Esne Beltza, Huntza, Anestesia, Modus Operandi eta Olatz Salvador, Plateruenako eszenatokian
Plateruenako eszenatokian –
Abenduaren 5etik 9ra arte egunero kontzertuak egongo dira Plateruenan, Durangoko Azokaren baitan. Eskaintza anitza egongo da: ibilbide luzeko taldeak, talde berriak, estilo nahasketa eta abar.
Plateruena kontzertu handien plaza izango da abenduaren 5etik 9ra arte, Durangoko Azokaren baitan. Landako eta gainontzeko guneetako ateak itxi ostean, azokazaleek kulturaz eta giroaz gozatzeko aukera izango dute Kafe Antzokian. Aurten Plateruenak izen handiko bost kontzertu proposatu ditu: Esne Beltza, Huntza, Anestesia, Modus Operandi eta Olatz Salvador. Eskaintza anitza, beraz: talde ezagunak, berriak, estilo nahasketa e.a.
Plateruenako egitaraua abenduaren 5ean hasiko da, Ikasle Egunean, Huntza taldearekin. Udan Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo ere kontzertu ugari eskaini eta gero, talde gipuzkoarra disko berria grabatzen ari da buru-belarri, eta prest izango du Durangoko Azokarako. Kontzertua 23:00etan hasiko da.
Bigarren egunean, abenduaren 6an, 23:00etan, euskal musikaren izen handienetako baten txanda helduko da: Esne Beltza. Xabi Solanok gidatzen duen taldea disko berria grabatzen ari da Mark Dasousa ekoizle valentziarrarekin (Zoo, Smoking Souls, Aspencat). “Itsumutugor” birarekin Euskal Herrian eta Herrialde Katalanetan ibili dira udan, eta Azokan zuzenekoa eskainiko dute disko berria aurkezteko.
Abenduaren 7an Modus Operandi talde berriaren kontzertua izango dugu, 23:00etan. Talde berria den arren, taldekideak ibilbide luzekoak dira. IƱaki Ortiz de Villalba Betagarri taldeko abeslariaren proiektu berri honetan Lauroba eta Vendetta taldeetako musikariak batu ditu, ska musika eta fusioa lantzeko.
Hurrengo egunean aurkezpenik behar ez duen talde bat igoko da Plateruenako eszenatokira. 25 urte betetzen dira Anestesiak Gorrotoaren ahotsa diskoa grabatu zuenetik, eta urtemuga ospatzeko biniloa argitaratuko du talde zarauztarrak, jatorrizko diskoaren hainbat moldaketekin. Kontzertua 23:00etan hasiko da eta sarrerak dagoeneko eros daitezke www.plateruena.eus webgunean (aldez aurretik 10 euroko prezioan, bertan 12 euro).
Azkenik, Azoka amaitzeko proposamen lasai eta intimoagoa izango dugu abenduaren 9an. Olatz Salvadorrek “Zintzilik” bere lehenengo disko arrakastatsua aurkeztuko du Durangon, 20:00etatik aurrera, sarrera debalde.
Huntza, Esne Beltza eta Modus Operandi taldeen kontzertuetako sarrerak aurrerago egongo dira salgai.