Euskal sortzaileen alde
Euskal sortzaileen alde –
Youtube, Twitch, Instagram, Tik Tok, Ivoox eta erabiltzaileen edukiak biltzen dituzten beste plataforma asko oso ezagunak egin dira azken urteotan, eta, horiekin batera, edukiak sortzen duten aunitz erabiltzaile. Eduki sortzaile horietako batzuk jarraitzaile asko lortu dituzte eta kontsumitzaile-kopurua handia dutela eta edukietan agertzen diren iragarkiak direla eta, sorkuntza ogibide bilakatu dute.
Lehen aipatu dudan bezala, sortzaile horiek jarraitzaileak behar dituzte sortutako edukietatik bizi ahal izateko, eta kontsumitzaile horiek masiboki aurkitzen dira munduan nagusi diren hizkuntzak menperatzen dituzten erabiltzaileetan, esaterako, ingelesa, espainiera, frantsesa edo errusiera menperatzen dutenen artean. Horregatik, publiko handiago batengana iristeko eta diru-sarrerak lortzeko, sortzaile askok hizkuntza horiek erabiltzen dituzte beraien ama-hizkuntza erabili ordez, izan ere, bere herrialdetan ingelesa ofiziala ez bada ere, badaude ingelesa erabiltzen duten edukigile oso ezagunak. Gauza bera gertatzen da bertoko zenbait sortzaileekin, hau da, euskaldunak izan arren espainiera, frantsesa edo ingelesa erabiltzen dute bisita gehiago lortzeko.
Jada aztertu dugu sortzailea izateko pizgarria dirua dela, azken finean, sortutako edukien atzean lanordu dezente baitago eta egindako esfortzu horrek saria merezi du. Baina eduki hauek, arlo ekonomikoa ez ezik, badute bestelako eragina: hizkuntzarena. Pentsa gazte euskaldun batek zenbat denbora igarotzen duen sakelakoan duen telefono adimenduaren aurrean eta zenbatekoa den erdararen barneratzea. Kontsumo horrek desjabetze kulturala dakar eta hautu linguistikoan ondorioak ditu: gazteriak erdarak modernitatearen hizkuntzak direla hauteman dezake.
Publizitatearen aldetik, euskara ezin da milioika hiztun dituzten hizkuntzekin lehiatu, ez baitago euskara ulertzen duen ikusle kopuru nabarmenik, baina badaude sortzaileak laguntzeko patreon moduko mezenasgo plataformak (edo euskarazko edukiak zabaltzeko sor daitezke) non kontsumitzaileek eduki-sortzaileak ekonomikoki sostengatzen duten.
Euskara sareko “cooltasunean” itota ikusi nahi ez badugu, beharrezkoa izango da euskaraz edukiak sortzeko babes ekonomikoa sustatzea, hori baita sorkuntzaren sustagarri. Hortaz, bazter dezagun askok dena doan eskuratzeko izan dugun ohitura hori eta aintzat har dezagun pertsona hauen lana eta honek euskararen alde duen eragina, asko baitago jokoan globalizazio garai honetan!
Euskal sortzaileen alde