Euskal serie kosmogonikoa. Nestor Basterretxea.

Euskal serie kosmogonikoa

Nestor Basterretxea Artzadun (Bermeo, Bizkaia, 1924ko maiatzaren 6a – Hondarribia, Gipuzkoa, 2014ko uztailaren 12a) euskal herritar eskultore, margolari eta zinemagilea izan zen. Bere bizitzaren inguruan beste egunen batean sakontzeko asmoa daukadan arren, gaur bere lan ildo batean zentratu nahiko nuke: euskal serie kosmogonikoa.

1972 eta 1975. urteen artean egindako 18 eskultura dira,denak haritz-egurrezkoak eta bat brontzezkoa (“Trikuharri” 15. lana). “Fintasunez eta hizkera garaikidez landutako pieza hauek pertsonaia mitologikoetan, naturaren indarretan eta euskal kulturako objektu tradizionaletan daude oinarrituta”, Bilboko Arte Ederren Museoaren arabera. Eskultoreak, hil aurretik, obra osoa eman zion dohaintzan museoari.

Amaroa (Euskal Mitologiaren atariak) web orritik hartu ditut irudiak eta azalpenak. Gure tribu txikiaren munduari, kosmobisio eta ingurua ikusteko moduari forma ematen diola iruditzen zait.

Serieak modan dauden honetan, goza ezazue serie honetaz ere: euskal serie kosmogonikoa.


 

1. AKELARRE
Akerraren larrea da. Bertan, azti-taldeak elkartzen ziren astelehen, asteazken eta ostiral gauetan, Aker Beltza gurtzeko. Jeinu horrek ganadua babesten omen zuen, eta tradizio paganoan zegoen oinarrituta. Eskultura hau egiteko, Basterretxeak haritz-enbor bat hustu zuen, eta, modu horretan, multzo osoan arkaismo-itxurarik handienetakoa duen konposizioa egin zuen.

Euskal serie kosmogonikoa


2. AKER BELTZ
Etxeko abereak babesten zituen jeinua, gurtza ematen zitzaion lekuarekin (Akelarrea) erlazionatutakoa. Garapen bidimentsionala dauka, eta serie osoko piezarik figuratiboenetakoa da.

Euskal serie kosmogonikoa


3. EIZTARIA (Ehiztaria)
Kondairaren arabera, ehiztari bat atsedenik gabe zebilen mendietatik atzera eta aurrera, bere txakurrekin batera, ehizarekiko gehiegizko zaletasunak nekatuta. Ezaugarri geometriko handiko pieza da.

Euskal serie kosmogonikoa


4. GAUEKO
Gaueko jeinua da; behi edo munstro forma hartzen du, eta haize-ufaden bidez agertzen da. Konposizioak lerro estilizatuak ditu, eta giza formak hartzen ditu.

Euskal serie kosmogonikoa


5. IDITTU (Gaueko jeinua)
Animalia itxurako gaueko jeinua da, eta, gauaren iluntasunean, sugar batekin agertzen da. Hustuketaren bitartez, Basterretxeak hutsuneak eta erliebeak ireki zituen, eta, mentalki, espazio horiek itxura organiko handiko molde baten formak gogorarazten dituzte.

Euskal serie kosmogonikoa


6. ILLARGI AMANDRE (Ilargi Amandrea)
Ilargia da. Jainkosa gisa hartzen da eta emankortasunarekin dago erlazionatuta. Figura femeninoa da, konposizio harmoniatsukoa eta totem itxurakoa.

Euskal serie kosmogonikoa


7. INTXIXU (Basoko deabrua)
Leize eta eremu hutsetan bizi den kondairazko jeinua. Aurrez aurreko irudi antropomorfiko honek kultura tradizionalarekin lotzen du eskultura garaikidearen espiritua.

Euskal serie kosmogonikoa


8. AMALAU ZANKO (Hamalau trikimakodun mamua)

Espiritu izugarriko izaki bitxia. Goiko aldeko hamalau oholek profil fazetatuak dituzte, eta labirinto-itxurako erliebeak eratuz elkartzen dira. Bertan, Basterretxeak agerian utzi zuen irrazionaltasunarekiko daukan joera.

Euskal serie kosmogonikoa


9. ARGIZAIOLA (Defuntuen argia, bertsio horizontala)
Defuntuak oroitzeko oholtxoak; argizarizko biribilkiak sutondoko sua sinbolizatzen du (tenpluan ere jarraitzen du suak). Basterretxeak forma bolumetriko beltz eta konpaktuz egindako konposizioaren bertsio horizontala da, eta, bertatik, zurezko barrualdea agertzen da. Artistak esan zuenez, hau da serieko lanik arkitektonikoena.

Euskal serie kosmogonikoa


10. ARGIZAIOLA ZUTA (Defuntuen argia, bertsio bertikala)
Bertsio honen bertikaltasunak irudi antropomorfoa eskaintzen du, eta erreferentzia argia egiten dio Barandiaranek iradokitako sinbologiari: batetik, kandela eta giza gorputza irudikatzen ditu, eta, bestetik, argia eta espiritua. Formari dagokionez, pieza estilizatua eta aurretik begiratzekoa da. Izaera artisaua dauka, eta horrek zuzenean garamatza berau inspiratu zuen objektura.

Euskal serie kosmogonikoa


11. BOST HAIZEAK
Hemen, Basterrexeak oso geometrizatutako forma-zeinua erabili zuen, fenomeno naturalari erreferentzia egiteko. Lauburua edo esbastika lerromakurra agertzen da. Jatorriz, kristautasuna baino lehenagoko sinboloa da, eta XVI eta XVII. mendeetatik erabiltzen da hilarrietan, etxeetako frontispizioetan, kutun gisa, edo, oraingo garaietan, euskal kulturaren sinbolo gisa.

Euskal serie kosmogonikoa


12. EATE (Uztak suntsitzen zituena)
Ekaitzen, suaren, uholdeen, tximisten eta urakanen jeinua. Horizontaltasun argiko eskultura da eta oreka asimetrikoan esekitako arkitektura gogorarazten du. Aldi berean, trinkoa eta arina da, artistak egindako brankako maskaroien eta masten antzera.

Euskal serie kosmogonikoa


13. MAIRUAK (Cromlechak eraikitzen zituztenak)
Antzina, dolmenak eta cromlechak eraikitzen zituzten paganoak. Hau ere aurretik ikusi beharreko pieza da; marko formako egitura dauka, eta, bertan, ildoz eta sakonunez zulatutako sei bolumen agertzen dira. Hutsunearen funtsezko presentziak Oteizaren lanera garamatza.

Euskal serie kosmogonikoa


14. OSTADAR
Ostadarra. Basterretxeak, arku bikoitza erabiliz, antzinako munduan magikotzat hartzen zen fenomeno naturala irudikatu zuen. Pieza hau serie osoko brontzezko lan bakarra da, eta zeinu-iruditik hurbil dagoen lanketa-prozesua izan zuen.

Euskal serie kosmogonikoa


15. TRIKU HARRI (Trikuharria. Omenaldia dolmenari)
Dolmen baten izena. Euskal Herrian historiaurreko monumentu hauetako asko daude. Eskultura hau, serie osoko txikiena, eskalan egindako eraikuntza arkitektonikoa da, eta, barruan, zentauro txiki bat dauka.

Euskal serie kosmogonikoa


16. MAJUE (Lurpeko jeinua)
Lurpeko jeinu kaltegarria; lurpetik irtetean, Mari emaztearekin elkartzen da, eta txingor-ekaitzak sortzen ditu. Hemen, Basterretxeak hustuketaren kontrako prozedura erabili zuen, pieza arin eta bertikalak sartuz asmo formaleko konposizio batean. Adarren leunketa-prozesua euskal makilaren lan tradizionalaren antzekoa da.

Euskal serie kosmogonikoa


17. MARI (Euskal Mitologiako jainkosa nagusia)
Leizeetan bizi den emakumezko jeinua. Kondaira herrikoiaren arabera, Mariren kobazuloa Anboto mendiaren aldeetako batean dago, Durangaldean. Aipatutako mendi horretan kobazulo eta haitzarte ugari daude. Leizeek ere eragin handia izan dute euskal artearen imajinarioan, Oteizaren artetik hasita. Serieko piezarik finenetakoa da honako hau.

Euskal serie kosmogonikoa


18. TORTO (Begi bakarreko jeinu gaiztoa)
Begi bakarreko jeinu kaltegarri eta antropofagoa. Zenbait teknikarekin (zizelkatzea eta kolatzea) egindako eskultura antropomorfo eta sexuatu honek argi erakusten du Basterretxeak mito barbaro batzuekiko interesa duela.

Euskal serie kosmogonikoa

Euskal serie kosmogonikoa

Zer duzu buruan “Euskal serie kosmogonikoa. Nestor Basterretxea.”-ri buruz

  • Euskal artea ondo baino hobeto ezagutzen duen lagun estatubatuar batekin berbetan, Oteiza eta Basterretxearen artegintzak alderatzen ibili ginen arratsalde batean. Gutxitan bezala, ondorio zenbaitera iritsi ginen.
    Erratuta egon gaitezke baina haren eta nire irudikotz, Oteizaren lana berdin-berdin emango zen oriotarra beste nonbaitekoa izanda ere. Erran nahi baita, Oteizaren lana artearen beraren bidean etorritako zerbait dela, Cezannerekin hasi eta Malevitx eta konstruktibista errusiarren bide beretik. “Bide hori amaitzea neuri egokitu zitzaidan hutsarekin egin nuenean topo” esan izan zidan behin baino gehiagotan Oteizak berak. Beste kultura batekoa balitz, amerikarra, errusiarra edo lituanoa, esaterako, seguru asko Oteizaren obra egin zuenaren oso antzekoa izango zen. Lagun amerikarrak eta biok erabaki genuen horregatik egiten zituela Oteizak halako diskurtso landuak “euskal” kontzeptuaren inguruan. Nolabait esateko, bere artegintzak, artea eta artearen historia bakarrik zeuzkala bere baitan eta horrexek derrigortzen zuela “bertakotasuna” aldarrikatzera.
    Aldiz, Basterretxeaaren obra guztian “euskal” edo dena delako hori, aitzakia baino, materia izan zen sortzeko orduan, bai serie kosmogoniko honetan eta baita gainerako lan gehienetan ere (estelak eta abar). Horregatik Nestorrek ez zuen behar izan diskurtso handiegirik “euskal” horren inguruan, errotik baita “euskal” bere obra guztia.
    Agian gauzak ez dira izango hemen agertu bezala, baina arratsalde bikaina pasatu genuen lagunak eta biok, espekulaziotan korapilatuta.