Euskal kulturaren kontsumoa… Nor dago ardurari heltzeko prest?
Euskal kulturaren kontsumoa… Nor dago ardurari heltzeko prest? –
“Euskarazko produktu eta zerbitzu erabilgarri askoren ezagutza mugatua da… balizko erabiltzaile gehienok ez ditugu dauden aukerak ezagutzen… Euskarazko produktuen eskaintza sakabanatuta dago, erdarazko eskaintza erraldoiaren zirrikituetan ia-ia galdurik. Oraindik ez dago halakoak ezagutarazten eta bilatzen lagunduko digun gune erreferentzialik… Euskarazko produktu eta zerbitzu guztiak sistematikoki jasoko dituen aurkibide edo direktorio baten premia dugu, non erraz izango genukeen eskaintza zein aukeren berri. Hordagoa jotzeko ordua iritsi da…”. Iñaki Martinez de Lunak Argian idatzitako lerroak dira. Eta bat nator, baina uste dut haratago joan beharra dagoela. Eta Hordagoak aspaldi behar zuela.
Ez da sinistekoa oraindik ere, 2019an, tresnarik oinarrizkoenak eratu/hedatu barik izatea. Euskarazko eskaintza bilduta ikusteko Durangora jo behar izatea ia derrigor. Euskal kultura kontsumitzea aukera militantea izatea eta ez aukera librea…
Arazoa ez baita sakabanaketa soilik. Euskarazko kultur eskaintza oso urria da erdarazkoaren aldean, baita Euskal Herrian bertan sortutako erdarazko eskaintzarekin alderatuta ere sarri. Euskarazko produktuen eskaintzarik oparoena duen denda-katean ere, adin batetik aurrerako euskarazko eskaintza hutsaren hurrengoa da erdarazkoarekin alderatuz gero.
Hain “gureak” diren eta mundu mailako erreferente euskaldunak dauzkagun mendizaletasunari, sukaldaritzari, edo txirrindularitzari lotutako eskaintzari erreparatu besterik ez dago, egoeraren larriaz ohartzeko. Esparru horietan ere, agerikoa da euskarazko eskaintzaren ahulezia ikaragarria. Hainbestekoa, non punta-puntako zenbait sortzaile euskaldunek ere erdararen aldeko apustua egiten duten, euskara bazter utzita, etekin seguruaren bila… finean euskaldunok ere erdaldun baikara.
Adibide latzak jar daitezke. Euskal Herriko bide, mendi, erreka eta bestelako bazter guztien berri erdara hutsez ematen duen ekoiztetxearena bezala, edo errezeta liburuak erdara hutsez atera eta atera ari diren sukaldari ospetsu euskaldunenak bezala, edo erdarazko hedabide-kateak euskarazkoak baino askoz hobeto zaintzen dituen Jaurlaritzarenak bezala… edota erdara hutsez ekoizten duten sortzaile ezin abertzaleago horienak bezala.
Eskaintzaren meheari, sustapen oso mugatua eta erakustoki are urriagoak gehitzen bazaizkio, eta erdarazko eskaintza animalekoa gaineratzen, ikaragarri zaila gertatzen da euskal kulturaren kontsumoa hazaraztea. Hau ez da direktorio soil batekin konpontzen (zein ona eta beharrezkoa den ere).
Egoera larri hau iraularazteko hizkuntza politika neurri sendoak abiaraztea ezinbestekoa da: sortzaile euskaldunak babestu lehenik, euskarazko eskaintza askoz gehiago ezagutarazi, saretu eta hedatu, beste hizkuntzetan sortutako kalitatezko produktuen itzulpen bidezko eskaintza ugaritu…
Ardura alderdi abertzaleena da lehenik eta behin (ez diogu beharleku hau Mendiari, Alonsori edo Abascali eskainiko ezta?), baina baita gure “konfort-eremutxotik” irten ezinda gauden euskaltzale profesionalena adibidez, eta beste euskaltzale guztiena ondotik, nori bere neurrian.
Hordago joko diogu handiari behingoz? Ala jarraituko dugu txikira enbidoka eta jokoak galtzen?
Nik ez dut ulertzen nolatan euskara bizirik dagoen, benetan harritzen nau.
Euskal erakunde, elkarte, antolamendu edo dena delakoa;abertzalea nazionalista edo autonomista, ia ia beti, askoz indar handiagoz bultzatzen du gaztelania euskera baino.
Enfin.
Noiz arte iraungo du mirariak!?
(bitartean disfrutatu!)
Hala da. Miraria da oraindik ere milaka lagunek euskarazko produktuen (gehienetan urri) aldeko apustua egitea, bateko eta besteko agintariek dagokien ardurari heldu ez, eta herritar euskaltzaleen bizkar uzten dutelarik euskari hauspoa ematen jarraitzea, noiz behinka eskupeko batzuk ematen dizkigutelarik… gure diruetatik.
Euskaldunek euskal kultura gutxi kontsumitzen dugula? Erakunde publikoetako gobernu-organoetan dauden bateko eta besteko agintari abertzaleek euskaltzaleak balira, beste kuku batek joko liguke.
Ni ikastolan hezia eta hazia izan naiz eta orain irakaskuntza sistema publikoan sarturik nago. Jakin badakit hainbeste iraintzen dituzuen zuzendari-abertzale-autonomista horiengatik izango ez balitz horiek ez lirateke existituko. Noiz arte horrelako gezurrak bota beharra? Zeinen zerbitzurako? Ikuspegi horrek izorratzen gaitu.
Bentazar, zure “zuzendari-abertzale-autonomista” maiteek 2 egiten dituzte, 10 egin litezkeelarik. Jakina, haiek agintean egon aurreko egoerarekin konparatuta, edo PSE-PP eta enparaukoek egingo luketenaren aldean, 2 horiek asko dirudite, baina duda gutxi dago ez direla aski euskara aurrera ateratzeko, are gutxiago euskaldunon bizkarrean utzita erantzukizunaren pisu handiena. Egiten diren 2 horiek, azken batean, ez dira egiten etekin politikoa ateratzeko baizik. Artikulua gezurra dela esateak zinismo handia eta manipulatze-asmoa erakusten du, eta beharbada interes pertsonala ere bai.
Ez dakit gezurra non ikusten duzun, Bentazar. Seinalatuko bazenu zuzentzen edo argitzen ahaleginduko nintzateke. Edonola ere, kritika ez zaie zuzentzen soilik “zuzendari-abertzale-autonomista” direlakoei.
Ene Garret, EAJrengatik eta berak sortutako erakunde sareengatik, hau da, diru publikoarengatik izango ez balitz ez litzateke blog hau existituko ez eta goian aipatzen diren kultura ekoizpenak. Zuk diozu EAJk hori egiten duela interes hutsez, nik diotsut hori egiten duela alderdi abertzale bat delako. Artikuluak esaten duena da euskal kulturak egun bakarreko baino erakuslehio jarraituagoa izan beharko lukeela. Hori bakarrik diru publikoaren emaitza litzateke? Orduan Bildu behin gobernua egon eta euskal kulturaren arazoak akabo?
Mesianismo gutxiago, Garret.
Diru publikoa herritarrona da, agintariek eurena balitz bezala kudeatzen duten arren sarri-askotan. Hori esanda, auziaren muina euskal kulturaren bazterreko egoera da. Behar baino gutxiago daukagu aukeran, eta gainera aurkitzeko ere zaila dago.
Ardurak ardura, baliabideak kudeatzeko eskumena daukatenek Jurlaritzan, foru aldundietan, udaletan… zerbait egiteko prest daude? Edo herritarron borondate militantearen utziko dute guztia, ohi bezala?
Beste adibide bat: Merlí telesaila. Ekoizpen katalana, mundu osoan arrakastaz zabaltzen ari dena eta bikoizketa zaindua eta egokia duena euskarara; ETBn % 1era iristen ez diren audientziekin igarotzen ari da, tamalgarria!
Agian, etb1ek, azken hogei urtetan eduki izan balu etb2k eduki duen presupuestoa, gaur egun euskaldunok, beste ohitura telebisibo bat edukiko genuke.
Ziklikoki ateratzen den eztabaida horietakoa da euskal kulturaren kontsumo irigarriaren afera. Nik ez dut soluzio magikorik, baina bi gauza aipatu nahiko nituzke. Bat, goran aipatu moduan, euskarazko kultura berritasun guztiak barnebilduko duen wegune batek ikaragarrizko potentziala edukiko luke (Musikazuzenean etortzen zait gogora). DENA bertan edukita ezinbesteko erreferentzia bihurtuko litzateke eta epe ertain-luzera produktuen kontsumoan eragiteko gaitasuna edukiko lukeela iruditzen zait. Eta bi, batez ere interneteko plazan pil-pilean dauden edukiak ez dira ahaztu behar. Egun, 25 urtetik beherako gutxik pasako dute egunean ordubete baino gehiago telebistaren aurrean. Interneten bai ordea, eta hor hutsune handi bat dago, sabuespen ohoragarriak gorabehera
Euskarazko kultura berritasun guztiak barnebilduko duen wegune bat ezinbestekoa da, baina direktorioak egon badaude (Elkarrek berak ere badauka), eta egoerak ez du hobera egin. Batetik, eskaintza oso urria delako (esparru batzuetan hutsaren hurrengoa) eta erdarazko eskaintza oso oparoa eta askotarikoa. Bestetik, ez delako euskal kulturaren sustapen ganorazkoa egiten erakunde publikoen aldetik, eta merkatuaren legeak bultzatuta, euskarazko produktuak aurkitzeko Indiana Jonesen antzera ibili behar izaten delako, hau da, militantziaz edo erabateko zaletasunaz, bila, erdarazkoari erreparatu gabe.
Interneteko edukiak, bideojokoak, Iphone bidezkoak… horietan kulerotan gaude oraindik zeharo. Hor ere agerikoa da erakunde publikoak gobernatzen dituzten agintari abertzale gehientsuenek zein gutxi arduratzen diren edota zein gutxi ezagutzen duten egoera.
Artikulugileak esan bezala, aspaldikoa da HORDAGO jotzeko garaia.
Ezdakit elkarrizketa bizi-bizi honetan parte hartzea zilegi den EAEri zergarik ordaintzen ez dion baten bati, bainan espero dut onartuko nuzuela erosle potentzial bezala bederen.
« Egoera larri hau iraularazteko… ezinbestekoa da… beste hizkuntzetan sortutako kalitatezko produktuen itzulpen bidezko eskaintza ugaritu… »
JJ Agirreren esaldi honek iratzarri nau eta maila gorenean hunki. Konfirmatu nahi nuke ene ikuspuntu partzialetik.
Zenbat aldiz ez naizen Mattin dendara joan euskarazko irakurketa baten bila eta irakurriko ez nuen nobela batekin etxeratu. Beti danik, saio politiko eta batez ere lan filosofiko zaleagoa naiz nobela zale baino. Eskaintza desorekatua dago.
Zein pozik joanen nintzan Simone Weileren « L’enracinement » edo « sustraiketa » erostera edo gaur bertan aipatu dutan Thomas Courot-ren « Lana aska dezagun »liburua.
Daukat filosofia erabakigarria dela nazio baten bizitza intelektualerako, eskasttoa den gurerako partikulazki
Izan ere behar dugu sakon eta eraginkor euskaraz hausnartzen ikasi, eta, horretarako euskarazko testu filosofiko unibertsal onenak eta egunen batean euskarazko testuak eskuragarri eukitzea ezinbestekoa da.
Obra filosofiko garrantzizuenen itzulpen programa minimo bat definitu, piskanaka burutu, eta ikastetxeetan ezagut arazi, horra bai, besteak beste, denok batera aproba eta lagun genezakeen helburua
Euskaldun bezala kezka existentziala baduzu, hau da, zure komunitatearen geroaz zalantza ugari baldin baduzu, gaur egun dugun eskaintza kulturalaren %90k ez dizu asetzen. Euskaldunok pairatzen ditugun erasoak agenda informatiboetatik at egoteak, eskaintza kulturalaren fribolitateak edo banalizazio sistematikoak (euskararen kontrako erasoengatik ez dago udalen edo Eusko Jaurlaritzaren aurrean kontzentraziorik, adibidez) eta, beste ildo batean, tremendismoan, morboan eta zurikerian oinarritutako EITBko programek (odolak ongi saltzen da), pena besterik ez didate ematen.