Erramun Martikorena eta Patxi Saiz Xaian kantari

Erramun Martikorena eta Patxi Saiz –

Euskal Herrian barna badira euskal kultura zabaltzeko piztutako txoko eta kafe-antzoki modukoak. Bidasoa ibaiaren ertzetan, Urruñako Pausu auzategian, Lapurdi eta Gipuzkoa lotzen diren zubiaren ondo-ondoan, Nafarroa ere hurbil sentitzen den paraje eder horretan, bada horrelako ostatu bat, jadanik ostatu moduan zabalik 100 urte baino gehiago duena, eta betidanik euskal nortasunari atxikia izan dena.

Euskal Herria bitan zatitzen duen sasi muga horretan, du kokaleku eta kabi. Ardoketarien txokoa izan zen, arrantzaleen xaia, zaldi-orgen geltokia, kontrabandisten tratu-lekua, Hegoaldeko errefuxiatuen biltokia… eta azken 25 urte hauetan, euskal kulturaren hauspoa. Eta nabigazio-maisu eta lemazain, Beñat Elizondo urruñar ospetsua dugu, infernuko hauspoa astintzen akordeoi-jole bikaina dena. Arzak eta Argiñanok erranen zuten bezala: saltsa guztietako perrexila.

Xaia dugu aipatu dudan ostatua, Bidasoalde osoan aski famatua dena, baita urrunagoko herrietan ere. Kantu-afariak, kontzertuak, liburu aurkezpenak, bertso saioak, mus txapelketak, pilota partidak, pailazoak… izaten dira maiz eskaintzen dituena, eta inguruetako herritarrak loriatzen dituena. Eta beti euskaraz, euskaldun egiten gaituen mintzaira zoragarrian.

Erramun Martikorena eta Patxi Saiz
Xaia ostatua.

Urtero kontzertu-afari apartak antolatzen ditu eta Xaiako barnea Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako jendeez betetzen da. Azken urte hauetan, Anje Duhalde, Niko Etxart, Altzükütarrak…., eta aurten, martxoaren 7an, ostiralarekin, Erramun Martikorena baigorriarrak eta Patxi Saiz getariarrak kontzertu bana eman zuten, ostatua lepo betetzen zuten  afaltiarren gozamenerako.

Afariaren erdian, Erramun Martikorenak, hau da,  Baigorriko erresiñolak, sekulako kontzertua eman zuen, poliki baina tinko, ahots eztiz, eta han ginen guztiendako bihotz-altxagarri. Osora hamabost bat kantu: Zutik neska ta mutila, Bakearen urtxoa, Ez dut bilatzen, Topa dagigun, Irrintzina, Lo oro adi aingeruak, Maitiak galde egin zautan, Xorieri mintzo zen, Mendian galdu direnei…, eta bukatzeko, nola ez, urte luzetan, eta Euskal Herri osoan barna,  kantatu duen Xabier Leteren kantu zoragarria: Xalbadorren heriotzean, jadanik euskaldunen himno edo ereserki bilakatu dena.

Erramun Martikorena eta Patxi Saiz
Erramun Martikorena

Publikoak kantatuz lagundu zuen baigorriarra, eta abesten bukatu zuelarik, afaltiarrek afariaren txuleta jateari ekin zioten. Azken-burukoaren tenorean, Beñat eta gainerako zerbitzariak kafea eta patxarana mahaiz mahai banatzen ari zirenean, Patxi Saizek, hau da, Getariako itsastxoriak kantatzeari ekin zion. Bi kantari handi, Erramun eta Patxi. Bi belaunaldi kontzertu berean bilduta. Erresiñola eta itsastxoria, biak kantari gau hartan.

Patxi Saiz ezaguna da Lapurdin, Xaian jadanik kontzerturen bat edo beste, emanak baitzituen. Eta orain, Kantatzen den Herria gara izeneko disko plazaratu berriarekin zetorren, kantari eta kontari, kantuen nondik norakoak azaltzen ahalegindu baitzen beti. Hura kontzertua! Hura loria! Afaltiarren bihotzak pil-pilean zeuden, martxoko 7aren gauean, euskal gogoa aske eta uros ibili zen Xaiako ostatuan. Gure historia mingotsa, euskaldunon sufrikarioa, arrotzen zapalketa ankerra, kolonizazioaren bide maltzurra…, izan ziren aurkeztu zituen kantuen gaiak. Iragana kontuan harturik, gaurko orainaldi hitsetik pasatuz, geroaldi askera jauzi egin nahi zuen, etorkizunari itxaropenezko leihoa zabaldu nahi zion. Eta horrela ulertu genuen Xaian, gau liluragarri hartan, geunden guztiok.

Erramun Martikorena eta Patxi Saiz
Patxi Saiz. Arg: GORKA RUBIO / FOKU

Lehen kantuan, Gure haurrek izenekoan, kontzertuaren asmoa argitu zigun:

Gure haurrek jakin dezaten izan ginenaren berri,

Gure haurrek, bihar ere, kanta dezaten berriz.

Han eta hemen, gure doinua bihotzetan ezarriz,

leinuen dorrea altxatuz, gure kantua entzun dadin.

Gure haurrek jakin dezaten izan ginenaren berri.

 

Gure haurrek, bihar ere, kanta dezaten berriz.

Gure haurrek,  bihar ere, kantuz gogor ozenki.

Gure haurrek, bihar ere, kantuz Euskalakari.

Gure haurrek, bihar ere, kantuz ahots garbiz.

Gure haurrek, bihar ere, gure kantua dezaten bizi.

Bere kantuetan, gure historiaren labirinto ilunetan eroritakoak izan zituen gogoan. Totte Etxebeste urruñar ekintzaileak egindako Non da Popo? kantuaren bertsio berria abestu zuen. Hunkigarria zinez! Eta Zuen zain izeneko abestian, oraindik espetxean edota erbestean ditugun anai-arrebak, baita emeki-emeki ateratzen ari direnak ere, denon gogora ekarri zituen.

Herri gisa bizi iraun nahiak eraman gaitu borrokatzera.

Menpekotza apurtu nahirik, gure indarrak bilduz aurrera.

Emaidak eskua anaia, besarkada zabal beroa!

Etxera etorri haiz, gure artera, arnas berritzeko gogoaz.

 

Askatasun nahiaren gatibu, zenbait anai-arreba bidean,

borroka goriaren sugarretan, kiskaliz urte luzeetan.

Emaidan eskua arreba, besarkada zabal beroa!

Etxera etorri haiz gure artera, bizi-itxaropen asmoaz.

 

Zuen zain Kantauri itsasoa, zuen zain Auñamendiak!

Zuen zain lautada zabal horiak, errekasto eta lamiak!

Eta horrela, kafe goxoaren usainaz, eta Patxi Saizen kantu xarmangarrien artean, gaueko ordu ttikietan, bukatu zen aurtengo kontzertu bikoitza. Mila esker, Xaiari, eta mila esker, nola ez, Erramun Martikorena eta Patxi Saizi, horrelako gau ahantzezina eskaini izana.  Bidasoaren ertzetan, luzaz oroituko dugu kontzertu hori, eta luzaz entzunen ditugu kantari, zuen doinu ederrekin, iratzarri zenituzten laminak. Bidasoa ibaian laminek, Marik emandako urrezko orraziak eskuan, Euskal Herriari kantatzen baitiote, hau da, Herri zahar eta sufritu honen askatasun egunari.

Erramun Martikorena eta Patxi Saiz  Erramun Martikorena eta Patxi Saiz  Erramun Martikorena eta Patxi Saiz  Erramun Martikorena eta Patxi Saiz

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude