Eskubide batzuetarako ez dago eskubiderik
Egile eskubideei buruz idatzi nahi nuke, horretaz gauza handirik jakin ez, baina bi adibide zehatz emanez, biak ere, neuri gertatutakoak.
Orain dela minutu bat eposta bat sartu da nire postontzian: “Idazle estimatua: Liburu elektronikoen dendan zure “Mutuaren hitzak” liburuaren ale bat saldu dela jakinarazten dizugu. Hurren arte, ondo izan, Susa literatura – Denda“.
Poz handia eman dit, lehenengo biderrez egiten diren gauzen poztasuna baitakar kontu honek, gutxienez. Gainera, baten batek nik idatzitako zerbait irakurtzearen albiste pozgarria ere badakarkit eta, gutxi bailitzan, duela urte batzuk idatzitako liburu batek bi euro jarriko dizkit poltsikoan, bai baitakit, kontabilitate kontutan ere zorrotzak direla Susakoak. Bi euro egilearentzat, bat argitalatxearentzat. Bingo, beraz.
Irakurtzera bultza lezakeen prezio egoki batekin, heldu diogu liburu elektronikoaren garaiari, nahiz eta jakin, ez editoreek eta ez egileok ez dugula txaletik erosiko hortik ateratako diruekin. Baina, behintzat, kontu zuzena da: egile naizen aldetik, berehala jaso dut gertaeraren albistea eta badaukat dagokidanaren kontabilitate zehatza eramaterik, nola irakurleena, hala diruarena. Gainera baten batek jada liburudendetan ez dagoen nire libururen bat ere eskura dezake bide honetatik. Poz hutsa, beraz. Dena alde.
Gertaera hori baldin bada aurkia, ikus dezagun orain ifrentzua bigarren gertaera arras desberdin bat aipatuz.
Hilabeteak daramatzagu ENIGMA EUROPAR BAT: EUSKARAREN JATORRIA ETA AHAIDEAK izeneko dokumentala egiten ETBrentzat. Munduko bazter askotan ibiliak gara hizkuntzalari handienen peskizan… Baina, hara non, Xalbador zenaren HERRIA ETA HIZKUNTZA bertso famatuetatik, ahapaldi bat erabiltzea bururatu zaigun, badakizu, “herria da gorputza, hizkuntza bihotza…” dioen hori.
Jakina, ETBn gauzak legez egin behar dira eta jo dugu jo beharreko lekuetara baimen eske, eta erantzuna eskubideak ordaindu behar direla izan da.
Zenbat uste duzu balio duela gure dokumentalean Xalbadorren ahotan grabatuta eta aspaldi argitaratuta dagoena erabiltzeak? 5, 10, 20, 100 euro?
Et, et, et, ez zaitez tronpa: 1.220 euro dira guztira.
Nori ordainduta? 870€ Sociedad General de Autores de España, SGAE delakoari eta 350 € Elkar argitaletxearen esferako Bozak salmenta enpresari.
Zer egin, nola jokatu?
Ba, hara, agian, diru horretatik zerbait Urepelera iritsiko balitz, Xalbadorren ondorengo diren Airetarrengana, beste bat izanen litzateke nire erabakia, baina ez dut uste diru horretatik txanpon bakarra iritsiko litzaiekeenik.
Zergatik eta, batez, ere, zertarako ordaintzen da diru hori? Ez diezadala inork esan egilearen eskubideak errespetatzeko denik. Zakurraren putza, baita kontu hori.
Gauzak dauden-daudenean, Xalbadorren bertso zoragarria gabe joango da dokumentala, zoritxarrez.
Eskubide batzuetarako ez baitago eskubiderik.
Xalbadorren kasuan ez dakit baina nik, sortzaile moduan, badauzkat kontratu batzuk Boza-rekin, eta bertan zehazten denez, Bozak bere eskubide-salmentatik lortzen duenaren %80 egileari ematen dio, eta %20 berarentzat hartzen, jestioengatik.
Asko lasaitzen eta pozten nau Elkarren aldetik hori horrela dela jakiteak. Hik esanda, gainera, halaxe izango duk, zalantzarik gabe. Mila esker xme.
Pozten nau hire pozak. Hala ere, egin ezak ariketa txiki bat orain: jar hadi nire lekuan (edo nire talde berean lan egiten duen edonorenean) eta irakur itzak artikuluaren amaieran esaten direnak: “… horretatik zerbait Urepelera iritsiko balitz”, “Zakurraren putza”, eta abar.
xme,
Jartzen nauk hire lekuan eta konprenitzen diat zer dioan: ez diat kazetari batek egin egin beharrekoa egin, alegia, Urepelera deitu eta eskubiderik kobratzen duten galdetu. Egia, eduki diat buruan, baina ez nauk ausartu han inor molestatzera, eta orain damu nauk. Ez zakiat hanka nola atera ere.
Alabaina, barkatzen badidak, kritikaren karga, beste leku baterantz zihoan ene idatzian, zirkunstantziala baizik ez duk zuen taldea tarteko izatea.
Kontua duk, bertso zati horregatik 1220 euro eskatu izanak, ezinezkoa egin duela bere erabilpena gure dokumentalean.
Eta orain jar hi nire lekuan, Xalbadorrena erabili nahi eta ezin erabili, zergatik eta diru hori gehiegizkoa delako. Eta bai, Elkarrekoek zintzo ordaintzen dituzue dagozkizuenak, neu nauk horrexen testigu 20 urte baino gehiagotan, eta edonoren aurrean esango diat hori, baina esaidak, Xalbadorren grabazioa erabiltzea ezinezko egin duen kopuru horretatik, zenbat doakio Aire familiari? Zenbateko zatia dik SGAEk? Ordaitzen al ziok zerbait Aire familiari?
Azkenean eurei deitzea onena. Eta hara!, deitu eta baietz esaten zidatek, kobratzen dutela zerbait, baina esan diedanean 1220 eskatzen digutela guri bertsoagatik, “Aberats gintaizke!”, erantzun didate umorez beterik. Urruti ibiltzen direla halako kobrantzetatik. Oso urruti.
Zuena ikusi diagu, eta ondo egina zagok, baina ez niri esan kantu hori erabiltzeagatik 1.220 euro eskatzea normala denik. Hiri gustatu ala ez, niri iruditzen zaidak ez dagoela horretarako eskubiderik.
Xalbadorren familiako gisa (alaba Mari Elen naiz) ene ikusmoldea eman nahi dut gai honi buruz. Zinez eskandala iduritzen zait kasik euskaldunen memoria kolektiboan sartua den ahapaldi horrentzat horrenbeste diru eskatzea (nork eskatzen duen ez dut xuxen ulertzen)
Ez luzeegi izateagatik, bi ohar eginen ditut bakarrik:
1/ Gure aita bizi izan balitz -gaur egun 91 urte izanen lituzke- eta ETBkoek zuzenki egin izan baliote eskaera hori, segur naiz atsegin handiz onartuko zuela; ohore bat izanen zitzaion, eta bere mezuaren hedatzeko bide ezin hobea. Ordainez zerbait sari eskaini izan balitzaio, pozik hartuko zuen, bixtan da, baina horrelako diru zama eskatzerik ez zitzaion burutik pasatuko ere.
2/ Odolaren Mintzoa osatzen duten bertsoak ontzen ari zeneko garaia zuzenean bizi izan nuenez, ongi dakit ez zela haren sorkuntza diru goseak sustatua izaten, baizik eta barnean sentitzen zuena adierazi nahiak. “Herria eta Hizkuntza” bertso sortari dagokionez bereziki, jendea nolabait iratzartzea zuen xede, ez horri esker sakelak betetzea, are gutiago hura zendu ondoan beste batzuek berenak bete zitzaten.
“Mundua erotzen ari da” erraten dugu maiz gure etxean. Mundua bakarri ez, iduriz…
[…] eta euskarazko liburu digitalak Ostiral arratsaldean irakurri nion Hasier Etxeberriari pozik zegoela, postan mezu bat jaso zuelako Susa argitaletxearena, esanez bi euro irabazi zituela, […]
[…] Hasier Etxeberriak bere bizipozak eta bizipenak kontatu dizkigu blogean. Liburu elektronikoen salmentatxoak sortutako mezuen berri jasotzeak eta […]
[…] honetako aurreko sarrera batek, esaterako, harreman zuzenean jarri nau Xalbador zenaren ondorengoekin ere. Gauza asko jakin dut, […]
Ederra atzoko dokumentala bertso gabe ere, bejondeizuela!