Kontraesanen belaunaldia

Kontraesanen belaunaldia

.

2007ko maiatzaren 19an, Townshend gitarra joleak 62 urte bete zituen egunean zapaldu zuen lehenbizikoz The Who taldeak Euskal Herriko oholtza bat, eta Barakaldoko BEC aretotzarrean jo. Gogoangarria izan zen.

Kasik hamar urte geroago, eta taldearen sorrerako 50. urtemuga ospakizunetako biran, The Whok Gasteizko Azkena jaialdian joko du, etzi. Hori dela-eta, Mikel Lizarraldek 2006an Entzun! aldizkarian argitutaratutako erreportajea berreskuratu dugu, “The Who, kontraesanen belaunaldia”:

.

Talde gutxi izango dira rockaren historian bere baitan The Whok adina kontraesan biltzen dituenik. Mod mugimenduaren erreferentzia gisa sortu eta punk eztandarentzat akuilu izatetik, estadioetako banda handienetakoa bihurtu eta punkak deuseztu nahi zituen “dinosauruen” ordezkari indartsuenetakoa izatera igaro zen. Orain, taldea ofizialki desegin eta ia 25 urtera, bizirik gelditzen diren bi taldekideek errepidera itzuli eta disko berri bat grabatzeko erabakia hartu dute.

Kontraesanen belaunaldia
Orain dela bi urte [2006koa da testua] egin zuten Roger Daltrey abeslariak eta Pete Townshend gitarristak The Who berriz kalera ateratzeko lehenengo ahalegina. Then and now 1964-2004 bilduma osatu eta bertan bi kantu berri (“Real good looking boy” eta “Old red wine”) sartzeko baliatu zuten argitalpena. Halaber, lehenengo kontzertu batzuk eman zituzten Erresuma Batuan taldekide berriekin -Zak Starkey (bateria), Rabbit Bundrick (teklatua), Pino Palladino (baxua) eta Peten anaia Simon gitarra laguntzaile gisa-, eta prest azaldu ziren bigarren abentura honi jarraipena emateko.
.
Izan ere, Townshend-i kasu eginez gero, XXI. mendeko The Who-k ez du izan nahi zuzeneko emanaldietara mugatuko den taldea: “Iruditzen zait ezingo nukeela The Who-rekin bira gehiago egin disko berririk gabe”, adierazi zuen gitarristak orain dela hilabete batzuk bere webgunean.

The Whok 1964tik 1982ra egin zuen bidearen erakusle dira taldearen ispiluan islatuta sortutako estilo eta mugimendu kontrajarriak. Izan ere, punkarentzat -Buzzcocksek, Patti Smithek eta Sex Pistolsek The Whok hasieran zuen energiatik edaten zuten- eta mod revivalarentzat (The Jam, The Mods, Secret Affair, The Lambrettas), erreferentzia izan bazen ere, taldeak rock sinfonikoa ere aurreratu zuen bere rock operekin, eta bide batez, hard-rockak ere asko zor dio.

.

Mod garaian bizitzen

Roger Daltreyk (1944), Pete Townshendek (1945), John Entwistle (1944) baxu jotzaileak eta Keith Moon (1947) bateria jotzaileak 1964an sortu zuten The Who. Lehenengo hirurak The Detours, R&B bertsioetan (Mose Allison, James Brown, Jimmy Red) oinarritutako taldetik zetozen eta Moon The Beachbombers surf taldetik. The Beatles eta The Rolling Stonesek garaiko bi bideak markatzen zituzten (beat-popa eta R&Ba) eta, The Who erdibidean kokatu zen, nortasun berezirik erakutsi gabe. Hastapenetan behinik behin.

Modu paraleloan, musikarekin lotura zuzena ez zuen korronte bat ari zen sortzen Erresuma Batuan: mod mugimendua. Peter Meaden gerora The Who-ren managerra izan zenak horrela definitu zuen zer zen mod izatea: “Mod izatea zure baloreen eta eskalen arabera bizitzea da. Eta egoera zailetan ere txukun bizitzea”. Mod-ak dotore janzteagatik eta musika beltzari nahiz anfetaminei zieten maitasunagatik nabarmentzen ziren. Baina ez zegoen “mod” musikarik.

Meadenek The Who zuzenean ikusi zituen arte. Orduan aurkitu zuen mugimenduak behar zuen taldea. Meadenek taldearen irudia txukundu zuen, eta taldekideek ere beren gain hartu zituzten mod mugimenduari atxikitzen zitzaizkion ezaugarriak: dotore jantzi, Vespa motoak gidatu eta anfetaminak kontsumitu. Aldatzeagatik izena ere aldatu zien Meadenek, eta horrela The High Numbers izenarekin argitaratu zuten lehenengo singlea (“I’m the face” / “Zoot suit”). Berehala berreskuratu zuten, ordea, izena.

Londresko Marquee areto ospetsuko ohiko gonbidatu ziren eta taldeak zuzenean transmititzen zuen energiaren eta bortizkeriaren ospea ere 64-65eko hilabete haietan sortu zen. Townshendek kontzertuetan gitarra kolpeka apurtzeko ohitura hartu zuen eta hori ere amu bilakatu zen intentsitate handiko bizipenak bilatzen zituzten gazteentzat. Lehenengo singleak kaleratu zituzten (“I can’t explain”, “Anyway, anyhow, anywhere”), eta hirugarrenarekin (“My generation”), goia jo zuten.

Feedback-ez gainezka egiten zuten lau akorderekin eta lelo kutsagarri batekin, Townshendek -hortik aurrera taldearen konpositore nagusi izango zen-, bere belaunaldiaren nahi eta kezkak laburbildu zituen parerik gabeko kantu batean. Gerora punk belaunaldiak (“God save the Queen”) edota grunge oldeak (“Smells like teen spirit”) bezala, mod-ek ere beren ereserkia izan zuten. 60ko hamarkadaren erdialdean, singlea Lp-ari gailentzen zitzaion. Fomatu txikiak zuen merkatua. Townshendi, ordea, ideia asko zebilkion buruan, eta haiek guztiak ez zegoen 7’ko binilo txikian sartzerik. My generation lehenengo disko luzean ordura arteko singleak eta kantu berriak bildu zituen, baina A quick one (66) bigarrenerako antzematen zen gitarristak bide ezberdinak bilatu nahi zituela. Pop zuzen eta energikoarekin nahikoa ez zuela. Horren adibide da “A quick one, while he’s away” ia hamar minutuko kantua. Neurri batean gerora etorriko zena aurreratzen hasi zen. Ordurako mod mugimendua gainbeheran zegoen, eta psikodelia txoko guztietara zabaltzen ari zen heinean, The Who-k ere bere lekua egin zuen mugimendu berrian, “The Who sell out” diskoak erakusten duen moduan.

.

Rock opera

60ko hamarkadaren amaieran, Erresuma Batuko musikan ezer ez zegoen geldi. Psikodelia gazteen artean hedatzen ari zenerako, hainbat musikari “haratago” joateko saioak egiten hasiak ziren. Hiruzpalau akordeko kantuen ordez, garapen luzeko piezak nahiago zituzten, eta hitz argi eta zuzenen lekuan, istorioak. Gerora, rock sinfoniko edo progresiboak beretzat hartuko zituen ezaugarriak, ordea, The Who-k finkatu zituen Tommy (69), haur mutu, gor eta itsuari buruzko disko kontzeptualarekin. Townshendi kasu eginez gero, Tommy Meher Baba maisu espiritual indiarrak emandako irakaspenen emaitza izan zen: “Urte haietan bizi izan nituen aldaketen ondorioa da. Erlijio tradizionalarekin etsia nengoen, zalantza espiritualak nituen eta ondorio batera iritsi nintzen: gizakia ezin da mugatu gorputz batera. Eta horrela, mistiko bihurtu nintzen”. Musikalki, taldeak ordura arte grabatutako disko anbiziosoena da, handinahia baina era berean, handiustea. Tommy, gainera, eszenatokietara ere iritsi zen rock opera gisa eta baita zinemara ere -Roger Daltrey protagonista zuela-.

Bi urte geroago -eta Who’s next diskoarekin rock gogorrera hurbildu ondoren-, operazioa errepikatu zuen taldeak Quadrophenia, mod baten istorioari buruzko lan kontzeptualarekin. Gainera, urte batzuk geroago, mod revival-aren garaian, diskoan oinarritutako filma egingo zuten.

Hortik aurrerakoa dinosauro baten iraungitzearen kronika da. Taldekideen artean gero eta arazo pertsonal handiagoak zeuden, Moon-ek arazoak zituen drogekin, bakarkako disko eskasak atera zituzten… Eta hala eta guztiz ere, makinariak lanean jarraitu behar zuen rock talde-enpresa handi bati dagokion moduan. The Who by numbers (75) eta Who are you (78) diskoek gainbeheran dagoen talde bat erakusten dute, rock ezin konbentzionalagoan mugitzen dena. Gainera, 1978an Keith Moon hil egin zen pilula gaindosi baten ondorioz -John Entwistle ere hil egin zen 2002an-. Nolanahi ere, gainerako hiru kideek -Kenny Jones, Small Faces-eko kidearekin-, denbora izan zuten beste bi disko ere grabatzeko, Face dances (81) eta It’s hard (82), biak rock komertzial zaharkituenaren adibide garbiak.

Kontraesanen belaunaldia

.
Taldearen lau mugarri ere emango dizkigun Lizarraldek erreportajea idatzi zuen urtean bertan, 2006an, The Who taldeak “Endless Wire” lana argitaratu zuen; kasik 25 urte zeramatzaten disko berririk plazaratu gabe.
.
Geroztik tarteka-marteka agertu izan dira oholtza gainera, harik eta “The Who Hits 50!” izeneko biran murgildu diren arte. Kanturik esanguratsuenak jotzeko asmoz, taldea sortu zeneko mende erdia ospatzera datorren birarekin helduko dira Gasteizera; hauxe ei dute azkena.
.
* The Who taldeak etzi, ekainak 18 larunbata, joko du Azkena Rock jaialdian (Mendizabala, Gasteiz), gaueko 23.00etan (eguneko sarrera, 60 euro -bi eguneko bonoak, 95-).
.

.

Lau mugarri

My generation (1965)
The_Who_sings_My_GenerationLehenengoa izateagatik eta “My generation” ereserkia jasotzeagatik mereziko luke aipamena. Mod espirituaren isla zuzena da, eta pop kantu melodiko indartsuak (“The kids are allright”, “La-la-la lies”) eskaintzearekin batera, rhythm & blues-ean arakatzen du etengabe (James Brown eta McDanielsen bertsioak jasotzen ditu).

.

The Who sell out (1967)
selloutA quick one-kin (1966) mod komunitatetik urrundu, eta psikodelia Erresuma Batuan zabaltzen ari zen bitartean, Townshendek bere obsesioak bildu zituen art-pop estetikako diskoan. Lehen aldiz diskoa osotasun gisa planteatu zuen -irrati iragarkiak tartekatu zituen kantuen artean-; bere kantu ezagunenetako bat jaso zuen: “I can see for miles”. Musikalki, psikodeliaren eta poparen artean kokatzen da. Taldearen lan bikainenetakoa.

.

Who’s next (1971)
3706042Taldearen maisulantzat jotzen den diskoa. Ordurako laukoteak oso atzean utzia zuen hastapenetako soinua, eta Townshenden obsesio musikal eta literarioek gidatzen zuten taldea. Rock diskoa da bete-betean eta 70eko hamarkadan gailenduko den rock gogor baina melodikoa iragartzen du. Kantu esanguratsuak biltzen ditu, “Behind blue eyes”, “Baba O’Reily” eta batik bat, “Won’t get fooled again”.

.

Quadrophenia (1973)
Quadrophenia_(album)Mod mugimenduko kide bati buruzko hausnarketa honekin, Townshendek bere proiektu handienari ekin zion. Tommy-ren arrakastak bultzatuta, bigarren lan kontzeptuala osatu zuen, mod mugimenduaren faltsukeria azaleratu nahian. Neurri handi batean gitarristak mod-ekin izan zuen harremanaren isla da diskoa. Musikalki Who’s next-en bidean kokatzen da eta sintetizadoreen erabilera nabarmentzen da.

.

Kontraesanen belaunaldia / Kontraesanen belaunaldia / Kontraesanen belaunaldia / Kontraesanen belaunaldia

4 pentsamendu “Kontraesanen belaunaldia”-ri buruz

  • Mikel Lizarralderen artikulua eztabaidatu gabe, zuzenketa bat .
    The Who taldeak BECen eman zuen kontzertuan ez zituzten Chuck Berry eta Uski’s oholtzakide izan. Loquillo y los trogloditas eta Rose Hill Drive izan ziren talde gonbidatuak.
    Long live rock!

    • atara zarata 2016-06-17 11:35

      Arrazoi osoa duzu, Edu.
      2007ko urtarrilean The Uski´s eta Santiago Auseronek Chuck Berry lalgundu zuten eta geroxeago, maiatzean, Loquillo y Trogloditas eta Rose Hill Drivek The Who; BEC aretotzarrean.
      Ai ama, hau burua!

      • Santiago barik, Auserón anai biak izan ziren, bertsiñoen disko hura aurkezten. 😉

        • atara zarata 2016-06-17 13:07

          Kaguen zotz!
          Bai, “Las malas lenguas” aurkeztu zuten Santiago eta Luis, Auserón anaiek.
          Zorrotzak zarete gero!