Estreinaldiak: Urriak 9

Été 85

Alexis gaztea itotzeko zorian izango da bere itsasontzia Normandiako kostaldean irauli ondoren. Zorionez, David agertuko da, heroi salbatzailea. Alexisi bere ametsetako laguna ezagutu berri duela irudituko zaio, baina 1985eko uda baino gehiago iraungo al du amets horrek?

68. Donostia Zinemaldian aurkeztu du François Ozon zinegile frantziarrak bere filma, Cannesko zigilua daramana. Sail ofizialean lehiatu da.

 

ARZAK since 1897

Ostalaritza ikastea erabaki zuenean, zera erantzun zion amak Juan Mariri: egin zezala etorkizun handiagoko karrera bat. Harrez gero joan diren 60 urte hauetan, gastronomiak sekulako prestigioa hartu du gizartean. Juan Mari bilakaera horren parte garrantzitsua izan da. Eta Arzak, Donostiako Mirakruz gainean kokatutako familiarteko jatetxea, munduko jatetxerik onenetakoa bilakatu da azken urte hauetan. Belaunaldi berri baten txanda da orain. Elena Arzakek, Juan Mariren alabak, hartu du aitaren testigua. Erretiratzeko momentua iritsi zaio Juan Mariri,  bere ibilbideari errepasoa emateko unea.

Asier Altunak zuzendutako filma 68. Donostia Zinemaldian aurkeztu da, Culinary Zinema sailean.

 

The King of Staten Island

Pete Davidson aktoreak Staten Islanden igarotako urteen inguruko komedia sasi-autobiografikoa da. Davisonek berak idatzi du gidoia Dave Sirus eta filmeko zuzendaria den Judd Apatow zinegilearekin batera.

 

Dehesa, el bosque del lince ibérico

Iberiar Penintsulan ezkutuan dagoen Dehesa basora egindako bidaia proposatuko digu Joaquín Gutiérrezek. Arteak, artelatzak eta erkametzak gudu-zelai bat sortzen dute bertan, non belarjale handiak errenditu egiten diren, katamotz iberiar dotore eta isilak eta arrano bikainak ehizatzen dituzten, eta loreek harrapariak ezkutatzen dituzten kamuflaje harrigarriekin.

 

Cartas Mojadas

Milaka pertsonek Mediterraneoa zeharkatu dute azken urteetan Europara iristeko asmoz, eta Paula Palacios zinegileak zuzendutako dokumentalak hori du hain zuzen ere mintzagai: historia garaikideko epopeia tragikoena. Open Arms GKEaren itsasontzia lagun, amek beraien seme-alabei idatzitako gutunek gidatuko dute filma.

Estreinaldiak: Urriak 9
Zinea.eus

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude