eliburutegia.(d)eus

eliburutegia.(d)eus –

Ruben Sánchez Bakaikoak Argia aldizkarian.

Dagidan, lehenik eta behin, oihutxo bat etxealdiko basamortutik euskal oasira. Ene oihua irudikatu nahi dut aro distopiko honetako egun buruzurian –iluntzeko zortzietan–, nola kolektibo egin eta txistu suntsigarria bilakatzen den. Orduan, streaming ikus-entzunezkoen arloan euskararekin bizi gaituen lehorte eta itxaropen-ez basamortuzkoan zirimiri hasi, eta… to be continued.

EAEko herritarra izaki, egin nintzen eliburutegikoa. Filmoteka moduan izugarria da, Bingen Zupiriak dioenez, estatuko liburutegi digital handiena, eta debaldeko erabilera du. ‘Denok’ (=ahal dugunok) Netflix, HBO, Filmin eta abarretakoak egiten gabiltzan honetan, garrantzitsua da kultura denon eskura eta debalde aldarrikatzea; alde horretatik oso ondo.

Egin nuen lehen bilaketetako bat, umeekin ikusteko Esmeralda oihana izan zen, gogoan nuen ETB1ean ikusi izana. Nire etsigarri: eliburutegian jatorrizko bertsioan eta gaztelaniara bikoiztua besterik ez nuen topatu. Paradisu zinema euskarara bikoiztua eta azpititulatua dago, eliburutegian aurkitu ahal duzu audioa italieraz, katalanez eta gaztelaniaz, azpitituluak gaztelaniaz. I, Daniel Blake azpititulatuta dago euskarara, baina eliburutegian aurkitu ahal duzu ingelesez edo gaztelaniaz, eta azpitituluak gaztelaniaz eta katalanez.

“Euskal zinema” izeneko atalera jo eta 30 film ageri dira, euskarazkoak erdiak, haietatik helduentzat Bi anai eta Izenik gabe.

“Sumisioaren azkena dagoeneko euskaraz sortua edo euskaraturik dagoena ere eskuragarri ez izatea da, non eta eliburutegi publiko digitalean”

Galdezka ibili naiz besaulkitik, baina euskal oasira iristeko itxaropenik ere ez dugu dagoeneko. “Bigarren denboraldiak ez nau asebete, zer ikusiko dut bazkalostean, txio-herria? Hona nire 2020ko top-a” sare sozialetan botatzen dugunean automatikoki onartzen dugu euskaraz ia deus ez egotea. Sumisioaren azkena dagoeneko euskaraz sortua edo euskaraturik dagoena ere eskuragarri ez izatea da, non eta eliburutegi publiko digitalean. Gaztelaniazkoez gain, badira katalanezko pila bat ere (gure ez(d).eustasunaz lotsatzeraino cat pilaren aldean).

Arazoak egongo dira eginda dagoen lan hori eliburutegian sartzeko, noski, baina nik jakin nahi dut zeintzuk diren arazoak eta nola konponduko diren. Ez da onargarria gaztelaniaz edo katalanez bilduta dagoena euskaraz ez egotea. Eta bide batez, euskarazko film guztiak bildu ahala, bildu euskaraz gozatuko lituzketen euskaldun guztiak ere bertara: EAEko, nafar, iparraldetar, zein diasporako.

Luistxo Fernandezek Twitterren esan du Filminekoek galdetu dietela euskarazko azpitituluengatik, eta berak erabiltzeko esan diela. Itxaropena Filminengan izan behar al dugu?

eliburutegia.(d)eus

eliburutegia.(d)eus

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

4 pentsamendu “eliburutegia.(d)eus”-ri buruz

  • Etsigarria da.
    Duela hogei urtetik hona, Euskera erabat kanporatuta dago pantailetatik.
    Bikoizketa abandonatu zuten. Azpititulaketa sekulan ez da serio bultzatu.

    Nik ere kuxkuseatu nuen e-liburutegia bere garaian. Konklusioa; Santiago de chileko liburutegi digitala izan zitekeela lasai asko. Euskal Herrian gaztelera zabaltzeko beste erakunde Vasco bat.

  • Télécinq monde, France 24, Arte… Kate horietan badituzte azpitituluak lau hizkuntzetan, eta batzuetan audioak ere bai aukeran!!!
    Hemen aldiz, etb2, TVE, euskal liburutegi publikoak, diru publikoarekin lagundutako zine zein dokumental festibalak…

  • Nik hiru ume ditut. Bat nerabezaroan sartzear.

    Ze nekeza da etxe giro euskalduna mantentzea, pantailak beti beti beti (ia), gazteleraz edukita.

    Batzuk proposatu izan didate, ingleses jartzeko dena…

    Enfin…

  • ipururentzat 2020-06-05 17:27

    Ipuru: zorionak zure 3 umeengatik. Nik 2 ditut. 4 urtekoak momentuz ETB3 baino ez du ezagutzen. Gainontzeko kateak (Clan, Disney…) ez ditu ezagutzen, desintonizatuta ditugulako. Hori gakoa izan da berak euskaraz egiteko (2 gurasoak euskaldunak izateaz gain, noski). Ez diogu ezta Youtube ikusten uzten, jarraian erdarazko bideoak agertzen direlako.
    Ziurta diezazuket, itxialdiari eta ETB3ri esker, ikastolan baino euskara gehiago landu duela. Lehen, haserretzean, gaztelania egiten zuen. Orain ez.

    Arazoa nerabezaroan dator. Ez badago gutxieneko eskaintzarik, aurreko lana kaltetuko da.
    Nire gomendioa, gaztelaniako edukiak murriztu (kanalak desintonizatu adibidez) eta bere gustuko euskarazko materiala bilatu, egon badaude gauz pilo ta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude