Euskal emakume idazlea: Eragile eta sortzaile (1)

Euskal emakume idazlea: Eragile eta sortzaile (1) –

Auxtin Zamorak behin erran zidan bezala, denok gara poetak, idazle eta sortzaile, edo bederen izan gaitezke, eta denok maila berean gainera, ez bata bestea baino gehiago. Izan gaitezke denok poeta eta sortzaile, denok baitugu behar bat garena adierazteko, nahiz eta ez argitaratu.

Eta amatasunaz ez gara mintzatu, nahiz eta gaurko euskal literaturan aktualitatezko gaia izan. Niretzat hain da gai sentibera, minbera une honetan (eta azken hamarkada osoan), ene 43 urtetan, beti izan baitut amets ama izatea, baina ene maiteak utzi ninduen, ene seme-alaben aitak alegia. Errazagoa ote da gaur egun liburu bat argitaratzea, ama izatea baino?

Euskal emakume idazlea: Eragile eta sortzaile (1)Nago, horregatik, ama edo sortzaile izateagatik, egon direla itzalpean euskal emakume idazleak, amatasuna sormen naturaltzat jo delako, eta beraz, meritutzat jo da ama eta sortzaile izatea berezko eta esfortzurik gabe izan ez duen gizonaren lana. Horrela, aintzat hartu da eta argitara emateko eginahal handi hori. Beharbada horregatik gizonak nahi duena egin ahal izan du, baina andreak ezin izan du nahi, egin nahi zuena.

Beharbada, amatasunaren naturaltasun hori ezbaian jarri ez delako gure erreferentzia literarioak ere maskulinoak dira, bai gizonengan, bai andreengan; denongan. Femeninoa dena etxe barrurako gordez eta horrekin batera ama-hizkuntzaren balioa eta transmisioa ere intimoa da, pribatuan egin beharreko sormen-lanketa eta idazketa.

Ama izateaz haratago, izatea eta sortzea amets zuten andreak historian ez dira ulertuak izan, eta sufritu nahiz sufriarazi dute. Lou Andreas von Salomé idazleak esan zuen bezala, edozein delarik ere gure generoa (gizon edo andre izan gutxienekoa da), garenetik abiatuta, denok bilatu behar genuke gugan kontrako sexuaren ezaugarriak, gu guztiongan baititugu ezaugarri femeninoa eta maskulinoa.

Hauek eta gehiago izan dira Bergarako UNED-etik bueltan, “Euskal emakume idazlea: eragile eta sortzaile” eztabaida literariotik, ene kotxeko bakardadean egindako hausnarketa iragan inauteri-larunbatean. Datorren larunbatean otsailaren 29an azken saioa izanen dugu Bergaran goizeko hamarretan, eta gaiari buruzko marko teorikoa zehaztuko dugulakoan nago.

Ainara Maia Urroz

Ainara Maia Urrotz (Irun, Gipuzkoa, 1976ko ekainaren 6a) euskal idazle eta itzultzailea da. Euskal filologian lizentziaduna da 2002tik. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitatearen Hizkuntza, Informazioa eta Komunikazioa ikasketetan masterduna da 2004tik, eta badu idazkuntzari lotutako graduondoko bat (UNED). 2008tik 2014ra Brnoko Masaryk Unibertsitatean aritu zen euskara irakurle lanetan. Harrezkero, trebakuntza, irakasle eta euskara teknikari lana txandakatu ditu. 2015ean Irungo Udal Euskaltegian ordezko euskara-irakasle; 2016an euskara-irakasle Nafarroako Hezkuntza Sarean (DBH). 2016tik 2018ra bitartean euskara teknikari Osakidetzako Debabarrena ESIn, Mendaroko ospitalean. 2019an euskara-irakasle EAEko Hezkuntza sarean. 2020tik eta gaur egun, euskalduntze-teknikari HABEn, Donostian.