e-Literaturaren bila

MjQwNg==

Idazletxo den aldetik hasi zen hitz egiten Hasier Etxeberria. Iturrino Handia bere eleberria Alua.mundua.com blogean idatzi zuela-eta, nahiz eta, hasieran pentsatu mundura begira idatzi zuela liburua, azkenean ez zuela inork jarraitu idazketa prozesua. Etxeberriak esan zuenez, eleberrigintzari eta literaturari oro har (batik bat euskarazkoari) kalte egin dio 2.0ak.Ondoren ekonomiaz hitz egin zigun. Gaztaren eta PDF-aren eredu kontrajarriez. “Gazta bat hartu dezaket eta zuek guztion artean banatu, zatitxo bat bakoitzarentzat. Horrela bukatu egingo da gazta. Baina PDFaz edo MP3az hitz egiten dugunean, nik deskargatu eta banatzean biderkatu egingo da.” Gaztaren ereduarekin jarraitu nahia nabari dela esan zuen, PDFa gaztaren eredura moldatu nahia. “Baina horrela ezin da.”

Imanol Epeldek sorkuntzaren arloari heldu zion batik bat, norentzat sortu behar dugun argi eduki behar dugula azpimarratuaz. “Gure belaunaldiei bisagra lana egitea tokatu zaigu”, argitu zigun Epeldek, “orain parkean baloiarekin, interneten, etxeko lanak egiten eta telefonoz hizketan, dena batera egiten duten gazteek zer nolako produktua kontsumituko duten ez dakigu. Nola ulertuko duten sarea.” Imanolen aburuz hor dago erronka, hori ulertzean.Ondoren esan zuen bi literatura bereizten dituela; batetik literatura (paperezkoa) eta bestetik e-literatura (blog munduan sarean ekoitzitakoa.) Esan zuen, agian etorkizunean, usaindu, dastatu, aditu eta ikusi daitezkeen eleberriak sortuko ditugula. “Agian etorkizunean bideo joko poetiko literarioak egingo dira, nork daki…”

Mikel Elorzak adierazi zuen funtsean, funts-funtsean, bat egiten zuela aurreko biek esandakoarekin. Azpimarratu zuen, berak “pirata” bezala (Hasierrek umorez hala deitu zien Susakoei), Internet edukiak sozializatzeko (denen eskura jartzeko) tresna bezala ikusten zuela. Adibide bezala jarri zuen Bizkaiko Diputazioko liburutegi berritua. Nola hara zerbaiten bila joan eta hamaika zailtasun jartzen dituzten ezer lortzeko. “Gordailu dira liburutegi horiek. Internetek, gordailu izateaz gain, eskaparate bezala funtziona dezake; hala nola, eleberriak, hauen kritikak eta beste hainbat gauza gehiago klik batez denen eskura jarriaz.”Epelderi erantzunaz, esan zuen, berak ez zuela bereizten e-literatura eta literatura. Duela ez asko hainbat emakume espainiarrek idatzitako poesia liburu bat erosi zuela. “Interneten idatzitako olerkiak ziren guztiak, baina liburuaren azalean jarri ez balu, ez zen inor konturatuko.”, argitu zuen Elorzak.

 

  • Publikotik aportazio bat edo beste izan zen, tartean, Andu Lertxundirena. Anduk bere esperientzia kontatu nahi izan zuen, bere esperientzia sorkuntza ardatz hartuta. Esan zuenez, berak ez du idazten duela hamar urte bezala; teknologia berriek, ordenagailuak eta internetek, zeharo aldatu diote idazteko eta pentsatzeko era.“Nik garai batean, lehenengo pentsatu egiten nuen zer nolako testua idatzi behar nuen, zer egitura eta abarrekin. Eta gero idazten saiatzen nintzen. Gaizki ateraz gero papera zakarrontzira. Orain aldiz zuzenean ordenagailu aurrean jartzen naiz eta bertan hasten naiz zuzenean idazten.”
Irudia | Literaturia 1111, maiatzak 27, Zarautz | Literaturia | Creative Commons By SA

3 pentsamendu “e-Literaturaren bila”-ri buruz

  • Hasier Etxeberriak Iturrino handiaz esandakoak duela urte batzuk zapuztuta geratu zitzaidan esperimentua ekarri dit burura. Orduan, wiki teknologia eleberri kolektiboa idazteko baliatu nahi izan nuen. Eleberriari hasiera eman, zenbait hari zabalduta utzi, eta jendeak idazten, aldatzen, zuzentzen, osatzen jarraitzeko deia egin nuen (lagun idazle batzuei ere egin nien deia), wikiak idatzitakoaz eztabaidatzeko ematen duen esparruari interesgarri iritzita. Xedea emaitza parte hartzaile guztiena izatea zen, emaitza soziala, ez pertsonala, parte hartze horizontala, irekia, idazle-irakurle eginkizunak nahastea, bat egitea, bien arteko mugak ezabatzea. Pertsona bi baino ez ziren esperimentuari jarraipena ematera animatu, batxilergoko neska bi (sentitzen dut haiengatik, badakit ilusioz egin zutela, eta gainera oso eder idatzi zuten; eskerrik asko haiei!), eta azkenean egindakoa desagerrarazi beste erremediorik ez nuen izan, erantzun eskasa ikusita… Argi dago literaturarentzat bide elektronikoak oraindik egiteke daudela, berez tresna oso interesgarriak eskaini arren. agian hurrengo batean antzeko beste esperimenturen bat egitera ausartuko naiz, ea zorte hobea dagoen!

  • Asel, zaude lasai, lehenago Koldo Izagirre “handiak” abiarazi zuen beste eleberri bat, Susa argitaletxearen inguruko idazle andana tartean zela, eta kale. Saio hark ere ez zuen aurrera egin. Eta badira gehiago ere.
    Nik uste, bai idaztea eta bai irakurtzea, norbanaka egiten diren ekintzak direla, batez ere, eta sareak ez duela lan kolektibotarako ematen,( eta ez emango ere, beste hizkuntza handiagoetan ere halatsu gertatzen baita). Beste kontu bat da poesia, mikroeerelatoa eta halako kontuetarako balio duen ala ez. Eta hor baietz esan behar, nahiz eta, azkenean, sarea baino liburua izan hedabide egokia.

  • bai, seguruenik arrazoia daukazu, hasier, baina nire joera koelektibo eta horizontalak holakoetara gidatzen nau batzuetan, kar, kar, kar. gainera, holakoek porrot egin arren, saiatzea eta esperimentatzea beti da polita. baina momentuz kolektibotasun eta horizontaltasun horiek beste gizarte eta kultura arlo batzuetarako gordeko ditugu. holako bideetatik harago, dena dela, interesgarria e-literaturari buruz abaitu duzuen hausnarketa.