Erakusleiho versus Lantegi
Erakusleiho versus Lantegi –
Eneko Olasagastik Argia aldizkarian.
.
Edo idatz nezakeen ere Publiko vs Pribatu, Amateur vs Profesional. Eta aurretik joan bedi ez dudala ezer ere erakusleiho, lantegi, publiko, pribatu, amateur edo profesionalen aurka. Are gehiago, uste dut denak direla beharrezko modazko hitzak, Ekosistema Kulturalak deritzon horretan. Ekosistema hitzak nolabaiteko oreka dagoela adierazten du. Eta munduko ekosistema hankaz gora dagoela dirudien honetan zer esanik ez, Kulturala abizena ipiniz gero. Eta Lurrekoaren suntsiketaren kontra borrokatzen dutenen antzera ekologista kultural temati bihurtzekotan nagoela uste dut, errepikatzen naizela alegia.
Donostiako Olatu Talkak bereak egin duela dirudi, hamar urte eta gero. Eta egia esaten badut ez dit min handirik ematen. Ez hainbat donostiarrek egindako lan boluntarioarengatik, baizik eta horretan bakarrik oinarritu izan delako, profesional bakan batzuen laguntzarekin. Horrelako muntaia erraldoiaren antolaketa ordaindu beharko balitz ez zelako egingo. Doako kultura, berriro, dohainik egina. Bestelako erakustaldiekin, Olentzero, Errege Kabalkada, berdin gertatzen da. Bilbon antzerki konpainien esku uzten dituzte.
Eta nahita aipatu dut Bilbo. Izugarrizko inbidia sentitu dudalako orain egun gutxi Arriaga Antzokiak hurrengo urteko bere programazioa aurkeztu duenean. Zeren konpainia pribatuen antzezpenak erakusteaz gain euren ekoizpen propioak toki handia hartzen duelako. Eta tokia hartzen badu egin egiten delako da. Bertako antzezle eta zuzendariekin, talde bateko izan zein besteko, aldian batzuk aldian besteak. Eta horrek lana emateaz gain giroa sortzen baitu, kultur bizitza. Eta modu pribatuan ekoiztu ezin diren lanak aurrera ateratzeko aukera sortu. Donostian ezin du ez delako ezer ekoizten. Eta Gasteizen berdin. Iruñean ez ordea. Gayarre Antzokiak ekoizpen propioak egin izan ditu. Bilbo eta Iruñea lantegi eta erakusleiho dira eta Donostia eta Gasteiz erakusleiho hutsak. Hau izan da betidanik Donostiari egotzi zaiona eta ez du ematen aldatzeko trazarik duenik. Dirua kostatuko lukeela horrek? Noski. Baina baita hondartzak garbi edukitzeak, sorosleei ordaintzeak… Su artifizialak debaldekoak al dira, bada? Erakusleiho izatera kondenaturik dago Donostia? Kultura sortzea berdin zaigu, nahikoa dugu pribatuan sortzen dena erakustearekin. Jakina, sortzen ez dena ezin erakutsi.