Kritika Zinematografikoa: (FANT 2023) Euskal Herriko film labur fantastikoak

Kritika Zinematografikoa: (FANT 2023) Euskal Herriko film labur fantastikoak –
Kritika Zinematografikoa: (FANT 2023) Euskal Herriko film labur fantastikoak

.

FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoak jaialdiak nazioarteko eremutik datozen proposamenen inguruko programazioa proposatzen badu ere, euskal sormenak badu bere presentzia, eta hala, dozena ingurukoa izan ohi den bilduman, euskal fantastikoaren pultsua somatzeko aukera ederra suertatzen da.

Aurtengoan 11 izan dira FANT LABURREAN: EUSKAL FILMAK ataleko aukeratuak, eta bi fenomeno ematen dira, itxuraz aurkako korronte direnak:

  1.  Egiletzaren izenak elkarren artean trukatu egiten dira zenbaitetan, labur baten zuzendari denak beste labur batzuetan funtzio teknikoak, antzezpena edo beste eratako zereginak betetzea ez da arraroa. Pentsa genezake euskal diskurtso filmiko fantastikoa endogamikoegia izan litekeela. Baina…
  2.  Aukeraketa izugarri fresko eta anitza suertatzen da, generoak, tonuak eta erregistroak biderkatu eta ihesaldi oso bestelakoak plazaratuz.

Kritika Zinematografikoa: (FANT 2023) Euskal Herriko film labur fantastikoak

Hala, aniztasunaren sentsazio gozoa uzten du laginak, eta akaso batasun elementuak aurkitzea erronka polita izan liteke. Saia gaitezen bildumaren kate luzea osatzen elkarren artean dauden elementu bestelakoen uretan murgilduz.

Lehen katebegia txikiena dugu, denen artean minimalistena, Anatael Perez-en TOC, 5 minutu eta hogeitahamar plano pasatxoko pildoratxoa, gizon batek objektuen eta bizitzaren ordenaren dependentzia muturrekoa kontatuko diguna. Aktore bakarra istorio xumea kontatzeko, mundu garaikideak sortzen dituen zamen ideia plazaratzeko.

Eremu intimoan ematen diren mundu sintetikoaren kontraesanak eremu publikoenera eramango ditu Nerea Torrijos jantzi diseinatzaileak bere zuzendaritzako lehen lan honetan, Influencer izenburupean. Sare sozialek gizabanakoaren izatasuna irensteko duten arriskua lehen terminora eramango da Edurne Azkaratek bere gorputza celebrity baten antzera aldatuko duen heinean. Black Mirror oihartzunak harrapatuta, puntu interesgarri ugari ditu, hala nola, elkarrizketak apenas ez erabiltzea eta hitzek ia zentzu kakofonikoa izatea.

Gorputzaren tratamendua Lle Godoyren Encajada laburraren ardatza ere bada, nahiz eta gorputz perfektuetatik aldenduta, zahartzaroaren gorputzaren esplorazioa egingo den. Ane Guisasolaren haragitze zoragarri eta muturrekoaren bitartez, gela narrats batetako eta lokatzez beteriko bidearen eszenatokiak baliatuko ditu Godoyk amesgaizto distortsionatua eratzeko.

Testura oniriko eta ankerrak hartuko du, halaber, Ni a Sol ni a Sombra Talia Hernandoren lehen lana, bilduman dagoen lan sozialena ezbairik gabe. Basoaren erdian emakume batek bere bizitzako maitasunaren jaiotza oroituko du, gizon horrek berak mendekuz beteriko erasoa egingo dion unean bertan. Eremuaren ertzak desitxuratuz eta zuhaitzen bertikaltasuna baliatuz, kartzela sinbolikoaren ideia datorkigu egoki, indarkeriaren inguruko hausnarketa psikologikoan.

Psikologoaren kontsulta izango da, halaber, Alumbramiento Imanol Ortiz Lopez-en laburraren hasiera. Haurdun dagoen emakumeak bere fobia eta traumak kontatuko ditu. Irudi dokumentalekin hasi ondoren, tonu aldaketa bortitza izango du, eta lan honetan azalduko da era honetako jaialdietan horren ohikoa den munstroaren irudikapen bakarra, Kafkaren eta Gigerren iturrietatik edanez.

Munstro bakarra da, baina ez mehatxu bakarra. Aitzol Saratxagaren Lanbroa lan bikainean, basotik datorren arriskuak baldintzatuko du aita eta amaren landa bizimodua. Geroz eta urrunago iristen den laino lazgarria tarteko, Saratxagaren kamerak zoragarri jasotzen du pertsonen arteko tentsioa, western-aren arrastoari jarraituta, eta Shyamalan bezalako egileen marrazte atmosferiko primerakoa pantailaratuz.

Inguruak iradokitzen duena ere diskurtsoaren giltzarri erabatekoa da Holiday laburrean, Laura Guerricaechevarriaren lehen lan dotore eta ederrean. Ipuin gotiko erakargarria, etxe sorginduaren bitartez iraganaren nostalgiaren inguruko parabola ederra bideratuko da errealaren eta barne sentipenaren arteko atarian eraikiko den kontakizunean, kasik mamu bilakatzen diren bi emakumeren bitartez.

Errealitatea eta barne sentipenaren arteko zirrikitua zabalduko da baita ere Polita, Eneko Muruzabal-en pelikula bitxian. Iradokiko zaigun etorkizuneko gizarte ekologikoki kaltetuan, haragia jatea ez da zilegia, eta goi mailako kirolari gaztearentzat giltzarria izan liteke arrakasta lortzeko. Haragi honek sortzen duen txute aluzinogenoaren tankerako barne irudietan zabalduko da  animalien mundura gerturatuko gaituen errealitatea.

Etorkizun distopikoaren forma ere baliatuko du bildumako proposamen ez ohikoenak, Nitya Lopez-en Niña Coyote eta Chico Tornado vs Don Condor eta Ñora Alacran lanak. Bi bideoklip-ek eratuko dute kontakizuna, nolabait superbizipena jokoan den talent show makabroaren irudikapena. Musikarien sorkuntza da pelikularen pultsu erabatekoa, gozamen bisual handiko lan honetan.

Ez horrenbesteraino, baina musika, jai baten girotzea ere izango da El Fiestón labur fresko eta xaloaren erritmoa. Gorka Aginagalde eta Xabi Vitoriaren zuzendaritzapean, adinean sartuta diren pertsonaien patetismoa izango da ardatza, etxe batean ematen den neurri gabeko jaian. Elkarrizketa azkarren bitartez eta pertsonaia estereotipatuak baliatuta, erreakzio komikoa xede nagusi duen (eta oso duina da hau) laburra da.

Tonu eta erregistro komiko berdintsuekin (eta aktore taldean aurpegi berdin asko direla), Superjodidosek, Gastón Haag zuzendari dela, superheroiaren irudia baliatuta galtzailearen figuraren marrazte zoragarria egiten du. Erreferentziaz beterik den laburrean (Big Lebowski edo Mistery Men), era bizarroan tratatuko da pertsonaia heroiko hauen istorioa, izan ere, denok berezi bagara ez al gara denok arrunt?

(…)

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika Zinematografikoa: (FANT 2023) Euskal Herriko film labur fantastikoak

Kritika Zinematografikoa: (FANT 2023) Euskal Herriko film labur fantastikoak

Euskal pantailaren gunea