Euskal kulturaren ondarea, sakelakoan

Euskomedia Fundazioak smartphone telefonoetarako KulturMapp aplikazioa sortu du. Tresnaren helburua da Euskal Herriko kaleak gure ondarearen erakusleiho bihurtzea. Klik bat eginez erabiltzaileak hirietako zein herrietako kultura, ondare edota turismo edukien gaineko informazioa eskuratzen du modu arin eta erosoan. Une honetan Euskal Herri osoko 175 interes gune baino gehiago biltzen ditu, eta 400 irudi inguru eskaintzen ditu. Aplikazioa doakoa da eta, momentuz, Android sistema eragilea duten sakelakoetan erabil daiteke.

KulturMapp gida birtualak euskal kultura herritarren eskura jartzen du. Aplikazioa erabiltzen duenak gure herrietako monumentu esanguratsuak, eraikin garrantzitsuenak, gertaera historikoak edo pertsonaia ezagunenak hurbiletik ezagutzeko parada dauka. Horretarako informazio zehatza eta laburra biltzen du, klik batean balio handiko edukiak poltsikoan daramagun telefonoan izateko. Bestalde, euskarriak eskaintzen duen geokokatze zerbitzuak KulturMapp aplikazioa osatzen duten hiri eta herri bakoitzean egon daitezken kultur-guneak identifikatu eta mapetan kokatzen ditu.

Iraganera bidaiatzeko aukera ere ematen du, jasotzen dituen ia 400 argazki eta irudi zaharrei esker. Modu horretan, erabiltzaileak hautatu duen tokiaren itxurak urteetan izan duen eboluzioa ikusteko parada dauka, esaterako, Donostiako Igeldo Jolas Parkeak ehun urteotan izan duen bilakaera.

Euskal kulturaren gida berriak euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen du informazioa, eta epe laburrean ingelesez eta frantsesez egongo da. Gainera, metatzen dituen edukien audio-irakurketa egiten du eta, horrenbestez, sakelako telefonoan eskaintzen duen informazioa irakurri egiten du aplikazioak. Zerbitzu horri esker, erabiltzaileak aurrean duen eraikina ikusten ari den bitartean barruan gordetzen duen historia zuzenean entzuteko aukera dauka.

Egunetik egunera aplikazioak gero eta interes gune gehiago eskaintzen joango da. Une honetan 175 item baino gehiago biltzen ditu, Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko kultur-guneak, eta baita hainbat herritakoak ere hala nola, Tolosa, Bastida, etab. KulturMapp Android sistema eragilea erabiltzen duten sakelako telefonoetan instalatu daiteke. Aurrera begira IPhoneOS sistema eragilea erabiltzen dutenentzako ere egokituko da.

aplikazioa, euskalkultura, euskomedia, Kultura

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude