Euskal Zine Bileraren irabazleak

Euskal Zine Bileraren irabazleak –

Euskal Zine Bileraren azken edizioak, inoizko berritzaileena izateagatik 40+1 deitu dutenak, ostiral gauean eman zituen ezagutzera irabazleak.

Hogei izan dira aurten lehian izan diren film laburrak, eta hauexek Eider Eguren, Mikel Zumeta, Itziar Ituño eta Maider Oleagak osatutako epaimahaiak saritu dituenak:

 

Film Onenaren Saria Pello Gutierrezek zuzendutako “Zain” filmak eskuratu du. Euskal nortasunaren topikoa umorez azaldu eta, prisma surrealista baten bidez, eraldaketa proposatzen duen filmak Urrezko Antzarra eta 1.900 euroko saria lortu ditu.

Zuzendaritza Onenaren Saria Miren Mujikaren “Shell Phone filmak erdietsi du. Teknologia berriak erabiltzera behartuta ikusten den amama baten erronka kontatzen duen filmak 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra irabazi ditu.

Gidoi Onenaren Saria, Igor Rezolaren “Fabrika(k)” lanarentzako izan da. Bertan, lan-munduak mendebaldean bizi izan duen eraldaketa azaldu zaigu. Kontakizun honek ere 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra lortu ditu.

Era berean, aurten berrikuntza izan den Ikuslearen Saria ere eman zen ezagutzera ostiraleko ekitaldian. Irabazlea Eukeni Arriortuaren “Pastoreak” izan da. Dokumental honetan, mendeetan barrena Euskal Herrian oso sustraituta egon den Artzaintzaren egungo egoera azaltzen zaigu. Berarentzat Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.

Euskal Zine Bileraren irabazleak

Euskal Zine Bilerak irabazleak ez ezik, partaide guztiak ere zoriondu nahi izan ditu, haien lanetan erakutsitako kalitate handiagatik. Eta ez hori bakarrik, egunez egun zinemara hurbildu diren ikusleei ere eskerrik beroenak eman nahi izan dizkie antolakuntzak, aurtengo edizioa Euskal Zine Bileran ikusle gehien izan duen edizioetako bat bilakatu baita.

Euskal Zine Bileraren irabazleak