UPNek gogoratu nahi ez dituen ‘D’ ereduaren aldeko kanpainak

UPN k gogoratu nahi ez dituen ‘D’ ereduaren aldeko kanpainak

UPN

Hainbeste urtez aginte makila izan ostean, irabazleen bandokoen ondorengoentzat gogorra izan ei da joko zelaiari so egotea. Uxue Barkos Nafarroako lehendakari izendatu zutenetik, UPNko sendiak oposizioa egiten dihardu egun eta gau, gupidarik gabe, Diario de Navarra lantza punta gisa erabiliz. Eta azkenaurreko “polemika”, Foru Gobernuak ‘D’ ereduaren alde egindako kanpaina publikoak izan dira. Alberto Catalán Parlamentuko Hezkuntza Batzordeko UPNko bozeramaleak gogor salatu du Gobernuaren ekinbide “partzial eta sektarioa”.

Alberto Catalánen arabera, Gobernuak bere “interes nazionalistak irizpide pedagogikoen gainetik” jarri eta “bestelako hizkuntza ereduak aipatzen ez dituen D ereduaren aldeko kanpainak” bultzatu ditu, besteak beste. “Nafarroa ez da komunitate elebiduna, Katalunia, EAE, Valentzia edo Galizia bezala”, gogoratu du bozeramaleak.



Tira oposizioan egotearen saminak eta sukarrak bere albo kalteak ditu. Eta Catalán jaunari barkatu beharko zaio Juan Cruz Allíren UPN hark (1992) edo Miguel Sanzen UPN indartsuak (1997) martxan jarri zituen D ereduaren aldeko kanpainak ahantzi izana. Uxue Barkosen gobernua ez baita izan, kontu honetan behintzat, berritzaile eta apurtzailea, Juan Pedro Urabayen txiolariak Diario de Navarraren albiste bati erantzunaz nabarmen laga duen moduan.



Hona hemen bi UPNk diru publikoz martxan jarritako kanpainetako bi aflixa. Bertan, ikusten duzunez, ez da bestelako hizkuntza eredurik aipatzen, eta euskararen abantailak eta onurak azpimarratzen dira. “Aukeratu euskara, aukeratu etorkizuna”, dio batek. Badirudi Catalanek iragana ezabatu nahi duela, euskara ezabatu nahi duen premia berarekin.

 

UPNren gobernuen ‘D’ ereduaren aldeko kanpainak

UPN

Kristalezko bolari begira igarotzen ditut goizak eta arratsak. Eta gauez ezin dut lorik egin.