Agian

Joan den zapatuan Urkullu Lehendakariak jaurti zizkigun hitzak, edo, hobeto esanda, euskarazko albistegietan geuretzat apartatu zizkiguten korteak, negargarriak egin zitzaizkidan, eta hori albiste oso onak zirela kontatu zizkigun biak ala biak, itxura batean.

Agian

Nork idazten dizkio esan beharrekoak Urkulluri? Ala berezkoa du inprobisaziorako abildade eza bezainbesteko dorpeziarako erraztasuna?

Gaztelaniaz ez dizkiot adierazpenak entzun, baina euskarazkoekin ematen du inozotzat hartzen gaituela. Berak esandakoa demagogiaren adibide bikain iruditu zitzaidan niri, bai behintzat Wikipediak dakarren zentzuan:

Demagogia  botere politikoa lortzeko erabilitako estrategia bat da. Jendartearen aurreiritziak, emozioak, beldurrak eta itxaropenaz baliatzea horrela zure alde pertsona gehiago edukiz, gehienetan erretorika eta propagandaren bidez erabiltzen dena.

Ausartzen naiz esatera, demagogia egiteko orduan ere, badirela erak eta badirela moduak. Eta Urkullurenak ez zirela izan finenetakoak jendea krisiarekin eta langabeziarekin izututa dabilen honetan, etorkizun beltzaren espantuak hortzetan gauzkanean.

Bwere hitzek txiste zahar hura ekarri zidaten burura: lagun batek esaten dio beste bati bigarren aldiz egon dela New Yorken eta besteak erantzuten dio “ni ere bai, noizbait edo sekula ere ez egona naiz New Yorken”. Ba horixe Urkulluk ere.

Ez dut modurik kausitu grabaketa hona ekartzeko, baina mikrofono aurreko bere keinurik serioena jarririk, orakuluaren anaia bizkia zirudien Euskadiren etorkizun hurbila zein izango den esan zigunean.

Hara hemen egin zituen bi baieztapenen transkripzioa:

  1. “2014 garrena hazkunde positiboarekin hasiko da, agian”
  2. “Eta urtean zehar Euskadi enplegua sortzeko bidera itzuliko da, agian”

Nola liteke halakorik? Ez ote dio inork esango ezin dela horrela ibili munduan, ezin direla gauzak hain baldarki egin? Baieztapen borobilaren atzetik ez dezakeela AGIAN hitza erabili? Nola pentsa dezake, horiek horrela esanda, inork sinetsiko dionik? Areago, egongo ote da norbait benetan sinetsi dionik baita bere inguru hurbilenean ere?

Kasu, ez dut esan nahi Urkulluk ez duenik sinesten esan zuen huraxe, ez nabil hipokrita gezurtero bat denik esaten , izan bailiteke berea 2014rako pronostiko on bat izatea, balitekeen bezala eskura dituen datuekin etorkizunekoa asmatzea ere, baina ezin da gauzak forma hain tsaketsean esaten ibili.

Horrela mintzo denean, hizkuntza era horretan prostituitzen duenean, bere herritarrekiko sakoneko mezprezua baizik ez du jartzen agerian, agian;  begirunerik eza ere bai, agian;  errespetu falta itzela, agian…

Nolanahi den, dorpezia itzel eta kezkagarria Lehendakari batentzat,  batere agianik gabe.

 

(Artikulu hau neure blogean argitaratu eta ordu batzuetara, hitzaldia aurkitu dut EAJ-NVren orrian. Eta lasaitu beharrean are kezkatuago amaitu dut  honakoa baitator idatzita Hitzaldia: 20014rako erronkak deitzen den dokumentuan: ” 2014a hazkunde positiboko tasekin hasiko da eta urtean zehar Euskadi enplegua sortzeko bidera itzuliko da”.

Ez agian eta ez beharbada. Pentsatzekoa da Urkullu berari ere gehitxo egin zitzaiola baieztatzeko idatzia ziotena. Hortik azken orduko erremedio zoritxarrekoa. Agian.)

Agian

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)