Errespetua

lolayelmundo blogetik hartutako irudia - Errespetua50 urte dauzka Antxonek. Euskal Herrian jaioa da, sortu zenerako euskara erbesteratuta zegoen herri koxkor batean. Ama, duela urte gutxi zendua, euskaldun ohia zuen, gizon eskuindar amorratuarekin ezkondu zenetik euskara, halabeharrez, zokoren batean gorde-ahaztuta baitzeukan.
Soilik ondoko herrira anaia bisitatzera joaten zenetan ateratzen zuen euskara hozkailutik emakumeak. Etxean ez zitzaion burutik pasa ere egingo halako ausardiarik. Eta seme-alabei, jakina, ez zien hitzik ere irakatsi euskaraz. Etxe hartan, eta herri hartan ez zen horretarako giro… eta gainera, zertarako?

Lau seme erdaldun elebakar hezi zituen Antxonen amak, harriduraz ikusi zuen haietako bi nolabaiteko “euskaltzale” irten zitzaizkiola, eta gazteenak ikasi ere egin zuela bere kasa, nahiz berarekin hitzik ez zuen euskaraz sekula trukatu. Zertarako?…

Antxon zen “euskaltzale” horietako bat, sekula euskara ikasteko asmorik ere agertu ez zuen arren. 50 urtetan ere, ez da gauza “kaixotik” haratago joateko. Baina hori bai, Antxonek ez zien ondoko herriko euskaldunei barre egiten normalean… inoiz bai, baina oso noizbehinka, ez bere erkide gehienek bezala. Eta euskaraz ikasteko eskubidearen alde zegoen eta dago. Haurrek eta bestek oro har, euskara edo euskaraz ikasteko eskubidearen alde.

Halaber, oso begi txarrez ikusten zituen, eta ditu, euskararen aurkako erasoak. Eraso oro.

Gainera, ikastola bateko irakasle pinpirin batera ezkondu zen, eta ondoriozko bi semeak ikastolan eskolatu zituzten, euskara ongi ikas zezaten, baita lortu ere (semeek, ez Antxonek).

Baina Antxonen etxean inork ez du kaixotik haratago egiten, berarekiko errespetuagatik, Antxonek zipitzik ere ez baitaki euskaraz, euskaltzalea izan arren… nolabait.

Emazteak be, espainiera batu-jasoan egiten die semeei ere, hasieran soilik Antxon aurrean zelarik, baina orain beti ere beti, kode-aldaketa astunaz gogaiturik. Gainera, zertarako?

Izan, oso edukazio on eta jasoko familia baitira, inor kanpoan utzi nahi ez duten horietakoa, ugazabekiko, ai barka, erdaldunekiko errespetuz jokatzen ohituak.

Ez bide diote sekula galdetu Antxoni zergatik ez duen urte hauetan guztietan ahaleginik txikiena ere egin, euskaraz hitz egiteko ez bada, sikiera ulertzeko; ez Mitxelena XVI.ak bezala hitz egiteko lain, baina etxeko elkarrizketa arruntak jarraitu ahal izateko beste sikiera.

Ez diote galdegin zergatik daukan bere buru elebakarra mundutartzat, bere inguruko elebidunak atzerakoi exotikotzat jotzen dituelarik…

Baina emazteak berak ere, ez dio bere buruari sekula galdetu, itxura denez, errespetuz ala otzankeriaz ari ote diren jokatzen Antxonekin. Edukazioz ala sumisio osoz. Duintasunez ala belauniko.

Zeren, erdaldun petoen apetaren haizetara biziko bagara… ikastolak-eta… zertarako?

Oharra: kontakizunak errealitatearekin izan dezaken antzekotasun oro, ez da inondik ere kasualitatea. Zer egingo zaio!

Errespetua