Euskal Herria karta postala da!

Euskal Herria karta postala da! –

Euskal Herria karta postala da!
2023ko Tourra Baionan

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Uda huntako irudi nagusietarik bat Euskal Herrian, berdin nagusiena, izan da naski, Frantziako itzuliaren hastapena Bilbotik eta ondotik izan diren hiru egunak Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdin barna. Kirola maite ukan ala ez, denek ikusi ditugu irudi horiek. Milaka lagun bilduak bide bazterretan, ikurrinak eskuetan, liranja kolorezko kamisetak jantzirik. Irudi horiek munduko itzulia egin dute. Zenbait egun berantago, Iparraldeko herri batzuetan atera ziren salaketa batzuk, espekulazioaren aurka, euskal herria ez dela karta postal bat. Ez dakit bi gertakarien artean loturarik baden baina interesgarri iduritzen zait biak lotzea. Zer ikusi dugu, zer ikusi da Frantziako itzuliaren irudietan? Leku desberdinak eta zoragarriak, behin ere ikusi ez diren moduan, ongi filmatuak, helikopteroz bereziki, eta giro ikaragarria. Beste molde batez labur biltzeko, Euskal Herriak eskaini ditu “Tour de France” enpresak nahi zituen irudiak. Nahi zuen karta postala. Eta karta postal hori, 80 telebista kateren bitartez, 190 herritarat zabaldua izan da. Frantziako Itzuliaren abiatzea antolatzeak kostu bat badu. Hamar bat milioi euro entzun denez. Dirutza ikaragarria. Hedapenaren araberakoa. Bederen miliar bat ikuslek ikusi dituzte gure lekuak eta Tourrak gure herrian sortu duen giroa. Baina ez hori bakarrik. Irudiak berak mintzo ziren. Izan da ikusten ahal zena eta bestalde ulertzen ahal zena deusik erran gabe. Lehen bi egunetan milaka euskal bandera eta espainolak izigarri guti. Nehor ez da menturatu erratera Espainiatik abiatzen zela Tourra. Edo guti. Muga pasatu eta, zenbait frantses bandera ikusirik ere, gehien gehienak ikurrinak ziren. Bideetako tindaketa guziak euskaraz ziren eta gure eguneroko borrokek ukan dute behar zuten lekua. Euskarak ere ukan du bere lekua. Bilbotik Baionara etapak euskaraz komentatuak izan dira. Eta lehen aldikotz, Cofidis enpresak “speaker” euskaldun bat erabili du karabana animatzeko. “Hau ez da muga, zubia da” entzun da. Azpimarratu behar dena. Eta horrez gain bi euskal txirrindularik, Pello Bilbaok eta Ion Izagirrek nork bere etapa irabazi dutelarik, haien izenaren ondoan agertu zen bandera euskal ikurrina zen. Zerbait aldatu da Tourrean, edo Tourraren bitartez. Euskal Herria agertu da mundu osoan, bere nortasunarekin, bere ikurrinarekin, bere giroarekin. Euskal Herria agertu da den bezala, bere edertasunean, karta postal bat bezala… Zergatik ez onartu leku berezi batean bizi garela. Karta postal batean bizi garela. Hori dugu zaindu behar. Arazoa ez da karta postala izatea, arazoa ez da leku turistikoa izatea, arazoa da sortzen ahal diren desbideratze noragabeak: masa turismoa eta espekulazioa ditugu salatu behar, gure kultura eta mintzaira behar ditugu indartu eta gure nortasuna bultzatu. Horiek dira gure borrokak. Euskal Herria karta postala da baina ez bakarrik, borroka lurraldea ere.

Euskal Herria karta postala da!

Euskal Herria karta postala da!

Abertzaleen Batasuneko eta Baterako kidea. Ezpeletako hautetsia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude