Euskal komikigileen Frantziako argitarapen gehiago

Euskal komikigileen Frantziako argitarapen gehiago –

Igor Leturia Azkaratek E-Gorblog-ean.

Euskal komikigileen Frantziako argitarapen gehiago
Irudia: Marko / Juan Luis Landa / Dani Fano / Juen Ribas

Ez gara inoiz nekatuko euskal komikigileek atzerrian argitaratzen dituzten komikien berri emateaz. Ze poza eta ze gozatua, ikustean kanpoan ere zein baloratuak diren gure artistak! Denbora dezente generaman horri buruz idatzi gabe, baina ez da zer kontaturik ez zegoelako. Tarte horretan hainbat euskal komikigilek atera dituzte komikiak Frantzian, argitaletxe eta lankide entzutetsuekin, gainera, eta arrakastaz. Horien berri ekarriko dizuegu hona, denak pilatuta bada ere.

Berriki Lehen Mundu Gerraren mendeurrena bete dela-eta, asko izan dira azken urteetan gaiarekin lotuta Frantzian atera diren komikiak, eta horietako batzuk euskal komikilariek egindakoak dira, zehazki Marko eta Iñaki Holgado. Lehenago ere aipatu izan dizkizuegu biek elkarrekin parte hartzen duten Verdun eta Aiò Zitelli! sailak, eta baita Markok marrazten duen Les Godillotssaila ere, non Lehen Mundu Gerrako trintxeretako soldadu-talde frantses bati gertatutako abenturak tonu umoretsuan kontatzen diren. Bada, 2016 eta 2018an sail honetako 4. eta 5. tomoak atera zituen Bamboo argitaletxeak, Le tourniquet de l’enfer eta Un p’tit dernier avant la paix izenburukoak hurrenez hurren, biak, aurreko guztiak bezala, Olier-en gidoiarekin. Eta iaz edizio integral bat atera zuten bostekin.

Juan Luis Landak Arthus Trivium seriea marrazten jarraitzen du, Rauléren gidoiarekin eta Dargaud argitaletxearentzat. 2019an 4. tomoa atera zuten, L’armée invisible, aurrekoak bezala hau ere oso arrakastatsua. Sail osoa gaztelaniaz ere atera du Normak.

Julen Ribasek bi atera ditu azken urteotan: batetik, Le Spécimen, Walter Hill eta Matz-en gidoiarekin Rue de Sèvres etxearentzat, eta bestetik, Frantziako Iraultzari buruzko Ah, ça ira! seriearen lehen tomoa, Le pain et la poudre, Delcourtentzat eta Morvan ezagunaren gidoiarekin; azken honetan, gainera Sanvi eta Sedyasek ere hartu dute parte.

Eta azkenik, Dani Fanok Rackham argitaletxearekin atera du Miguel Marmolen hamaika eta bat jaiotzakkomikia frantsesez, Les douze naissances de Miguel Mármol. Zorionak denei, eta segi horrela!

Euskal komikigileen Frantziako argitarapen gehiago

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.