Ereduak eta idoloak
Rolling Stone aldizkariak egin dio elkarrizketa 16 urteko kantari kanadarrari. Sexuaz, drogez, abortoaz, edota politikaz galdetzen diote, eta berak erantzun. Ez du abortoa onartzen. “Haur bat erailtzea bezala da”, “eta bortxaketen kasuan?”, “Tristea da, baina gauzak arrazoiren batengatik gertatzen dira”.
Marka da 2011. urtean 16 urteko mutiko kanadar baten ahotik hau entzun beharra ere! Berdintasun garaiak bizi ditugula esango digute gero, Ipar Amerika aurrerakoiaz mintzatuko zaizkigu, belaunaldi berriek “bestela” pentsatzen dutela… Errealitatea aurrez aurre ikusteko balio dute horrelako elkarrizketek, nora goazen edo hobe esan, nora garamatzaten ohartzeko.
Hitz “ederrak” ere baditu elkarrizketan zehar. Berak maitasunean sinesten duela dio. “Sexua edukitzeko nahiago dut benetan maitemindua egon arte itxoin”.
Ezaguna da Bieber oso erlijotsua dela, baina hala ere, harritu naute adierazpen hauek: “Nire zaleengan hazitxoa ereitzeko obligazioa dudala uste dut. Ez diet esango ‘Jainkoa behar duzue’, baina ikuskizunaren amaieran esango diet ‘Jainkoak maite zaituzte”.
Interneten txisterako hartu dira Bieberrek esan dituenak, eta bere adierazpenekin graziak eginaz diskoen azalak ere proposatu dituzte.
Nola goaz horrelako idoloekin? Nora horrelako ereduekin? Horrelako adierazpenekin alferrik ditugu berdintasun-planak eta hezkuntza parekidea eta ..!
Eta Justin Bieber gaztetxoen (eta ziurrenik ez hain gaztetxoen) idolo da! ?