Eskerrak nire emazte erdaldunari!

Eskerrak nire emazte erdaldunari! –

Nire emaztea jatorri galiziarrekoa da. Bere gurasoak gazte zirela etorri ziren EHra, beste milaka bezala. Erdal giroan hazi eta hezi zen, nahiz eta garai hartan jadanik A ereduan euskara zertxobait lantzen zen eskolan.Eskerrak nire emazte erdaldunari!

Eskola garaia bukatu ondoren ez zuen harremanik izan hizkuntzarekin, harik eta lanerako B2 maila lortu behar izan zuen arte. Garai hartan ezagutu genuen elkar. Jakina, nik bere helburua lortzen lagundu nion. Berbalagun taldean ezagutu nuen, beraz, hizkuntzak elkartu gintuela esan genezake. Emakume azkarra izanik ikasteko gaitasuna du, baina hala ere, gogor lan egin behar izan zuen maila ateratzeko. Gainera, nik hurrengo urratsa gainditzea iradoki nionean, bere zalantza adierazi zidan. Nola lortuko dut ba nik hori? Oso zaila da, mundu guztiak suspenditzen du. Tira, gauza bera esaten zuen ingelesezko C1 mailarekin. Egia esan, euskarazko B2 lortuta, nik ingelesezko C1 (Advance) ateratzera animatu nuen, eta baita lortu ere. Hortaz, euskarazko C1 maila lortzea ezinbestekotzat nuen. Izan ere, nik familia euskalduna izateko asmoa nuen garai hartan (“familia euskalduna izango dut edo ez dut izango”, etengabe zebilkidan buruan) eta titulu hori, berez, ez zuen lanerako behar, baina maila bereganatzea bai (balizko umeari begira).

Aitortu behar dut lanak izan zituela ateratzeko. Baina nik jo ta fuego lagundu eta animatu nuen. 3 saialdi ondoren eta euskarazko blog bat idatzi ondoren eta -B2 atera zuenetik- euskaltegi bat bera ere zapaldu gabe, helburua burutu zuen. Hura poza hartu genuena!

Nik erabat argi nuen maila hori, azterketari zegokionez, umeak eduki aurretik atera behar zuela. Izan ere, behin umea edukita bizitza hankaz gora aldatzen da eta aldapan gora jartzen da ikasketa prozesua. Gainera, gu bizi garen ingurua erabat erdalduna da eta ez da batere lagungarria. Edonola ere, hori lortu bakarrik ez, gidabaimen azterketa ere gainditu zuen, teorikoa euskaraz egin zuelarik!

Tira, ba orduantxe ezkondu eta gutxira umea eduki genuen. Izena Enara jarri genion. Izan ere enarak jaiotzen diren garaian jaio zen eta nik halako zera, backflash izan nuen. Nire aitak enara habi bat erakutsi zidan 14 urte nituela eta ekografia ikusten nengoela, txoritxo txikiak txioka oroitu nituen. Bitxia da, baina momentu horretan bertan etorri zitzaidan “Enara” burura.

Aitortu behar dut, izena ere gogoko nuen, izan ere, modu oso baliagarria zela pentsatu nuen ikasle eta ingurukoei hitz berri bat ezagutarazteko. Eta baita horrela izan ere. Ordutik ehundaka pertsonari erakutsi diot “enara=golondrina”.

Umeen jaiotzak, bai, bizitza goitik behera aldatzen du. Aitortu behar dut, gogorra da. Neri behintzat lehen 3 hilabeteak nekagarriak egin zitzaizkidan. Baina umeak lehengo hitzak eta lehenengo interakzioa egitean, orduantxe denak pena merezi duela iruditu zitzaidan. Are gehiago euskarazko lehen hitzak esan zituenean. Aitortzen dut, horrek nire arima ukitu eta hunkitu zuen. Egia esan, lehen hitza “aita” izan zen eta lehen 2 hitz jarraiak “kaka handia”. Baina ordutik hitzak gutxika-gutxika ikasten joan zen. Lehen urte eta erdi ingurua oso etsigarria izan zen. Izan ere, nahiz eta etxean euskaraz bakarrik egin, haurreskolan gaztelania baino ez zuen ikasten. Eta aizue, haurreskola euskaldunetara eraman genuen!

Geroago esalditxoak egiten hasi zen garaia heldu zen (“Eman, pesedez”, edo “Sukaldera noaz“). Eta hor nire emaztearen kemena, lana eta adorea goraipatu behar dut. Bere lanari esker, alabaren ikasketa prozesuan aurrera egin dugu. Gaztelania ez erabiltzea borroka da gaur egun. Ez diot inoiz “euskaraz hitz egin” esaten, baizik eta “hau horrela” edo “hala da”. Emazteak aitortzen dit berak umeari egingo diola, baina euskara ez duela nik sentitzen dudan bezain sakon sentitzen. Nirekin ez du euskaraz egin nahi, batez ere haserre edo urduri badago. Bere sustraiak eta jatorriak “ez da nire hizkuntza” esatera bultzatzen du.

Nik ulertzen dut. Baina orduantxe, gure hizkuntzak ze egoera gogorra bizi duen azaltzen diot. Aitortzen dut horren harira eztabaida gogorrak izaten ditugula. Berez, bikote artean eztabaidak sortzen dira, baina egoera honek gure artean tira-bira handiak sortzen ditu. Nik azaltzen diot ez dela nire kontua soilik. Nire familiak ere ahalegin handia egiten du, eta horiek bezala, milaka euskaltzale, milaka lagun, erreka baten korrontearen aurka egunero jo ta ke borrokatzen. Vendettaren Begietara begira, OskorrirenEuskal Herrian euskaraz, OrdorikarenZaindu maite duzun hori eta horrelako abestiez baliatu naiz, nire barne-barruko kezka eta etsipena hitzen bidez adierazi ezin izan dudanean. Baliagarriak izan dira oso. Badakit nola edo hala hunkitu dutela eta sentimendu batzuk ezagutarazi dizkiotela abestiok. Baliagarria izan da era berean, Ene Kantak, Hirutxulo edo Katxiporretaren lana.*

Horiei guztiei, bihotzez ESKERRA adierazi nahi diet, sortu duten horren guztiagatik. Baina, nola ez, nire emazteari, zalantzen aurrean, bere lagun erdaldunen aurrean, eguneroko inguruaren aurrean, erakusten duen ahalegin itzelagatik. Eskerrak bere laguntza dudan! Eskerrak eman behar dizkiot, zintzoki, bere konpromisoagatik.

.

Badakit nire esperientzia ez dela bakarra. Gure herrian mestizaje handia dugu. Emakume euskaltzale gizon erdaldunekin eta alderantziz, ohiko kontua. Horrela dauden guztiei, nire eskarmentua jakinarazi nahi diet eta borroka egin dezaten animatu. Ez etsi, eutsi!

.

*Umeen erdarazko kanalak desintonizatuak ditugu.

Oharra: gure lanari babesa eman nahi badiozu, harpidetu kanalera (doakoa da eta ez dizugu ezer bidaliko).
Eskerrak nire emazte erdaldunari! Eskerrak nire emazte erdaldunari!  Eskerrak nire emazte erdaldunari! Eskerrak nire emazte erdaldunari!

Euskara irakasteko laguntza eta ekintza.

3 pentsamendu “Eskerrak nire emazte erdaldunari!”-ri buruz

  • Egoera trixtea da. Kolonizazioaren azken fasean gaude… ia amaierako asimilazioan.
    Animo!

  • euskaldun bat 2019-01-09 15:54

    “Eskerrak nire emazte erdaldunari”, ez! Eskerrak lanerako B2 maila lortu behar izan zuen!

    Bere gurasoak zer!? Puta ideiarik ere ez, 40 urte hemen bizitzen, bost axola. Emazteak zerbait, eskatu diotelako bestela hau ere kolono bera.

    Baina ezin da ezer esan… aniztasunak aberastu egiten omen gaitu. Ezker Abertzalekoen iritziz, hau ez da arazoa. Arazoa zanpatzen gaituen sistema kapitalistan omen dago. Galiziar guraso horiek gu bezala klase zapaldua gara, beraz ezin zaie konturik eskatu.

    Gero arte!

  • Ni AEBekoa naiz. Euskera ez da izan nik erabilitako hizkuntza bat umetan. Nire gurasoak EHoak izan arren, etxean gazteleraz hitz egiten genuean aitak euskera ez zekielako. Kalean, eskolan eta beste guztietan ingeleraz hitz egiten nuen. Euskera ikasten serioz 26 urterekin hasi nintzen. Gaur C1 daukat eta gai naiz edonorrekin berba egiteko. EHn bizi naiz. Nire lehengusuaren kasuan: AEBkoa, gurasoak EHkoak, etxean euskara eta kalean eta beste guztietan, nire moduan, ingeleraz. Bera AEBn bizi da. Ba nire lehengusuak gaur euskera, gaztelera eta ingelera hitz egiten du eta ez du gaztelera eskolan ikasi, EHn baizik. Honekin esan nahi dut zure emaztea zure umeari gazteleraz hitz egin arren, zuk euskeraz egiten badiozu eta hori mantentzen baduzu, berak oso ondo ikasiko duela. Geroago eskertuko dizu, ziur nago. Nik eskertuko niokeen nire amari aintzinan euskeraz egin balit. Izan ere, nire euskara ibilbidea askoz laburrago eta errezago izango zatekeen. Halere, gogoa dagoenean, aldaparik ez, zein ikasten eta zein berba egiten. Eta berba egiten dugunok, euskeraz jarraitzen badugu, besteak gurengana etorriko dira ze aukera hori badugu. The power of the spoken word.