Zer da Unibertsitate Masterra?

Europako Goi Hezkuntzako Esparruan ezarritako unibertsitate sistema berriarekin aldatu egin da graduondoko ikasketen eredua. Horrek ekarri duen berrikuntza nagusietako bat da Unibertsitate Masterra, alegia, Graduaren eta Doktoregoaren arteko hezkuntza maila.

Espezializatutako prestakuntza da, diziplinarteko ikuspegia duena. Espezializazio profesionala edo akademikoa erdiestea eta ikerkuntza-lanbideari ekitea ditu helburu. Goi mailako Hezkuntzaren egitura berrian, lehengo diplomatu, lizentziatu edo ingeniariak Doktoregora (3. ziklora) sar daitezke Unibertsitate Masterraren bidez.

Iraupenari dagokionez, Unibertsitate Masterrak 60 ECTS (ikasturte akademiko bat) edo 120 ECTS (bi ikasturte) hartzen ditu.

MONDRAGON UNIBERTSITATEKO MASTERRAK BEREIZTEN DITUZTEN BALIOAK

  • ENPRESETATIK ETA ERAKUNDEETATIK HURBIL: Lan-munduko benetako proiektuak jorratzen dituzte ikasleek, eta programa burutzeko praktikak egiten dituzte, bai enpresetan eta bai erakundeetan ere.
  • LANBIDE-ESPEZIALIZAZIOA: Sektore estrategiko eta gorabidean doazenek eskatzen dituzten ezagutza-arlo eta jarduera jakinetan trebatutako profesionala izateko ikasketak eskaintzen dizkizugu.
  • GAITASUNETAN OINARRITUTAKO EREDU PRAKTIKOA: Metodologia aktiboen bidez pertsona barne-ekintzaileak prestatzen ditugu. Gaitasun teknikoetan trebatzeaz gain, ikasleek zeharkako gaitasunak bereganatzen dituzte, hala nola, talde-lana, lidergoa edota komunikazioa.
  • ELKARLANEKO IKERKUNTZA: Beste unibertsitate batzuekin batera elkarlaneko ikerketako benetako proiektuak lantzen dituzte ikasleek. Unibertsitate Masterra burutu ondoren, partaideak doktoregorako bidea ere hauta dezake.
  • NAZIOARTEKOA ETA ELEANITZA: Hainbat herrialdetako unibertsitateekin dauzkagun hitzarmenei esker, diploma bikoitzak eskaintzen ditugu, eta, era berean, Erasmus egonaldiak atzerrian, ikasketak edota praktikak atzerrian egiteko aukera eta prestakuntza eleanitza.

Mondragon Unibertsitateko Masterrak