste euskara batzuk diotena baino berdintsuagoa da, edo nik eztet ezer ulertzen.
Gaur egun nire euskara traketsarekin, bizkaieraz irakurtzen dut ta %85a ulertzen dut erraz, baina lehen %75a ulertzen nuen, Gipuzkera hitzegiten dutenekin hitz batzuk salbu, %100an ulertzen ditut.
Askoz zailagoa iruditzen zait gaztelania, arau gehiagorekin, salbuespen gehiagorekin, 1000 aditz irregular baino gehiagorekin….
Goian erran duten bezala, junbre zioten askok, baina batuan hambre erran behar zuten, askok ez zeuden ados baina…
Ta plazerra da euskarazko aldizkari baten, euskaraz idatzitako hainbeste iruzkin irakurtzea.
Eztabaida aberastuz gain, euskarari mesede izugarria egiten dio.
Nik ere soilik batua jakinda ez daukat arazo askorik beste euskalkiak ulertzeko, beharbada zuberera ulertzeko zailtasun handiagoak ditut baina tira, erdialdeko euskalkiak oso berdintsuak dira eta bizkaiera maiz entzuten dut telebistan edo irratian.
Tamalez beste euskal hedabideetako webgunetan (berria, argia…) iruzkintzea ez da hain komuna.