Eraztunen Jauna, emakumeen hitzartzerik gabe

Eraztunen Jauna

Eraztunen JaunaMaite ditut zaldiak, ezpatak, arkuak eta magia agertzen diren pelikula edota telesailak. Berdin zait fikziozkoak edo Historian oinarritutakoak izan: Robin Hood, Vikings, Tronuen Dema… Denak ditut gustuko.

Eraztunen Jauna ere lerdea dariola ikusi nuen bere garaian. Soinu bandak oilo ipurdia jartzen zidan, hitzartzeek batzuetan emozionatu, narratibak eta mundu zein izaki ezberdinek txunditu. Tolkienen lana ni baino jantziagoa den jendeak aztertu du, eta niretzako gakoa den kontu bat ekarri nahi nuke hona: idazleak ez zuen eleberri bat soilik idatzi, mundu oso bat, izate bat, hizkuntzak, asmatu zituen. Maisu lana da, beraz, eta sekula ez zait burutik pasa pelikula edo eleberri beraren inguruko kritika ezkorrik egitea. Gaur arte.

Sarean irakurri berri dut. Irakurri al dituzue hiru liburuak? Ikusi al dituzue hiru filmak? Bada hartu arnasa sakon, hustu garuna eta aditu honakoa: Eraztunen Jaunaren eleberri zein luze-metraietan ez dago ezta aldi bakar batez ere bi emakumeren arteko elkarrizketarik.

Aditu dudanean zur eta lur geratu naiz. Nire golkorako pentsatu dut: “ez da posible, milaka orri dira, eta hiru filmen artean bederatzi ordu inguruko grabaketak genituzke, ez da posible, erratu dira”. Pelikula sorta bi aldiz ikusi dut, aski ongi oroitzen naiz hari narratiboaz, eta ez dut bi emakumeen arteko elkarrizketa unerik oroitu ahal izan.

Zuek bai?

Eraztunen Jauna