Aste berriko estreinaldiak!

Estreinaldiak: Urtarrilak 18

Glass

Aurretik ekoitzitako Unbrekable eta Split filmak utzitako lekukoa hartuta, David Dunn (Bruce Willis) protagonistaren urratsak eta abenturak jarraituko ditu Glass filmak ere bai. Oraingoan, La Bestia izenez ezaguturiko figura ahalguztidunaren bilaketa izango da filmaren motorra.

The Favourite

XVIII.mende hasierako Ingalaterran kokatuko gaitu Yorgos Lanthimos grekoaren filmak. Gerra garaiko ezegonkortasuna, botere borrokak, koroaren defentsa, aristokrazia, adiskidetasuna, traizioa eta anbizioa dira pelikulak nahasten dituen osagaiak. Gustuko bidean, ez omen da aldaparik. Eta, tarteka, eskrupulorik ere ez.

Nazioarteko zinema jaialdi eta sari banaketa nagusiak igarota, errekonozimenduen uzta jasotzeko garaia du orain. Istorioa ez ezik, aktore nagusien lana nabarmentzekoa.

Gente que viene y bah

Zinema espainiarraren urteko lehen saiakera. Ustez, bizimodu eroso eta zoriontsua darama Bea protagonistak, ezustean bere bikotearen traizioa eta lan eremuko desengainua sufrituko dituen arte. Egoerarekin etsiturik, jatorrira, gurasoen herrira, egingo du buelta, paisaia idiliko horrek patuak kendu dion zoriontasuna itzuliko diolakoan.

Argumentu errepikakorra izanagatik, eman diezaiogun aukera bat Clara Lago, Carmen Maura, Alexandra Jiménez eta Álex García protagonista dituen komedia honi.

A Dog’s Way Home

Txakurrik duzuenok badakizue ez dela munduan zuen kidearengatik bananduko zaituzten indarrik… Sortzen den lotura paregabe horren erakusle da filma, zeinak Bella txakur emearen abentura erakutsiko digun. Jabearengandik banatua izan eta gero, ia 400 millako bidaia egingo du txakurrak etxera itzultzeko.

La gran aventura de los Lunnis y el libro mágico

Ohituraz, EiTBren euskarazko kateak ematen dituen marrazki bizidunen zale dira (eta izan gara!)  haur euskaldun gehienak, baina egon, badira Espainiar Telebistaren eskaintzaz gozatzen dutenak ere. Horientzat egina da film hau, urteetan TVEren haurren programazioaren jaun eta jabe izan diren Lunni txotxongiloen abentura berri bat.

Irudimena eta fantasiaren munduak arrisku larrian daude,eta Mar protagonistaren eskuetan egongo da horiek salbatzea. Liburu eta istorio zale amorratua da Mar, eta aitonak kontatutako ipuinekin ikasitakoarekin gaizkia garaitzeko adina dakiela pentsatuko du. Merlin aztia, Pinocho panpina, Oz lurraldeko magoa, Hamelingo flauta jolea, Perez Sagutxoa… haurren irudimeneko pertsonaia guzti horiek izango ditu bidaide.

Asteko estreinaldi guztiak ezagutzeko, sartu ZINEAn!

Aste berriko estreinaldiak!

Euskal pantailaren gunea