XIX. mendeko euskal jantzien eta dantzarien akuarelak

XIX. mendeko euskal jantzien eta dantzarien akuarelak –

Dantzan.eus ataritik jasoak.

Dantzari eta musikari lapurtarren akuarela ederrak daude Baionako Mediatekako Res. 41 bilduman. XIX. mende hasierako pertsonen eta jantzien 96 irudi dira bilduma horretan daudenak.

XIX. mendeko euskal jantzien eta dantzarien akuarelakAkuarelen berri Bilketa, Euskal funtsen atariari esker jakin dugu. Ez daukagu egileen edo daten inguruko informazio zehatzik, baina duela 200 urte inguruko pertsonen gorputz osoko irudiek bestelako zenbait datu erakusten dizkigute; orduko janzkera, apaingarriak, tresnak edota lanbideak esaterako. Egilea ez da ezagutzen, baina badirudi bildumako 89 akuarelak pertsona berak eginikoa direla, denak estilo bertsukoak baitira.

Hainbat lapurtar dantzari eta musikari agertzen dira bildumaren hasieran. Dantzariek, egun, kaskarotak bezala ezagutzen diren Lapurdiko dantzarien itxura dute.

Zuriz jantzita ageri dira, girgilak edo kaskabiloak dituzte galtzetan eta oinetakoetan, sorbaldatik tiranteak, besoetan xingolak, gerrikoa, eskularru zuriak eta loredun kapelak daramatzate.

Dantzariak dantzarako posturan edo urratsen bat egiten ageri dira irudietan, askok landare adarra daramate eskuan. Zenbait dokumentuetan dantza-luzeetan makila batekin aipatzen dira dantzariak eta XX. mendean madari-ondo batekin ezagutu izan ditugu, madari eta guzti maiz.

Irudietako beste dantzari batzuek, berriz, “Vive le roi et madame” (Gora erregea eta Anderea) bandera daramate; hori dela eta aditu batzuek uste dute Marie-Caroline de Bourbon-Sicile-k, Berry-ko dukesak, 1828an Baionan egin zuen bisitako ongi etorri ekitaldikoak direla.

Musikariek dantzarien janzkera bertsua daramate; txirula eta ttun-ttuna edota danborra jotzen agertzen dira irudietan.

.

Baionako kasinoan aurkeztu zen bilduma

1897an, Société d’Ethnographie nationale et d’Art populaire erakundeak (Etnografia nazionala eta arte herrikoiaren sozietatea) Donibane Lohizunen, “euskal tradizioaren kongresua” antolatu zuen, kultur ekitaldi eta mintzaldi zientifikoz osatua. Hiriko Kasino handian, erakusketan antolatu zuten, eta bildumako akuarelak han aurkeztu ziren.

Dantzariez eta musikariez gain, bikoteak, kartolen gainean bidaiatzen ari direnak, ganaduarekin lanean dabiltzan abeltzainak edota zankoekin dabiltzanen marrazkiak jaso dira bilduman. Zangoen gainean agertzen diren pertsonaia horiek Landetako herritarrak izan daitezke.

Charles Bernadou (1841-1901) historialariak erakusketaren deskribapena idatzi zuen Parisen 1899an argitaratutako Tradition au Pays Basque : ethnographie, folk-lore, art populaire, histoire, hagiographie liburuan: “Saloieko lau zokoetan, hirurogei edo laurogei akuarela zintzilikatuak dira, 1823an Angulemako dukesari aurkeztu zitzaion Euskal jantziak andana osatzen dutena: Etxeko andrea, dantzariak, euskaldunak kakoletetan, jostunak, eta abar. Boneta eta dilingoko buztan luzeko zapi gorriak, gure zapi ñimiñoko euskal neskatxa ederrak negar egiteraino irri arazten dituztenak”.

Hasieran aipatu dugun moduan, bildumako lehengo 86 irudiak egile berarenak dirudite baina badira beste 7 akuarela beste molde batekoak diruditenak, akaso beranduago bildumari gehituak; datozen bi akuarelak esaterako.

Bilduma osoa: Euskal jantzien eta dantzarien akuarelak
Iturria: Euskal jantziak akuarelan, 1828 (bilketa.eus)
Dokumentu digitalizatua: Euskal jantziak akuarelan, 1828 (bilketa.eus)
euskal jantzien eta dantzarien akuarelak euskal jantzien eta dantzarien akuarelak euskal jantzien eta dantzarien akuarelak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.