Espioi-film ezberdin eta hunkigarria

Espioi-film ezberdin eta hunkigarria –

Espioi-film ezberdin eta hunkigarria

Zahar-egoitza batean infiltraturiko pertsonaia bati buruzkoa da Maite Alberdi txiletarraren film liluragarria. Detektibe pribatu batek kontratatuta, infiltratuak bere lanerako behar duena baino gehiago deskubrituko du, eta filma espioi-thriller korapilatsu baten moduan garatuko da. Pertsonaia honi (izaera gozoko 83 urteko alarguna) gaizki aterako zaio plana, mota guztietako ondorio komiko eta hunkigarriekin.

Ondo funtzionatzen duen genero konbinaketa arraroa da «El agente topo». Ezohiko eskaera batekin hasten da: Rómulo Aitken detektibeak, krimen-ikertzaile ohiak, iragarki bat jarri du egunkarian 80 eta 90 urte arteko gizon batek hiru hilabeteko lana burutu dezan. Rómulok Sergio Chamy xaloa aukeratuko du, bere isilpeko agenda aurrera eramateko pertsona egokia dirudiena. Detektibeak azaltzen duenez, bezeroa San Francisco zahar-etxeko emakume baten alaba da, kezkatuta dagoena ama, Sonia, tratu txarren biktima izan daitekeelako. Zahar-etxean infiltratu, emakumearengana hurbildu eta aurkitutakoaz berri eman beharko du Sergiok.

Rómulok ezkutuko kamera sortaz hornituko du bere agentea, eta punta-puntako tresneria teknologiko hori 007 lanean has dadin aproposa izan badaiteke ere, Sergioren erronka nagusietakoa telefono inteligentea erabiltzen ikastea izango da. Txantxak bata bestearen atzetik errepikatuko dira, berak jostailu berrien funtsa ulertu arte. Filmazio-talde profesional batek, zahar-egoitzari buruzko ohiko dokumental bat egiteko aitzakiarekin, bere aurrerapenak grabatuko ditu.

Esanekoa da Sergio, baina behin zahar-etxera iritsita, misioak mota guztietako eragozpenei egin beharko die aurre, batez ere, hain xarmangarria izanda, ezinbestean bilakatuko delako arretaren erdigune.

Sergioren misioak emaitza errealak eragingo baditu ere, hauek norabide berri eta erakargarrira eramango dute istorioa, ordura arteko misterioan baino gehiago egoera bakartiari buruzko ohar hunkigarrietan jarriz ardatza. Soniak kasurik egiten ez dion bitartean, bertako beste askoren lagun egingo da Sergio, telefonoz hildako amarekin aritzen den emakume senil batena, edo Sergiorekin maitemindu eta ezkontzaz espekulatzen hasiko den betiko ezkongabearena, kasu. Denborak aurrera egin ahala, hain ezagun bilakatuko da Sergio, ezen eginbeharrekotik are gehiago urrunduko duen ikuskizun barregarrian zahar-etxeko errege koroatuko duten.

Azkenean, ikerketa bera da gutxien inporta duena, eta garrantzitsuena senideen utzikeria pairatzen duten (eta ez horrenbeste zahar-egoitzan gertatzen den ezer) pertsona hauen erretratu bikoitza da, enpatikoa eta apur bat tristea. Agian «El agente topo» filmak ez dirudi dokumentala, baina egiazkotasun emozionalean nahasiriko amaiera poetikoan oinarritzen da.

Alberdiren dokumentalek maiz baliatzen dute ukitu delikatu hori ezohiko istorio pertsonalak aztertzeko, hala 2011ko «El salvavidas»en nola 2016ko «Los niños»en (adin ertaineko Downen sindromedun eskolakide batzuen inguruko  istorio alaia). «El agente topo»k indar hori hartu eta argitu egiten du, narrazio-klixeak birdefinitu istorio esanguratsu bati gaitasun berria emateko. Baliteke Sergiok James Bonden harrotasuna ez izatea, baina bere bidaia bertutetsuak badu kualitate suspergarri bat, batez besteko heroiaren bidean pauso bat haratago doana. Sergiok ez ditu pista guztiak aurkitu behar benetako erruduna nor den jakiteko: arima zahar abandonatuekiko enpatia falta.

“DESCUIDA, YO TE CUIDO”. Alberdiren lan honek «I care a lot» film britaniarrarekin egin du bat pantailetan, sarietarako hautagaitzan eta gaian. Beste kasu honetan, garapena komedia ilun moduan ematen da, Trump garaiko pertsonaia moralgabeekin. Epaileek ez ikusiarena egin bitartean, legezko tutore batek bere postua erabiliko du zaharrei lapurtzeko, eta gupidarik gabe arituko da horretan bere neskalagun gaizkidearekin; zainketa-etxeetako administratzaile eta mediku-sare bihozgabeak arazorik eta eragozpenik gabe jarduten utziko die. Kapitalismo neoliberalari buruzko satira, edo, besterik gabe, zinismo hutsa.

Galde 33 uda/2021

Espioi-film ezberdin eta hunkigarria

Ni ez naiz hemengoa [Film laburra]

zuzeu.tv