Esther Ferrer: “Bazterrean gustura egiten dut lan”

Gure Artea 2012 saria jaso zuen irailean, urteetako lan artistikoari omenez. Esther Ferrer (Donostia, 1937), baina, ez da horrelakoen oso zale, inoren onarpena espero izan gabe sortzen baitu; bizitzeko, bai, baina beretzat, aske sentitzeko, mundua ulertzen saiatzeko.

Duela hiru hamarkada Frantziara aire garbi bila hegan egin zuenetik, tarteka, “nahi baino gutxiagotan”, Paristik etxera itzultzen den akzio artista da. 2008an Arte Plastikoen Saria aitortu zion Espainiako Kultura Ministerioak eta orduan hurbileko medioentzat “ikusezin izatetik opaku izatera” pasatu zela dio berak, gurean nekez jaso baitu Ameriketako Estatu Batuetan edo Europan barrena eskaini dioten arreta eta begirunea.
Kazetaritza ikasketak hasi zituen arren, 1968an Opuseko unibertsitatetik bota zutenean erabaki zuen beste honi heltzea, gaurdaino. Apurtzailea, abangoardista eta, berak ezetz esan arren, transgresorea; ideia argiko emakumea, feminista, materialetan pobrea baina kontzeptutan aberatsa. Biluzik edo azalore bat buru gainean duela ager daiteke bere performancetan, ezin aldez aurretik jakin; garaikidea zentzu guztietan, 75 urteko gaztea.

Zure adinarekin, sariak ibilbide osoa errekonozitzera datoz. Nola daramazu?
Tira, lehen unean gaizki, larritasuna sorrarazten dit; iruditzen zait erantzukizun handiagoa dudala, ez publikoari gustatzearena, horrek ez bainau sekula arduratu, baina akaso obligazio asko ezartzen dizkiot neure buruari, nahiz eta agian ez diren errealak izango, irudizkoak baizik. Gero ahaztu egiten zait eta askoz hobe da horrela.

“Arte garaikideari eta euskal kulturari eginiko ekarpena” saritu dute. Zer esango zenuke zuk zeuk zure jardueraren aspekturen bat azpimarratzeko eskatuko banizu?
Ba ez dakit, beharbada hainbeste urtez independente mantendu izana, inori ezer eskatu gabe, ez bekarik, ez bestelako diru-laguntzarik… baina beste artista askok ere horrelaxe dihardute, beraz…

Dena den, ez al duzu onarpen handiagoa sentitzen atzerrian etxean baino?
Urte asko daramatzat kanpoan bizitzen, normala da, ez?

…bagenekien ironia zela zure zigiluetako bat… absurdoa eta umorea bezainbeste.
Asko gustatzen zaizkit, gainera, uste dut gaur egun kosta ahala kosta gorde behar dugun gauzetako bat dela umorea, eta ironia ere bai, distantzia hartu eta errealitateari modu objektiboan begiratzea posible egiten duelako. Miguel Mihura, Enrique Jardiel eta Alfred Jarry-ren antzerki obra zentzugabeak, adibidez, oso gustura hartzen ditut.

Esther Ferrer: "Bazterrean gustura egiten dut lan"Akzio artearen aitzindaria gurean. Ezagutzen ez duenari, nola azalduko zenioke zer den performancea? Nola bizi duzu zuk?
Egile bezainbeste modu daude akzioaren mundua ulertzeko, hortaz, nire-nirea den definizio bat ematea besterik ez daukat, ziur aski beste inorentzat balio ez duena: denboraren, espazioaren eta presentziaren artea da.

Ildo plastikoa ere lantzen duzu –argazkiak, objektuak, koadroak–, eta instalazio estatikotik akziora eta alderantziz mugitzea gustatzen zaizu.
Bai. Ideia bat datorkizunean, hobekien dagokion forma bilatzen duzu hori adierazteko: koadro bat izan daiteke, edo performance bat… baina, diozun moduan, nire lanetan beti egon da joan-etorri hori. Ideia batzuk hasiera batean modu batera irudikatzen dituzulako baina denborarekin transformatu egiten direlako.

Nondik jaiotzen dira ideia horiek?
Obra baterako lehen puntu hori egoera sozial edo politiko batek eman diezadake, esaldi batek, eguneroko gai baten inguruan nire buruari egiten diodan galderaren batek… edozer gauzak.

Oso inspiragarria omen da zure egunerokoa!
Lan asko egiten duen beste edozein pertsonarena bezainbeste. Izaten ditut boladak burutaziorik gabe ere.

Elkarrizketa osoa eta bideoa GAZTEZULO.COMen

Esther Ferrer: “Bazterrean gustura egiten dut lan”

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.