Etxepare Euskal Institutuak eta UPV/EHUk euskara eta euskal kultura atzerrian irakasteko formakuntza antolatu dute

Etxepare Euskal Institutuak eta UPV/EHUk euskara eta euskal kultura atzerrian – 

  • Etxepare Euskal Institutuak eta UPV/EHUk antolatutako ikastaroak euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntzan atzerrian edo eremu eleanitzetan ariko diren irakasleen eta irakurle izateko interesa dutenen prestakuntzan sakontzea du helburu.
  • Urriaren 6tik azaroaren 25era bitartean egingo da UPV/EHUren Donostiako campusean eta izen-emateak zabalik daude dagoeneko.

Etxepare Euskal Institutuak, atzerrian euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntza sendotzea helburu duen ikastaroaren hamargarren edizioa antolatu du UPV/EHUrekin lankidetzan. 2023ko urriaren 6tik azaroaren 25era egingo da ostiraletan eta larunbatetan, Donostiako Campuseko Elbira Zipitria eraikinean, “Atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasteko prestakuntza ikastaroa izenpean.

Etxepare Euskal Institutuak Euskal Ikasketen ikusgarritasuna eta horien integrazioa sustatzen du nazioarteko unibertsitateetan eta goi-mailako ikasketa zentroetan, euskal ikasketei zabalkundea, sakontasuna eta prestigioa emateko helburuz. Gaur egun, Euskal Herritik kanpoko 35 unibertsitatek osatzen dute Institutuak sustatzen duen irakurletza sareaEkimen ezberdinen bitartez (ikastaroak, irakurleen topaketak…) Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura eskolak ematen dituzten irakasleak, alegia, irakurleak trebatzen ditu. Ehundura hau indartzeko, Institutuaren estrategian kokatzen da irakurleek eta irakurle izan nahi dutenek trebakuntza egokia jasotzea. “Atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasteko prestakuntza ikastaroa” programa honen baitan dago.

Atzerrian edota eremu eleanitzetan euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntzan jarduten duten irakurleei, Giza eta Gizarte Zientzietako goi-mailako tituludunei eta graduko azken urteko ikasleei dago bideratuta ikastaroa. Halaber, ikastaro honek euskara edo/eta kultura eremu eleanitzetan landu behar duten irakasleentzat prestakuntza ere bada. Puntako aditu eta eskarmentu handiko irakasleen eskutik, askotariko diziplinak jorratuko dituzten saioetan antolatuta egongo da ikastaroa.

Metodologia, tresna eta baliabide didaktikoak landuko dira euskara eta euskal kulturaren irakaskuntzan aplikatzeko, eta Euskal Ikasketekin lotutako nazioarteko ingurune akademikoei buruzko ikuspegi zabala eta pluridiziplinarraren inguruan hausnartuko da. Ikasleei euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasteko oinarri sendoa emateko, Euskal Ikasketen didaktika hainbat ikuspegitatik aztertuko dira: hizkuntzalaritza, gramatika, metodologia, kultura eta zibilizazioa. Ikastaroa amaitzen duten ikasleek UPV/EHUren ziurtagiri ofiziala jasoko dute.

Zazpi asteko iraupena izango du ikastaroak, bi multzotan sailkatuta, eta 19 adituk gidatuko dituzte jakintza arlo desberdinetako saioak. Lehenengo multzoak hizkuntza izango du ardatz. Saio horietan hizkuntza ikasteko jarrera, motibazio, gidalerro eta proposamen praktikoak irakatsiko dituzte Ibon Manterola UPV/EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko ikertzaile eta irakasleak, Cecilia Fernandez Gogo Elebiduna ikertaldeko kideak eta Kinku Zinkunegi Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programaren arduradunak, besteak beste. Bestalde, bigarren multzoak kultura izango du gai nagusi: euskal literatura, tradizioak, iruditeria eta pentsamendua transmititzen ikasteko metodologiak eta irizpideak emango dituzte Mari Jose Olaziregik –UPV/EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakaslea-, Ismael Manterolak –UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoa eta Artearen Historian doktorea-, eta Haritz Azurmendik –Gizarte Zientzietan doktorea eta Jakin aldizkariko kazetaria-, beste hainbat adituen artean. Gainera, atzerriko unibertsitatetan irakurleak izan direnen esperientziatik abiatuta, proiektu pedagogikoen prestaketa eta irakurle izateko lehen urratsak landuko dira.

Matrikulazio epea zabalik izango da, irailaren 20ra arte, ehu.eus webgunean. 

VI. Irakurleen topaketa

Pasa den uztailean Institutuak VI. Irakurleen Topaketa antolatu zuen. Nazioarteko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasten duten 23 irakurle elkartu ziren ikasturtearen balorazioa egiteko eta etorkizuneko erronkak partekatzeko. Urtero antolatzen den topaketak hitzaldiak eta talde dinamikak barne hartu ditu.  Ekimen hau irakurleen sarea ehuntzeko xedez antolatzen da.  

Etxepare Euskal Institutuak eta UPV/EHUk euskara eta euskal kultura atzerrian irakasteko formakuntza antolatu dute