Azkue Fundazioak, euskal dantzen inguruko aplikazioa aurkeztu du

Azkue Fundazioak, euskal dantzen inguruko aplikazioa aurkeztu du

Azkue Fundazioak euskal dantzei buruzko euskarazko SOKA, euskal dantza aplikazioa aurkeztu du, gaur goizean Euskararen Etxean. Aurkezpenean Lorea Bilbaok, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua; Pantxoa Etchegoinek, (Euskal Kultur Elkarteko zuzendaria) eta Iurdana Acacusok (Azkue Fundazioko zuzendaria) parte hartu dute.

Azkue Fundazioak, euskal dantzen inguruko aplikazioa aurkeztu du

SOKA, euskal dantza aplikazioa Azkue Fundazioa eta Euskal Kultur Erakundearen arteko elkarlanean garatutako, euskal dantzaren mediazio eta transmisio proiektu orokor batean kokatzen da. EKEk ekoiztutako euskal dantzari buruzko Soka, euskal dantzaren urratsetan erakusketan oinarrituta dago aplikazioaren edukia eta horren helburua, euskal dantzen inguruko edukiak areagotu eta zabaltzea da. Azkue Fundazioak, SOKA aplikazioaren bidez, gizarteari euskal dantzen mundura hurbildu eta disziplina artistiko honi buruz gehiago ezagutzeko aukera eskaini nahi dio, modu eta baliabide erakargarri eta ludikoaz baliatuz.

SOKA aplikazioa euskal dantzak hedatu eta sustatzeko sortu da eta, beraz, aplikazioak euskal dantzei buruz gehiago ezagutzea ekarriko du, aukera berri bat zabalduko duelako smartphonen eta tableten bidez dantza ezberdinak non dantzatzen diren eta noiz, deskubrituz eta ezagutzeko ahalmena erraztuz.

Aplikazioaren egitura eta nondik norakoak Euskal Kultur Erakundeak sortutako Soka erakusketa eta dantzan.eus atariko eduki ezberdinak erabili dira aplikazioa sortzeko. Aplikazioko edukiak modu didaktiko, atsegin eta dibertigarrian aurkezteko bi ataletan banatuta dago: alde batetik, Euskal Herri osoko dantza ekitaldien egutegia; eta beste aldetik, euskal dantzen inguruko galdera-erantzunen jokoa.

Aplikazioa, bestalde, Android eta iOS sistema eragiletako smartphone zein tabletetarako dago eskuragarri eta dohainik deskargatu daiteke Google Play eta Apple Store dendetan.

SOKAk modu atsegin, didaktiko eta ludikoaz zabaldu nahi ditu euskal dantzen inguruko edukiak eta horregatik, jokoaren atalean, erabiltzaileak eduki hauei buruzko informazioa jasoko du galdera-erantzunen bitartez.

Jolasak hirurogei galdera ditu lau maila ezberdinetan sailkatuta: kautera, jolasaren maila errazena; bolanta; aurreskularia; eta azkena eta zailena, dantza-maisua. Atal bakoitza ikono eta kolore bati lotuta dago.

Galdera bakoitza dagokion saileko ikono eta kolorearekin agertzen da pantailan. Jolasterakoan, sistemak puntuazio sistema bat du eta erabiltzaileak emandako erantzunen araberako puntuazioa gordetzen du, bukatzerakoan ranking bat eskainiz.

Galderak Soka, euskal dantzaren urratsetan erakusketaren edukietan oinarritu dira. Oier Araolaza, Xabier Itzaina eta Roger Goyhenetche adituek finkatu zituzten erakusketaren nondik-norakoak. Azpimarratzeko eta eskertzekoa da gainera dantzan.eus atariari esker lortu zirela erakusketarako irudi eta materiala ugari.

Egutegia atalari dagokionez, Euskal Herri osoko dantzei buruzko informazio osatua eskaintzen da aplikazioan bertan. Erabiltzaileak bi baliabide izango ditu informazioa eskuratzeko, hitzorduen zerrenda edo maparen bitartez.

Dantzan.eus eta Soka, euskal dantzaren urratsetan erakusketa informazio-iturri gisa erabili dira eta urtean zehar Euskal Herri osoan zehar ospatzen diren dantzen zerrenda osatu da. Dataren araberako zerrenda zein maparen bitartez, dantza horren inguruko informazio osatua eskaintzen da. Dantza bakoitza ospatzen den data, kokapen geografikoa (Google Mapsekin lotuta) eta horri buruzko informazioa eskaintzen zaio erabiltzaileari.

.

Aplikazioaren aurkezpena

Euskararen Etxean burutu den SOKA, euskal dantza aplikazioaren aurkezpenean Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua; Pantxoa Etchegoinek, (Euskal Kultur Elkarteko zuzendaria) eta Iurdana Acacusok (Azkue Fundazioko zuzendaria) parte hartu dute.

Lorea Bilbaok, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura ordezkariak, euskal kulturaren alde egindako ekarpentzat  jo du SOKA, bere sorreratik. Iparralde eta Hegoaldeko erakunde hauen arteko elkarlanaz aritu da baita ere. Halaber, Pantxoa Etchegoinek, EKEko zuzendariak, Azkue Fundazioaren urte osoan zehar burutzen duen elkarlana azpimarratu du eta kasu zehatz honetan eduki hauek formatu eta baliabide berrietara egokitzeko ahalegina nabarmendu du. “Soka app bezalako ekarpenak oso interesgarriak dira, Azkue Fundazioak lagun asko dituelako, eta lagunen komunitateak posible egiten duelako euskal dantzen ezagupena hedatzea”. Azkenik, Iurdana Acasusok aplikazioaren nondik norakoak azaldu ditu.

Bukatzeko, gogoratu Soka, euskal dantzaren urratsetan erakusketa ikusgai dagoela Euskararen Etxean abuztuaren 31ra arte eta doako bisita gidatuak eskaintzen ditugula.

euskal dantzen inguruko aplikazioa euskal dantzen inguruko aplikazioa euskal dantzen inguruko aplikazioa