Euskal jatorrikoak Titanic ontziaren naufragioan
Euskal jatorrikoak Titanic ontziaren naufragioan –
Titanic-en naufragioa eta haren inguruko tragedia oso ezagutuak dira mundu osoan. Itsasontzi erraldoia zen, bere garaian, pasaiariak eramateko munduan zen handiena; britainiarrek egin zuten 1909 eta 1912 urteren artean, Belfast-eko Harland & Wollf ontzioletan. 1912ko apirilaren 10ean lehen bidaiari ekin zion, Ingalaterrako hegoaldean den Southampton-eko portutik abiatuz eta New York-era zihoan. Cherburgon (Frantzian) egin zuen lehen geldialdia eta Irlandako Quessnstown-en (gaur Cobh deitua) bigarrena. Hortik abiatuz, Ozeano Atlantikoan barneratu zen eta apirilaren 14an, 23:40etan, Ternuako hegoaldetik 600 kilometrora zegoela, talka egin zuen izozmendi batekin. Horren ondorioz, zulo handi bat zabaldu zitzaion istriborrean, flotazio marraren azpian. Bi ordu eta erdiz, itsasontzia hondoratzen aritu zen branka aldean, eta anartean, pittaka-pittaka, txopa igo egin zitzaion.
Pasaiarien artean, baziren munduko aberats handiak, eta baita Ipar Amerikara, etorkizun hobe baten bila zihoazen migratzaile irlandar, ingeles eta eskandinaviar franko ere. Itsasontzian, eskifaia eta pasaiarien artean, 2.208 pertsona zihoazen, eta horietatik 1496 pertsona hil ziren naufragio hartan. Txalupatxoetan, lehenik emakumeak eta haurrak sartu zituzten, eta gizon franko tokirik gabe gelditu ziren. Apirilaren 15ean, 02:17etan, itsasontzia bi zatitan puskatu zen, eta hondoratu zen oraindik barnean zeuden ehunka pertsona berarekin eramanez. Uretan igerika edo hondakinen artean flotatzen gelditu ziren gehien-gehienak hipotermiaz hil ziren. 04:00etan Carpathia itsasontzia laguntzera hurbildu zen eta uretatik 712 pertsona bizirik erreskatatu zituen.
Film, liburu, erakusketa, hitzaldi, kantu, olerki eta narrazio ugari egin dituzte Titanic-en naufragioa kontatuz, eta hori dela eta, ziur aski izanen da gizateriaren memoria kolektiboan atxiki den itsasontzirik famatuena. 1985eko irailaren 1ean, Robert Ballard ozeanografo estatubatuarrak Titanic-en hondakinak aurkitu zituen Ipar Atlantikoko uretan, 3784 metroko sakon-gune batean. Hondakin horietatik objektu anitz atera dituzte eta gaur mundu zabaleko museo askotan erakusgai daude.
Pasaiarien artean, bi euskal-amerikar zihoazen, biak lehen mailako geletan. Manuel Urutxurtu Ramirez mexikarra eta Ramon Artagabeitia Gomez uruguaiarra. Biak zendu ziren Titanic-en naufragioan. Hirugarren euskal-amerikar bat, garai hartan hamalau urte zituen Gustavo Agirre Benabides mexikarra (1897-1982), Titanic-ekoak laguntzera hurbildu zen Frankfurt fragatan zihoan, eta aipatu itsasontziko kareletik tragedia ikusi ahal izan zuen, Texas-etik abiatua zen eta Berlingo unibertsitatera zihoan elektrikari ingeniaritza ikasketak egitera. Gerora idatzi zuen oroi-liburuan kontatu zuenez, hondakinen artean flotatzen ehunka gorpu ikusi zituzten. Ikus ditzagun orain naufragio hartan hil ziren euskal jatorrizko bi gizon haien datuak eta biografiak.
1.- Manuel Urutxurtu Ramirez.
Manuel Urutxurtu Ramirez Mexikoko familia aberats bateko semea zen eta Titanic-en bidaiatu zuenean, sona handiko abokatua eta diputatua zen. Euskal jatorrikoa; haren berraitona, Pedro Mateo Urutxurtu Eiurbide, Arratiakoa zen, eta XIX. mendearen hastapenetan, Mexikora bizitzera joana zen.
Manuel Urutxurtu 1872ko ekainaren 27an jaio zen Sonora estatuko Hermosillo herrian, oligarkia mexikarraren familia batean. Aita Mateo Urutxurtu Diaz zuen eta ama, Mercedes Ramirez Estrella. Gazte zela, Mexiko hiriko unibertsitatera joan zen abokatu ikasketak egitera, eta ikaskide zuen Gertrudis Caraza Landero aristokratarekin ezkondu zen eta zazpi seme-alaba izan zituzten. Porfiro Diaz presidentearen diktaduraren aldekoak ziren eta hori dela eta, Mexikoko politikagintzan aritzeko ate guztiak zabalik izan zituen. Naufragioan zendu zenean diputatua zen. 1911n, Porfirio Diazen diktadura erori zenean, Europara ihes egin behar izan zuen eta luzaz, Pariseko hotel batean bizi izan zen. Europan zela, harreman estuak izan zituen Mexikotik ihes egindako beste politikari eta errefuxiatuekin.
1912ko apirilean, Porfirio Diazen aldekoek New York hirian egin behar zuten ekitaldi batera gonbidatu zuten eta hara joateko asmoz Paris izeneko itsasontzirako bidai-txartela erosi zuen. Ekitaldi horretara zihoan lagun batek bazuen Titanic-en txartela erosia, eta azken momentuan, ongi ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik, txartelak trukatu zituzten. Hau da, Manuek Urutxurtu Titanic-en lehen bidaia hartan joan zen lehen mailako pasaiari gisa.
1912ko apirilaren 15ean, Titanic-en naufragioa gertatu zenean, Manuek Urutxurturi, senatari izanik, txalupetako batean leku erreserbatu zioten. Itsasontzian bazen 29 urteko emakume gazte bat, Elizabeth Rameel-Nyce izeneko ingelesa, txalupa horretan sartzen saiatu zena. New York-en senarra eta semea zain zituela zioen garrasika. Baina, txalupa leporaino bete-beterik zegoenez, ez zioten sartzen utzi. Hori ikusirik, Manuel Urutxurtu altxatu eta bere tokia utzi zion. Emakume hori salbatu zen baina Urutxurtu Ipar Atlantikoko ur izoztuetan ito zen. Hil zelarik, hogeita hemeretzi urte zituen eta ez zuten bere gorpua aurkitu. Gerora, emakume ingelesak aitortu zuenez, zain zituen senarraren eta semearen kontua bere amarrua izan zen bizitza txalupa hartan salbatu ahal izateko. Alejandro Garate Urutxurtu bilobak liburu bat idatzia du Manuel Urutxurturen bizipenak eta heriotza kontatuz.
2.- Ramon Artagabeitia Gomez
Ramon Fermin Artagabeitia uruguaiarra zen, euskal jatorriko familia aberats bateko semea. Aita Ramon Bernardo Artagabeitia Urioste santurtziarra zuen eta ama, berriz, Maria Josefa Gomez Calvo. 1826an ezkondu ziren eta bederatzi seme-alaba izan zituzten, horietako bat, Ramon Fermin semea. Aitak txalupa zerbitzu bat sortu eta kudeatu zuen Uruguaiko kostaldean, horrela diru asko eginez. Hortik zetorkion Artagabeitia familiari bere fortuna handia. Ramon Artagabeitia izan zen bere garaian oso pertsonaia garrantzitsua Montevideoko gizartean.
Jakin badakigu bi naufragio jasan zituela. Lehena, hogeita hamaika urte zituenean. Amerika baporean zihoan Rio de la Platan hondoratu zenean. Orduan onik atera zen naufragiotik, haatik, berrogei urte berantago, 1912ko apirilaren 14an, Titanik-en bidaiatzen ari zela, bizia galdu zuen orduko naufragioan. Zendu zenean, hirurogeita hamalau urte zituen.
Josu Hormaetxea ikerlari eta idazle bizkaitarrak Manuel Artagabeitiaren bizitza aztertu du eta ikerketak plazaratu duen liburu batean ditu azaldu. Horretarako Uruguaira joan zen eta han ibili zen agiriak eta garaiko albisteak bilatzen, baita Artagabeitia familiaren ondorengoekin hitz egiten ere. Horrela lortu zuen Ramon Artagabeitiak, Titanic ontziak Irlandan egin zuen geldialdia baliatuz, handik familiari igorri zion eskutitza. Berari zor dizkiogu gaur ezagutzen ditugun datu eta zehazkizun asko. Iduriz, naufragioa gertatu zenean, Ramon Artagabeitia itsasoan flotatzen aritu izan zen, lau ordu eta berrogeita hamahiru minutuz, baltsa moduan erabili zuen hamaka baten gainean. Erreskateko laguntzak iritsi zirenerako, jadanik hila zen. Gorpua Uruguaira eraman zuten eta bertan zuten ehortzi.
https://juandemariana.org/ijm-actualidad/analisis-diario/el-titanic-hundio-la-libertad-economica-de-eeuu/