Euskal Animazioak bere indarra erakutsiko du Annecyn

Euskal Animazioak bere indarra erakutsiko du Annecyn –

Animaziozko zinema galaz jantziko da urteko hitzordu garrantzitsuenetako batera joateko, Annecyko Jaialdira, hain zuzen ere. Jaialdia datorren igandean, ekainaren 11n, hasiko da, eta 18ra arte burutuko da. Astebetez, Frantzia hego-ekialdeko udalerri horretan bilduko dira nazioarteko animazioaren munduko profesionalik garrantzitsuenak, bai jaialdian bertan, bai MIFA merkatuan. Besteak beste, ‘Unicorn Wars’, ‘Loop’ eta ‘Black is Beltza II: Ainhoa’ bezalako lan nabarmenekin azken urteotan gorakada handia izan duten animazioaren sektoreko euskal zinegile asko bertaratuko dira.

Euskal Animazioak bere indarra erakutsiko du Annecyn

Jaialdiaren barruan ‘La gran cita de Conej’ film laburraren proiekzioa izango dugu, Graduation Films in Competition sailean. Pablo Rios Digipen Schooleko ikasleak egindako lana da, eta dagoeneko jaialdi garrantzitsuetan parte hartu du, hala nola Malagan edo Athens Animfesten, non sari bat jaso zuen. Gainera, aurtengo  Marché du Films merkatu ospetsuko 2cool4school atalean parte hartu du.

Uniko ere ez da faltako MIFA azokarekin duen ohiko hitzordura. Gogorarazi behar da, Estatuko zein Europako ekoiztetxerik garrantzitsuenetakoa dela. Oraingoan, Bilboko enpresa hiru proiekturekin joango da, eta horien artean Work In Progress atalean parte hartuko duen ‘El sueño de la Sultana’ dago. Isabel Herguera zuzendari donostiarrak idatzitako ipuin feminista indiar hau bere etorkizuneko apustuetako bat da eta Sultana Films, Gatoverde Producciones, Abano Produccións, Mikrofilm AS, Stemo Production eta Vamos Animation enpresekin batera ekoitzi du. Gainera, 268 proiekturen artean hautatutako ‘Titán Tofu’ film laburrarekin ere izango dira bertan. María Luqueroren, Unikoren eta Abano Produccións-en lan honen pitching bat egiteko aukera izango dute Mifa Pitches Presentation atalean.

Era berean, ordezkaritza bikoitza izango dugu emakumeek gidatutako proiektuen nazioarteko presentzia bultzatzea helburu duen Women in Animation from Spain atalean. Bertaratzen direnek Unikok Frantziako hitzordu horretan erakutsiko duen hirugarren proiektu bat ezagutzeko aukera ere izango dute, ‘El cuerpo de Cristo’ izenekoa. Izen bereko komikiaren egokitzapen hau Beatriz Lemak zuzentzen du eta Abano Produccións-ekin batera ekoizten dute, beste behin ere bi ekoiztetxeek egundaino arrakasta handia eman dien tandema osatuz.

Halaber, sail berean ‘Cinderella enmascarada’ telesaila aukeratu dute. Aipatzekoa da Myriam Ballesteros zuzendari ospetsuaren proiektu hau MB Producciones-ek ekoizten duela eta 2020an Cartoon Forum-en parte hartzeko hautatua izan zela, animaziozko serieetarako koprodukziorako Europako foroan.

Gainera, koprodukzioa, nazioarteko salmenta-eragileak edo finantziazioa bilatzea bezalako helburuekin ere bertaratuko dira beste euskal ekoiztetxe batzuk, hala nola Agurtzane Intxaurragaren (Dibulitoon Studio) ‘Run, Kuru, Run!’; Diego Cagideren eta Diego Luceroren (Dibulitoon Studio eta Malabar) ‘Robotia’, Juanjo Elordiren (Lotura Films) ‘Kima & Amik’ eta Imanol Zinkunegiren (Lotura Films) ‘Ikusezinak’ lanekin.

Euskal Animazioak bere indarra erakutsiko du Annecyn

ZINEUSKADI irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta kide fundatzaileen artean daude Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Euskadiko produktoreen bi elkarteak:IBAIA eta EPE-APV. 2014 urtetik Euskal Irrati Telebista, Festival Internacional de Cine de Donostia San Sebastian S.A. eta Fundación Filmoteca Vasca erakundeak ditu bazkide.