Epaltzaren hiztegia
Epaltzaren hiztegia
Erresuma eta Fedea Aingeru Epaltzak idatzitako trilogia da, Nafarroako erresumaren zati baten konkista osteko urteetan girotua. Nafarroari biziarazi zioten garai gogor hura egiazko pertsonaia historikoez baliatuta kontatzen du Epaltzak, eta historiak eta eleberriak eskutik helduta egiten dute hiru liburuek markatzen duten xendra. 2006an kaleratu zuen lehen alea Iruñeako idazleak, “Mailuaren odola“; ondoren, 2009an, iritsi zen bigarren fruitua, “Izan bainintzen Nafarroako errege“; eta amaitzeko azkenburukoa 2013an, “Gure Jerusalem galdua“.
Gorka Bereziartua, Argiako kazetariak, duela hiru urte idatzi zuen bere blogean liburu sorta honen inguruan, eta zazpi arrazoi jarri zituen mahai gainean Epaltzaren sorkuntza itzelaz gozatzeko:
1) Trilogiaren azken liburua aurkeztuta dagoelako, Gure Jerusalem galdua.
2) Asko idatzi delako azken urteetan Nafarroako Erresumaren historiaz, baina proportzioan gutxi euskaraz.
3) 1512ko konkista osteko urteetan girotutako fikziozko saga honek egiantzekotasunaren partida irabazten diolako garai berdinaz ari diren zenbait historia liburu ustez faktualei.
4) Irakurlea bete-betean sartzen delako XVI-XVII. mendeetan, trilogia idatzita dagoen estiloak sortzen duen fantasiari esker.
5) Urte horietan sartuta dagoelarik, egun bizi duen garaiarekin ispilu egiten duten kontu anitz aurkituko duelako, ironia ez gutxirekin tartekatuta.
6) Nobela historikoa B serieko generotzat hartzen den arren, ongi idatzitako B serie batek merezi dezakeelako asmo handiagoa eduki eta putza atera den nobela batek baino gehiago.
7) Aingeru Epaltzak idatzi duelako (beti da garantia).
…
Nire egiten ditut zazpi argudioak, eta lehenengoaren inguruan hausnarketa txiki bat egin nahi nuke. Eskerrak hirurak eginak zeudela hasi nintzela lehena irakurtzen, ez nuke batere ondo eramango zazpi urtetan zehar egotea jakin-minari eutsiz. Beharbada autokritikarako tarte txiki bat zabaldu behar nuke hemen, iruditzen baitzait “betekadaren belaunaldia” bihurtzen ari garela: astean zehar ez dugu beharbada alkohol tantarik edango, baina asteburuetako panorama ikustekoa izaten da; telesailen denboraldi osoak deskargatzen ditugu eta maratoietan ikusi, atal bat bestearen atzetik; eta noiz edo noiz irakurtzen dugunoi literatura sagekin antzekoa gertatzen ari zaigula deritzot.
Baina Bereziartuak zerrendatzen dituen zazpi argudioez gaindi, zortzigarrena eranstera noa: hiztegia.
Badira jada urte batzuk arkatzarekin irakurtzeko ohitura hartu nuela. Ulertzen ez ditudan hitzak azpimarratzen ditut, ondoren hiztegian begiratzeko; edo ezagutzen ez nituen esamoldeak markatu, aukera daukadanean erabili ahal izateko. Aski errotuta daukadan usadioa da, baino ez dut oroitzen nori ikasi ote nion. Ez nuen apuntatu.
Bada Epaltzak beste idazle batzuk baino dezente lan gehiago eman dit, batetik azpimarratzen, eta bestetik denboratan egon nintzelako gora eta behera nire egongelan txorroskilo baten bila. Honako hitz zerrenda lehen liburutik atera nuena da soilik, eta ez daude guztiak, hiztegiak ez dituelako denak identifikatzen. Zuzeulari askorentzat hitz gehienak ezagunak izango direla pentsatzen dut, baina gutxi batzuei artxibategi bezala balio baldin badizue hurrengo idazlan bat aberasteko, horrela izan dadila, ni gustura (eta Epaltza ere bai, pentsatzen dut).
- Abantzua: trebea
- Aiherra: grina, gorrotoa edo zaletasuna.
- Akort: ados.
- Amultsu: maitagarri.
- Arraildu: pitzatu.
- Arrangura: kezka, intziria.
- Asots: zarata.
- Aztala: orpoa edo zangosagarra.
- Balakan: koipetzen, lausengatzen.
- Barrandatu: zelatu edo arakatu.
- Baztanga: nafarreria gaixotasuna.
- Behaztopa: oztopo egin.
- Beko: aurrealde.
- Berga: makila.
- Bihia: alea, fruitua.
- Bipil: kementsu, adoretsu.
- Eldarnioa: sukar ametsa.
- Erdeinua: mespretxua.
- Errefera: erresto, sake.
- Eskalapoi: baldres, moldakaitz, zakar.
- Ezkibel: aurpegi ilun.
- Fierra: sendo, adoretsu, irmo.
- Furfuria: amorrazioa.
- Gopor: katilu, kaiku.
- Haidor: harro.
- Harrabotsa: zalaparta, kale mugitu bateko hotsa.
- Hartzitu: ondu, legamiatu (ogia), irakin.
- Hazama: inudea edo amaordea.
- Haztatu: aztertu.
- Herbaldua: indargabetua.
- Hista: iseka, burla.
- Histu: zurbildu.
- Hondalana: pertsona hondatuta uzten duen lana.
- Hordi: mozkorti.
- Inarrosi: astindu, eragin.
- Itzuri: ihes egin.
- Izterbegi: etsai, arerio.
- Kalitu: hil.
- Kapare: aiton-seme.
- Laño: apal, otzan.
- Latsarri: uharri, errekarri.
- Maingutu: herren bihurtu.
- Manugaitza: agintari txarra.
- Mirailatu: islatu.
- Naro: ugari.
- Ohantzea: habia.
- Ohoin: lapurra.
- Pertola: butroi.
- Petxa: zerga edo akatsa.
- Poxi bat: apur bat.
- Sehi: zerbitzari.
- Xaribari: zalaparta.
- Zimikatu: atximur egin.
Gure Jerusalem galduko xaribarian hordituta noan hurrengoan bildots bipilen bat tamainako hitz potolo sorta erabiltzen entzuten badut, ez naiz itzuri joango. Ezkibela ezabatu, zimikatuko dut eta ardo goporra nire kontu, ala jinkoa!
Epaltzaren hiztegia Epaltzaren hiztegia Epaltzaren hiztegia Epaltzaren hiztegia Epaltzaren hiztegia Epaltzaren hiztegia
zorionak, beñat.
dena dela, “abantzu” eta “manugaitz” berriro begiratu hiztegian.
Mila esker, Xabier.
ABANTZU:
kasik, ia.
aurrerapen, aitzinamendu.
trebetasun
ABANTZU IZAN: azkenetan izan, hil-hurrean izan
ABANTZU: ia-ia, kasik
“Abantzu” esaldi honetan topatu nuen: “armada liberatzaileak hirian aurkitu zuen laguntzaile abantzu bakarra eregeren armagizonen ihesean zebilen.”
“Manugaitz”, aldiz, ez da hiztegian agertzen, eta esaldia honakoa da: “inguruko jaun manugaitzak zelatatu eta barrandatzea”. Testuinguruagatik, eta kontutan hartuta “manu” aginpidea edo potestatea dela ondorioztatu dut esanahi hori zeukala, baina bistan da ez nabilela zuzen. Esango diguzu, mesedez?
Mila esker berriz ere.
Gaztetxoagoa nintzenean Epaltzaren Tigre Ehizan irakurtzen hasi nintzela gogoratu dit sarrera honek eta gogoan dut erabiltzen zuen hiztegia benetan zaila egin zitzaidala. Azkenean utzi egin nuen.
Trilogia erosteko gogoa eman didazu.
Manugaitza manutu ezin dena, gobernatu ezin dena, nik uste. Manua ere agindua da.
Aupa, Beñat. Esango diguzu “abantzu” agertzen den testuingurua? Trebe(tasun) esanahiarekin ez dut sekula ikusi. “Manugaitz” desobediente da, eta OEHn duzu (“managaitz” forman).
Garbi da Epaltzaren eleberri bat irakurtzeak mota askotako gozamenak ekartzeaz gain, zenbait problema ere badakarrela, explizituak edo inplizituak.
Lehenengo eta behin, gure hizkuntza arruntaren (batua arrunta, gaur egungo testu gehienetan ikusten dena), berriz esango dut, gure hizkuntza arruntaren mugak mahai gainean jartzen ditu. Kepa Altonagak arrazoi osoz esaten duen bezala, estandar arrunt horrek gauza askotarako balio du, baina goiko mendietan ibiltzeko, ez (bon, berak hegaldi transozeanikoak aipatzen ditu, antzeko metafora da).
Soluzioa, jakina, ez da jatorrismo dialektala, batua aberats eta potente bat sortzea baizik. Eta sorkuntza hori prozesu luzea izango da, hamarkadatakoa, jende askoren kolaborazioa eskatuko duena: idazleak, kantariak, zientzilariak, dibulgatzaileak, irakasleak, kazetariak…
Epaltza gurdi horretatik tiraka dabilen bat da, ohorez.
Eta gurdi horren izena ez da euskara batua, euskal kultura baizik. Gure inguruko hizkuntzen kulturaren pare ibiltzeko balioko digun euskal kultura, gaur egun oraindik erdietsi ez duguna. Ez dugu gehiago behar, baina ezta gutxiago ere.
Horrek ez du esan nahi denok Epaltzaren estiloa imitatzen hasi behar dugunik. Bai, ordea, lortu behar dugula, zentzuzko epe batean, euskaldun arrunta Epaltzaren testuak irakurtzeko eta erraz ulertzeko gai izatea, edozein gaztelaniadunek Unamunoren edo Pio Barojaren testuak erraz ulertzeko gai diren bezala (eta ez zaie burutik pasatzen horrela idazten hastea).
Ez daukagu lan makala.
Bitartean, mila esker Beñat, zeuk ere gurdi horretatik tira egiteagatik.
Iruditzen zait Epaltzaren hautua ez dela bakarrik, Prudenek dioen bezala, batu literario aberats eta potente bat sortzeko. Bada beste zerbait: Epaltzak beti-beti egiten du ekialdeko lexikoaren eta egituren alde.
Ez da euskara nafarra soilik; ekialdeko euskara nafar erdi-galdua hartu bide du hatsarretzat. Mitxelenak salatutako “hiperbizkaiera” nola, Epaltzak “hipernafarrera” edo “hiperrekialdetarra” daukala ematen du.
Hortik, esaterako, “abantzu” eta “bisaia” idaztea, “kasik, ia” eta “aurpegi, begitarte” beharrean. Uste dut haren nobeletan hautu hori sistematikoa dela. Erdialdekoaren -estandarraren- eta ekialdekoaren artean, beti bigarrena, beti ere batuaren mugen barruan, jakina.
Epaltzaren euskara nafar ekialdetarra aproposa da XVII. mendean girotzeko eta murgiltzeko; igual ez hain egokia “Rock ‘n roll”, egungo Iruñean kokatutako nobela beltzarentzat.
Euskara batu potenterik eraiki litekeen bide horretatik, ez dakit ba…
Bat nator zurekin puntu batean, Amonamantangorri: Epaltzaren hautu estilistiko ekialdezale hori askoz ere egokiagoa da (edo “sinesgarriagoa”, nahi bada) XVI-XVII. mendeetako nobela historiko batean, “Rock´n roll”-en baino.
Beste kontu batean agian argibide bat erantsiko nuke: ez nuen esan nahi Epaltzaren bidea batu potente bat eraikitzeko bide egokiena denik, ezta antzerako ezer ere; bai esan nahi nuen Epaltzaren liburuek gure batu estandarraren mugak bistaratzen dituztela eta muga horiek gainditzea prozesu luzea eta kolektiboa izango dela.
Hain juxtu ere batua potente bat izango dugu gai izango denean, naturaltasunez, oso erregistro desberdinak behikulatzeko: etxekoak, lagunartekoak, lanekoak, zientifikoak, literarioak (oso estilo desberdinetan), etab. Bat izanik oso plurala eta askotarikoa izango denean, errazki, ahalegin ikaragarririk gabe. Hau da, gure ingurukoak bezalako kultura bat sortzeko eta behikulatzeko gai izango denean.
Urrun gaude oraindik.
Victusek Katalunian eta Espainian arrakasta handia izan duen honetan, Epaltzaren trilogia -hura baino kalitate handiagokoa izanda ere- ez da mereziko lukeen bestseller bilakatu gure artean, politikan nonbait Nafarroa modan badago ere. Eta, Prudenek dioen bezala, horrek gehien hedatu den batuaren mugak agerian uzten ditu. Ez dut uste, halere, hiztegi kontu hutsa denik: arrunt estilo landua da Epaltzarena, bertze aunitzenak baino dekodetze lan handiagoa eskatzen duena, eta hori batzuendako pizgarri eta gozagarri gertatzen zaigun bezala, bertze irakurle frankorendako sufrikarioa da. Mikel Tabernak ere nahiko koherente baliatzen du nafar kutsuko euskara batua, baina ez du Epaltzak duen idazle zaila izatearen fama. Ez da, beraz, soilik hiztegi kontua.
Nire iduriko, hizkuntza estandar jakin batekin batera, estilo estandar jakin bat bereziki arrakastatsu bihurtu da. Galdera da hori normala ote den -normalizatze bidean dagoen hizkuntza baten isla- edo kezkagarria -irakurle kopuru ez txiki batek euskaratik espero dezakeenaren edo onartzen ahal duenaren adierazgarri-, edo biak.
Akitzeko, eta polemikarik pizteko asmorik gabe, nire buruari galdegiten diot Epaltzaren “hipernafarrera” -ez dakit, bada, horrekin ados nagoen- nobela historiko baterako egokitzat jotzeak, baina gaur egungo giroan kokaturiko nobela baterako desegokitzat-edo jotzeak berak ez ote duen berriz ere batu estandarraren mugak erakusten; edo, bertzenaz adierazia, ez ote garen berriz ere lexikoa edo euskara batu mota eta estiloa nahasten. Zeren, lexikoari dagokionez, nik ere zenbait hitz apuntatu behar izan ditut trilogia irakurtzerakoan, baina bertze aunitz -asotsa, sainga, kontu egin, ohatzea- egunero erabiltzen ditut. Distantzia beti erlatiboa da.