Estreinaldiak: Ekainak 21
Estreinaldiak: Ekainak 21 –
Estreinaldiak: Ekainak 21
Toy Story 4
Orain bi urte inguru, ezustean, Pixar ekoiztetxeak iritziz aldatu zuen, eta Toy Story sail arrakastatsuak trilogia izateari utziko ziola erabaki zuen. Hain zuzen, laukoaren lehen atala izan zen animazioaren erraldoiak ekoiztutako lehen film luzea, eta 24 urte beranduago argitaratuko dute laugarren kapitulua.
Forky jostailu berria eta Bo Beepen berragerpena -haren hutsunea nabarmena izan zen hirugarren alean- dira Toy Story 4 filmeko nobedade nagusiak. Andy eta Bonnieren zaintza eta ardura izango dira Woody protagonistaren lehentasuna oraingoan ere, eta bere gain hartu beharko du adiskide berria ere balore horien itzalean hezteko ardura.
‘Godzilla: King of the Monsters
Industria amerikarrak ezin izan dio eutsi Japoniarren mostruo ezagunenarekin jolastearen tentaldiari, eta hauxe duzue 2014an ezagutu genuen lehen film horri Hollywoodek eman dion jarraipena. Monarch agentziako kriptozoologoek munstro talde erraldoi bati egin beharko diote aurre oraingoan, Godzilla tarteko. Eutsi gogor Mothra, Rodan eta gizartearen azken nemesiari, King Ghidorah -ri alegia.
Mid90s
Hamahiru urteko nerabea da Stevie protagonista, 90 hamarkadako Los Angelesen bizi da, eta udako oporrak ezagutu berri duen lagun taldearekin igarotzearekin egiten du amets.
Kiniela guztien arabera, urteko estreinaldi nabarmenetarikoa izango da Jonah Hill estatu batuarrarena. Argumentuak itxura gozoa izanagatik, nerabezaro zein etxeko arazoen erakuslehio dramatikoa da filma.
Nuestro tiempo
Zezen basatiak hezten dituen Tlaxcala (Mexiko) herriko ganadutegi bat izango da istorioaren ezsenatoki nagusia, eta bertan bizi den familia kosmopolita horren protagonista.
Estherrek indarrez eta determinazioz dihardu eremuaren kudeaketan eta idazle arrakastatsua den Juanek, aldiz, abereen zaintza hartu du bere gain. Egun batetik bestera, beste gizon batekin maitemindu egingo da, Juanen bizi itxaropen eta ametsak errotik zapuztuz.
Tell It to the Bees
Izen bereko eleberriaren moldaketa zinematografikoa dugu asteko altxorra den estreinaldi hau, Annabel Jankel britaniarraren eskutik helduko zaiguna.
1950 urtean, Britainia Handiko herrixka txiki batean, Jean Markham doktoreak Lydia ezagutuko du, gaixo baten ama ezkongabea, eta harekin harreman bat hasiko du. Egoera horrek hautsak harrotuko ditu herritarren artean.