Euskal Herri osoko milaka ikaslek hasiera emango diote Durangoko Azokako 54. edizioari
Euskal Herri osoko milaka ikaslek hasiera emango diote Durangoko Azokako 54. edizioari –
- Ate irekiera 10:30ean izango da Landako Gunean, eta goiz osoan zehar Euskal Herri osoko ikasleek Azokak antolatu dituen tailerretan parte hartuko dute.
- Inaugurazio ekitaldia 19:00etan izango da, Musika Eskolan. Bertan Azokako eta erakundeko publikoetako ordezkariek parte hartuko dute.
- Lehenengo egunean ere hamaika jarduera egongo dira Azokako zazpi guneetan. Sinaduren ordutegia www.durangokoazoka.eus webgunean ikusgai.
Ordu batzuk baino ez dira falta Durangoko Azokako 54. edizioa hasteko, eta Landako gunean muntaketa-lanak amaitzen ari dira dagoeneko. Bihartik hasita eta abenduaren 8ra arte, kulturzaleek 200 ekitaldiz osatutako egitarauaz gozatu ahal izango dute, Azokako zazpi guneetan. Landako Gunean 264 erakusleiho izango dituzte, 405 nobedaderekin: 273 liburu, 91 disko, 16 aldizkari eta abar.
Urtero bezala, Landako Guneko ordutegia 10:30etik 20:00ak arte izango da. Bihar, lehenengo eguna izanik, ate-irekiera ekitaldia 10:15ean izango da, Landako etorbideko atean. Bertan, Arymux artistak, zeinu-hizkuntzan egindako ikuskizun laburra egingo du, eta berak irekiko ditu Landako Guneko ateak, Durangoko Azokako 54. edizioari hasiera emanez.
Landako Guneko ateak zabaldu eta azken urteetan bezalaxe, milaka ikaslek Durangoko Azokako zazpi guneak leporaino beteko dituzte. Euskal Herri osoko ikastetxeak gerturatuko dira Durangora: Agoitz, Portugalete, Usurbil, Ziburu, Sodupe, Bera, Kanbo, Lartzabale, Trapagaran, Durana, Oion, Mutriku, Otsagabia eta abar.
Goiz osoan zehar, ikasleek disziplina ezberdinetako tailerretan parte hartzeko aukera izango dute: “Enkarguz” tailerra Ahotsenean (Andoni Egaña, Alberto de Abajo eta Xabier Zabalarekin); “Liburu bat egingo dut” tailerra Areto Nagusian (Euskal Editoreen Elkarteak antolatuta); “Soinu efektuak zinemagintzan” Irudienean (Pixelatuk eta Zineuskadik antolatuta), Moon konputagailu baten funtzionamendua ulertzeko mahai jolasa Kabi@n;euskal kantagintzaren transmisioa Plateruenan (Luhartz taldearekin); “Hitzik gabe gelditu ziren ipuinak” Saguganbaran; antzerkia sortzeko lehenengo urratsak Szenatokian (Karrika antzerki taldearen eskutik); kaligrafia tailerra (Arte eta Historia Museoan) eta kaligrama tailerra (Durangoko Bizenta Mogel Liburutegian).
Aldi berean, Musika Eskolan, DA! PRO egitasmoa antolatuko da lehenengo aldiz, musikari, programatzaile eta diskoetxeen arteko topagunea, hain zuzen. 17 musika taldek aurkezpenak egingo dituzte musika-industriako kideen aurrean, 10:00etatik 13:00ak arte. Ekimen hau Musika Bulegoarekin elkarlanean egingo da.
Behin Ikasle Goiza amaituta, Azoka bere ohiko egitarauarekin hasiko da. Ahotseneako zuzenekoen karpan, Mockers, La Basu, Oreka Tx, Iñorkiñak, Xabi Bandini, Xatiro, Willis Drummond eta Sharon Stoner taldeak arituko dira. Solasaldien gunean, bere aldetik, sortzaile ugarik parte hartuko dute: Yolanda Arrieta, Asel Luzarraga, Iñigo Astiz, Maite Mutuberria, Felipe Juaristi, Mikel Markez, Miren Agur Meabe eta abar.
Areto Nagusian lehenengo aurkezpenekin hasiko dira 13:30etik aurrera, eta hainbat gai jorratuko dituzte: Kikarakada proiektua, EuskarAbentura 2020, Bizkaiko egoitzetako grebalarien testigantzak, Alex Txikon mendizalearen “Mundu bat motxilan” eta abar.
Irudienean Ipar Euskal Herriko ekoizpenak izango dira protagonista: “Hiru uhinak” dokumentala, “Ito” fikziozko film labur kolektiboa, “Tantaka” websaila… Kabi@n proiektu oso interesgarri bi aurkeztuko dira: ZUT aldizkari digital multimedia eta IXA websaila alde batetik; eta bestetik Hirikilabs egitasmoa.
Saguganbaran, areto handian oso aurkezpen ezberdinak egongo dira: Xapoketan karta-jokoa, Xaxardi haurrentzako ipuinaren aurkezpena, Kokojoko bideo-jokoa eta abar.
54DAko inaugurazio ekitaldia 19:00etan izango da, Musika Eskolan. “Oparitarako” izeneko ekitaldia Kepa Errasti aktoreak gidatuko du, eta, bertan, Azokako ordezkari eta babesle publikoetako ordezkariek parte hartuko dute. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Lehendakari Iñigo Urkullu, Durangoko alkate Ima Garrastatxu, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzarako Foru diputatu Sergio Murillo eta Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuko kontseilari Ana Ollo. Herri-mugimendu eta euskalgintzako kideak ere bertan izango dira.
Urtero bezala, eguna Plateruenan amaituko dugu. Lehenengo gau honetan Arabako ska doinuak izango dira protagonista: ETS En Tol Sarmiento taldeak “Aukera berriak” lana aurkeztuko du (8 euro webgunean eta 10 euro txarteldegian).
Unean uneko egitaraua eta sortzaileen sinadura-ordutegiak www.durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daitezke egunero.
Durangoko Azokako antolakuntzak dei egiten die bisitariei garraio publikoa erabiltzeko Durangora etortzeko. Euskotrenek, adibidez, zerbitzu bereziak eskainiko ditu abenduaren 6an, 7an eta 8an:
Autoa erabiltzekotan, azokazaleek doako autobus-zerbitzua izango dute Iurretako peaje alboko aparkalekuetatik Landako guneraino, 20 minutuko maiztasunarekin, goizeko 10:30etik 20:00ak arte.