Pako Aristi: “Euskal kultura herri honen identitatea sortzeko ezinbesteko osagaia izan behar da”

Pako Aristi: “Euskal kultura herri honen identitatea sortzeko ezinbesteko osagaia izan behar da” –

1985ean argitaratu zituen Erein argitaletxeak Pako Aristi (Urrestilla, 1963) gaztearen lehen bi liburuak: Kcappo eta Euskal kantagintza berria (1961-1985). Nobelak ibilbide luzea izan du, baina musikagintzari buruzkoa agortuta egon da aspalditik. 35 urte geroago, biak berrargitaratu dira, eta lan horien eta beste kontu askoren inguruan hitz egin digu Aristik, bere-berea duen begirada zorrotzez.

21 urterekin, artean Kazetaritza ikasle zinela, jaso zenuen euskal musikagintzari buruzko liburua egiteko enkargua. Aukera aparta izango zen, baina erantzukizuna ere sentituko zenuen ala?
Ez nuen ardurarengan pentsatu. Ilusio handia izan zen, euskal kantagintza asko jarraitzen nuelako. Institutuan Iñaki Azkune irakasleak euskal liburuak ematen izikigun irakurtzeko eta, aldi berean, euskal diskoak jartzen zituen. Euskal musika erreferente bat bihurtu zen ikasle guztiontzat, diskoak eta kantuen letrak pasatzen genizkion elkarri. Niretzat idoloak ziren eta bat-batean eurekin egoteko aukera izan nuen.

Bernardo Atxagak proposatu omen zuen zure izena…
Ikasle nintzela, nire lehenengo elkarrizketak egiten hasi nintzen. Atxagari egin nion elkarrizketa eta aprobetxatu nuen nire ipuin batzuk pasatzeko berari. Handik gutxira deitu eta esan zidan ipuinak ondo zeudela, animoak eman zizkidan. Atxagak planteatu zuen liburu hau Erein argitaletxean, beharrezkoa zelako, eta elkarrizketen bidez jasotzeko egitura ere berak ekarri zuen. Nire izena eman zuen, eta haiek konfiantza izan zuten gugan.

Kontaeraren estiloa Rolling Stone aldizkaritik hartu zenuen, ezta?
Arazoa zen neukan materialari zer forma eman. Bestetik, erreferente falta neukan, ez zegoen ezer idatzia euskal kantagintzari buruz jarraikortasunez. Rolling Stone aldizkaria 60ko hamarkadan sortu zen Estatu Batuetan, eta unibertsitatean Reportajes. El nuevo periodismo en ‘Rolling Stone’ liburua irakurri genuen, Anagramak ateratakoa. Erreportajeen antologia bat zen, espainolez, asko gustatu zitzaidan estiloa eta hori aplikatu nuen nire liburuan. Elkarrizketak zatikatu egiten zituzten, eta sarreran elkarrizketatuarekin nola geratu ziren idazten zuten, zer ekarri zuen jantzita, zer gertatu zen… Egun osoa pasatzen zuten elkarrekin, euren ikuspegi borobilagoa izateko. Hori planteatu nuen hemen.

Kantari horiengana egindako bidaia kontatu zenuen, alter egoen bidez. 
Nik neukan informazio erreala fikzioan bildu nuen, baina kontatzen den guztia egiazkoa da; adibidez, Mixel Labeguerirekin geratu ginen, oilasko-etxaldea zeukan eta bertako oilaskoa prestatu zuen. Horrek ematen dizu panorama bat ikusteko nola bizi diren. Iparraldean ezberdin bizi dira Hegoaldearekin alderatuz. Kantari batekin geratzen bazara, zita seguru asko jatetxean edo kafetegian izango da, etxera ez zaitu eramango; Iparraldean, bai. Detaile horiek herri baten bizitza kulturala erakusten dute, mugaren alde batean egon ala bestean.

Liburuaren hutsuneetako bat emakumeen presentzia urria da. Berrargitaratzean epilogo bat egitea pentsatu al zenuen?
Bere horretan utzi genuen. Gainetik irakurtzean sumatu ditut hutsuneak, garrantzitsuak direnak eta bazterrean utzi nituenak garai hartan. Bata da emakumearen presentzia; horretaz asko sentsibilizatu gara urte hauetan, mugimendu garrantzitsua egon da funtsezko errealitate hori ezagutzeko. Garai hartan inork ez zeukan buruan emakumearen presentzia ikertu behar zenik. Kantarien artean oso emakume gutxi zeuden, eta kantariek osatzen zituzten taldeetako musikariak ere denak gizonak ziren, oso mundu maskulinoa zen, beste alor gehienetan bezala. Nik azpimarratu nituen emakume batzuk merezi zutenak leku gehiago, batez ere Amaia Zubiria, Lurdes Iriondo, Odile Krutzeta, Estitxu, Maite Idirin… Horrez gain, aipatu gabe utzi nituen musika zabaltzen lan handia egindako berbena-taldeak, irratiak… Ezin zen dena sartu eta, gainera, espero nuen etorriko zirela beste liburu batzuk gai honi buruz, osatzen lagunduko zutenk. Tamalez, ez da egon beste liburu orokor bat, sektorialak baizik. Gure kulturaren gabezia erakusten du horrek.

Jon Eskisabelek garai hartatik hona izandako aldaketa nagusiak jaso ditu hitzaurrean: teknologiaren eragina, atomizazioa, autoekoizpena… Zer nabarmenduko zenuke?
Musika entzuteko modua asko aldatu da: lehen diskoa osorik entzuten zen eta orain kantuak entzuten dira. Diskoa jarri eta etxe osoan entzuten zen edo lagunen artean, eta orain norberak bakarrik kaskoak jarrita, ez da partekatzen hainbeste. Frankismotik gentozen, herri hau suntsitua zen, politikoki eta kulturalki desagertzeko bidean, eta horren aurrean erreakzio gisa gauza asko sortu zen, kantagintza tartean. Kantagintza hasi zen euskal nortasuna osatzen eta sendatzen, lan pedagogiko handia egin zuen. Euskal Herria zer zen agertzen zuten kantuetan, horrek zekarren identitatea osatzea, jendeak kantuak entzuten Euskal Herriaren ideia bat hartzen zuen. Urteekin, kantagintzaren funtzio hori edo birsortze kulturalarena galdu egin zen, beste arte-espresio guztiak bezala gizartearen isla bihurtu zen. Gizartea bera indibidualizatzen joan bada, herri-kontzientzia eta ideologia galtzen, kantagintza ere bide beretik joan da.

Kcappo ere 1985ean kaleratu zen. Bere garaiko istorioa da, baina eskoletan irakurtzekoen artean sartu eta ibilbide luzea izan du. Gaztetxoek zer jasotzen dute liburutik?
Aspaldian ez naiz beraiekin egon, baina lehen asko harritzen ziren eszena erotikoekin. Agertzen zen naturalismoz deskribatua, eta garai hartan sexu esplizitua oso gutxi agertua zen euskal literaturan. Erotismoa beti izan da gai polemikoa, inoiz ez da normalizatua egon. Sexuaren inguruan beti dago zerbait misteriotsua, iluna, tabua da. Sexua gure funtzioetako bat da, jaten edo arnasa hartzen dugun bezala.

35 urteko ibilbidean genero asko landu dituzu.
Genero guztiak interesatu izan zaizkit, hori bizitzaren aurrean daukadan interesaren isla da. Beti izan naiz irekia, eta gustatu izan zait jendea ezagutzea eta eurekin hitz egitea. Hori literaturara eraman dut. Gure mundua sailkatua dago, etiketaz betea, baina horiek gainditzeko jarrera izan dut beti, eta jakin-min handia izan dudanez, denetik irakurri dut. Idazteko orduan genero asko ukitu ditut, ez dudalako sailkapenetan sinesten. Nobela batean poesia asko egon liteke, eta poema batzuetan istorioak kontatzen dira. Gauza guztiak ukitzen saiatu naiz, eta ez bereziki genero bakoitzaren arauak errespetatzen.

Zer bilakaera ikusten duzu zure idazkeran?
Nire irakurketen araberakoa izan da eboluzioa. Esango nuke gaztetan barrokoagoa nintzela, asko nekiela uste nuen eta nekien guztia agertzeko joera nuen. Adinarekin, konturatu naiz oso gutxi dakidala, horrek eraman nau ez hain barroko idaztera, zehatzago izatera. Ideia etorri eta berehala idazten nuen gaztetan; orain, gogoeta egiten dut, hilabeteak edo urteak egon hausnartzen, eta gero idazten hasi. Zuhurtzia eman dit eta estiloan ere antzemango da.

Kazetaritzan ere aritzen zara. Zer ematen dizu iritzi artikuluak idazteak?
Asko gustatzen zait kazetaritza. Karrera debozio handiz ikasi nuen, eta egunkarietan elkarrizketa eta erreportaje asko idatzi izan dut. Kolaborazioak gutxi ordaintzen hasi zirenez, utzi egin nuen, baina iritzi artikuluekin jarraitu nahi izan dut. Munduan gertatzen diren gauzei buruz gogoeta asko egiten dut, ulertzen saiatzen naiz zergatik gertatzen diren gauzak. Gogoeta egitea gustatzen zait eta ondorioak atera ditudanean artikuluetan partekatzea, intelektualki bizirik egoten laguntzen dit.

Zer funtzio bete behar du iritzi artikuluak?
Hiru gauza izan behar ditu, medikuek egiten dutena kontsultan: lehenengo diagnostikoa, sendatzeko konponbideak eman eta, azkenik, pronostikoa egin aurrera begira. Sistema hori aplikatu izan dut beti. Artikulu asko diagnostikoa bakarrik izaten da eta hori pobrea da.

Zure artikuluetan askotan adierazi duzu euskal gizarteak jarrera otzana duela.
Disneylandia bihurtzen ari garela aipatu izan dut azken artikuluetan, arrazoi askorengatik. Turismo pila etortzen da kostaldera eta eurentzat izaten diren ekimen denak espainolez egiten dituzte, euskaraz apenas. Turistak nahi izaten du bertakoa ezagutu, eta guk alderantziz egiten dugu, gurea ezabatu eta espainolismoa erakutsi. Turistak uste du Espainian egon dela, ez du bereizten Euskal Herrian izan denik. Euskal hiztunen komunitatea gutxiengoa gara; nahiz eta presentzia kulturala eta politikoa badugun, indartsuagoa izan zitekeen. Gasteizko Parlamentuan euskara ehuneko hogei erabiltzen da, eta euskal alderdi abertzale deitutakoek, ehuneko hirurogeiko presentzia dute bien artean. Boluntarioki uko egiten diote euskaraz hitz egiteari, ez dituztelako ulertzen alderdi espainolistek. Orduan, daukagun botereak, nahiz eta menpekoa izan, emandako baliabideak ere ez ditugu aprobetxatzen. Gauza asko daude euskal komunitatearen barruan, eta horregatik esaten dut otzanduta dagoela eta izpiritu kritikoa galduta. Euskaraz idazten duten zutabegile askorengan ere ikusten da. Eguneroko ohiturei buruzko artikuluak idazten dituzte baina gehiago sakondu gabe, menpekotasuna garatzen duen sistema arakatu gabe. Oso azalean geratzen dira eta inor ez molestatzeko artikuluak idazten dituzte. Beldurra ere ikusten dut, boterearekin ondo konpondu nahia.

Kulturgileen prekarietatearen salaketa ere egin duzu.
Kulturak ahuldade handi bat du: dirulaguntzen menpekotasuna. Ez luke ahuldade hori izan beharko, baina kritiko samarra bada kultura, arazoak izan ditzake laguntzak lortzeko, botereak asko kontrolatzen duelako. Prekarietatea ez dute denek salatu aurretik, batzuek nahiago zuten isilik egon eta ikusi ea zer laguntza jasotzen duten. Konfinamenduak erraztu egin du salaketa hori, jendea larriago sentitu da eta orokorragoa izan da. Erakundeek ez digute dirurik ematen, gure dirua da haiek daukatena. Haiek administratu egiten dute eta erabakitzen dute nola banatu. Ez diozu eskerrik eman behar edo erreguka aritu diru-eske, zure dirua da. Exijitu behar duzuna da dirua herri baten interes politikoen arabera banatzea. Botereak hierarkia bat ezartzen du laguntza banatzeko orduan, nolabait definitzen du herri hori nolako izango den, zer egongo den indartsu eta zer ahul. Botereak hierarkizatzen du bere interesen arabera, eta guk erreibindikatu behar duguna da kultura garrantzitsua dela herri baten nortasuna definitzeko eta finkatzeko. Herri batek nortasun propioarekin bizirik irauteko kultura ezinbestekoa du, eta euskaraz izan behar du. Horri garrantzia eman behar zaio eta jendeari azaldu zergatik den garrantzitsua euskaraz egiten den kultura. Kulturalki oso indartsuak diren herrialdeek sekulako dirutza inbertitu dute kultura indartzeko, euren hizkuntzan sortzeko eta munduan zabaltzeko. Gauzak ez dira kasualitatez gertatzen, sistema ekonomiko bat ideia baten zerbitzura jarrita baizik. Horrelako ekimenak eta ideiak falta dira hemen. Euskal kultura herri honen identitatea sortzeko ezinbesteko osagaia izan behar da. Ekimena eta helburuak zehaztu behar dira, dirua dedikatu eta ebaluazio bat egin emaitzak aztertzeko. Agintariek, alderdi batekoek zein bestekoek, ez dute euskal kultura serio hartzen, egin dezaketen gutxienekoa egiten dute, jendea ez haserretzeko eta botoak ez galtzeko.

Pako Aristi: “Euskal kultura herri honen identitatea sortzeko ezinbesteko osagaia izan behar da”

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.