Bizarginarena

Berlusconiren alderdiaren palazzoa

Bidaia guztietan betetzen dudan liturgia partikular bati segika, atzo bizarra egitera joan nintzen Via Graccia kaleko bizargin batengana, alokatuta geneukan apartamentutik gertu, Erroman. Berritsua egokitu zitzaidan 60 urte inguruko bizargilea eta, azkenean, horretarako asmorik ez eroan arren, ilea ere mozteko eskatu nion, hain bainengoen gustura berarekin berriketan, nahiz eta hitz egiten zuenaren erdia ere nik ezin ondo ulertu.

Hamaika gai aipatu genuen, denak, azaletik jakina: Magrebetik italiarrei datorkien emigrazioa, Euskal Herria eta indarkeria, globalizazioa, krisi ekonomikoa, etorkizuna… Aristotele txiki batzuk izan ginen biok une batez, edo, bederen, haren antzeko portatu ginen.

Hitz egindako gai guztien artetik, baina, nik bi nabarmenduko nituzke, bai ukan zuten sakoneragatik, eta bai denboran bete zuten tarteagatik ere. Lehena teologia izan zen, eta bigarrena Berlusconi.

Vaticano  museoa ez zitzaidala erakargarria egin aitortu nionean, deblauki galdetu zidan Michelek ateo ote nintzen. Eta nik, gorri-gorri jarrita eta labana nire zintzurrean zuela, ezetz eta ezetz, ez nintzela ateo, badaezpada ere. Agnostikoa nintzela, ezer izatekotan, eta zientzia gora eta zientzia behera hasi nintzaion erarik topiko eta erridikuloenean labana handik apartatzen zuela nabaritu nuen arte.

Atei! —esan zidan berak haserre moduan—, comme il mio figlio!

Eta nik ezetz, bazegoela aldea bata eta bestearen artean, eccetera, eccetera. Berari bost, ordea. Ez zegoen ñabarduretarako: fedea duzu ala ez duzu, esan zidan.

Neu ere sutu egin nintzen eta esan nion Hirutasun Santuaren auzia gehiegi zela eta Tresenuno spray potoaren antz handiegia zuela misterio horrek nik sinetsi ahal izateko. A ze nolako izerdiak bota nituen Tresenuno zer den esplikatzen. Txirringa erdoilduaren adibidea atera nionean ulertu zidan, baina ez zen kontent geratu eta Lourdesko Ama atera zidan  hitzartera, Euskal Herritik oso hurbil zegoela esanez, eta ea ezagutzen nuen leku hori, eta baietz esan nionean,  leku aparta zela gaineratu zidan, Europatik ezeze, mundu guztitik joaten baitira bertara erromesak, eccetera, eccetera.

Eta gero aipatu zidan oso pozik zegoela Wojtila santu egin behar dutelako datorren maiatzean eta bi milioi jende espero dutelako bertan, Erroman. Eta irudikatu nuen txin eta txin egiten bere poltsatxoa, eta bera pozik dabilen bitartean, botalarriz ibiliko naizela ni, ez bainaiz batere Wojtilazalea izan sekula. Aita Santu maiteen kontuak Juan XXIII.arekin amaitu zitzaizkidala niri esan nion eta  eccetera, eccetera ere bai, jakina.

Forza Italiaren atarian dagoen freskoa

Gaia aldatzeko edo, Berlusconirena atera nuen. Eta aipatu banuen, aipatu nuen. Uste nuen asaldatu eta sutu egingo zela, zarataka hasiko zela estatuburuaren aurka, baina bai zera. Ulertu nionez, putazalea eta parranderoa da Berlusconi, hori ez dago ukatzerik (Putanero hitza erabili ote zuen?), baina hori ez ei da ezer gainerako alderdietan dabiltzan politikariekin alderatuta. Berak behintzat, Berlusconik, ez dauka lapurtu beharrik, eta nesken kontu horiek aireratu badira, ez da izan Berlusconik hala nahi izan duelako, baizik eta jende asko dagoelako Berlusconiren kontu horietatik bizitzeko prest, eccetera, eccetera.

Apur bat inpresionatzeko, esan nion ni Berlusconiri eskua eman eta bearerkin champagne kopa bat hartutakoa naizela Fininvest publizitate agentziako buru zen garaietan. Hori bai, bera helikopteroz etorri zela, ni oinez iritsitako tokira, eta nire jantzia, berea ez bezala, alokatua zela, eccetera, eccetera.

Lanbideaz galdetu zidan orduan, eta idazlea edo halako zerbait nintzela aitortu nionean —horretarako gorri-gorri jarrita ostera ere—, ez sinesteko moduko galdera egin zidan, per qué galdegai izugarriarekin hasten zena:

Per qué zarete idazleak beti atei?

Saiatu nintzen esaten idazleen artean denetik gaudela, atei direnak eta atei ez direnak, baina indarrik gabe atera zitzaidan defentsa eta Michelek eszeptikotasunez begiratzen zidan, mihiarekin hots harrigarri bat eginez beheko hortzetan, eskuekin imintzioak eginez, zerura begiratuz, eccetera, eccetera.

Apur bat kra egin zuen ordura arteko gure adiskidantzak, baina pitzadura ez zen hainbestekoa ere eta ez genion gehiegi hondoratzen  utzi gure arteko adiskidantzari, finean, atei baino, sinestra esan nahi zuela irudi baitzitzaidan, alegia, idazle gehienak ezkerrekoak direla esan nahi zuela egiazki. Eta oroitu nintzen ezagutu dudan idazle italiar bakarraz,  Antonio Tabucchi, eta nola defendatuko nintzen ba, halako zaldia ukanik kortan gordeta, hobe nuen ezkutuan, ixilpean, eccetera, eccetera.

Eta partitzeko tenorea unhatu zitzaidan pena eta dolore handien artean.

Argitu dut hasieran, esaten zizkidanetatik erdia edo ulertuko niola nik. Neureetatik ere berak ez zuen askoz gehiago ulertuko, baina tira, nahi denean, lortu egiten da komunikazioa, nahiz eta ezingo duen inongo notariok ziurtatu zertzuk esan ziren han benetan, gu bion artean.

Nolanahi den, besarkada handi eta estu batekin esan genion elkarri agur, jakinaren gainean bizitzan ez genuela beste inoiz elkar ikusiko eta, nire aldetik, gainera, ez nengoelako prest alferrik galtzen uzteko sentitzen nintzela Scorseseren filmeetako batean bezala, edo Sopranotarren tabernan, eccetera, eccetera.

Gainera, bi gizonok elkarri eman genion benetako besarkadaren kontu horretan, erabakigarria izan zen inor ez edukitzea geuri begira edo bizarra kentzeko zain, esperoan, edota beste gauza harrigarriren bat pentsatzen, eccetera, eccetera.

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude