Erabaki dira Bertsomoviedako irabazleak

titulua

Esperotako marka guztiak hautsi ditu bertsomoviedako lehenengo edizioak, bai partehartzeari dagokionez, eta baita jarraipenari dagokionez ere. Badauzkagu jadanik bertsomoviedako irabazleak; bertso onenak dituen bertsomoviea, jendearen gustokoena izan dena, eta bertsomovie onenaren sariak ostiralean banatuko dira.

Gaur bertan eman du epaimahaiak bere erabakia aditzera, eta horrekin batera, publikoaren epaia ere jakin ahal izan dugu. Sari nagusiak bi irabazle ditu, Bertso Road Movie eta Urpeko bertsoak lanak; 900 euroko saria haien artean banatuko dute, beraz. Biak ala biak oso orijinalak eta kalitate altukoak diren arren, estilo oso desberdinetakoak dira, eta ederki islatzen dute aurkeztu diren lanen dibertsitatea.

Publikoak argiago izan du: Bertso Road Movie da gehien gustatu zaien lana, ziur aski duen freskotasunagatik, eta 15 lagunentzako bazkari eder bana irabazi dute Ataungo Urbitarte sagardotegian. Epaileen iritziz bertsorik onenak dituen bertsomoviea berriz Intxaur ondotik Intxaurpera izan da, eta beraientzako izango da 300 euroko saria.

26 lan aurkeztu dira guztira, eta partehartzaileak ehundik gora izan dira; baina partehartzearekin bakarrik ez, jarraipenarekin ere oso gustora daude antolatzaileak, webguneak 13000 bisita izan dituelako bozketa epea zabaldu zenetik, egun batzuetan 1500 bisitari ezberdin izatera ere iritsiz, eta sare sozialetan jarraipen handia izan duelako.

Sari banaketa ostiral honetan egingo da Beasaingo Igartza Jauregian, arratsaldeko zazpietan.

Informazio gehiagorako: bertsomovieda.com , edo twitter eta facebookeko profilak.