Maider Oleaga: «Elbira Zipitria gorpuzteko saiakera da ‘Muga deitzen da pausoa’»
Maider Oleaga: «Elbira Zipitria gorpuzteko saiakera da `Muga deitzen da pausoa´» –
Elbira Zipitria zenari buruzko dokumental bat heldu da gaur EAEko hiru hiriburuetako zinema aretoetara. Maider Oleagak zuzendu du filma, oso modu pertsonalean, zinemagileak eta irakasleak bizilekua partekatu baitute, garai ezberdinean bada ere. Frankismo garaian haurrei euskaraz eskolak ematen zizkien emakumearen etxean bizi izan da Oleaga, hamarkada batzuk geroago. Espazio horretan garatzen da «Muga deitzen da pausoa».
Gasteizen hezia da Maider Oleaga (Bilbo, 1976), eta urte askoren buruan bertara bueltatu da orain gutxi. Egun, Koartangon grabatu zen western baten inguruko dokumental bat zuzentzen dihardu, baina gaurtik aurrera Bilbo, Gasteiz eta Donostian ikusgai dagoen “Muga deitzen da pausoa” filmari buruz berba egiteko egin du gurekin hitzordua. Hiriburuetan pantailaratu eta gero, Elbira Zipitria ezagutarazten saiatzen den dokumentala “Euskal Herriko herrietan zabaltzeko ahalegina” egingo dutela dio. Merezi du.
Denbora luzez ibili zara Elbira Zipitriaren atzetik?
Egitasmoarekin hasi nintzela zazpi bat urte izango direla esaten dut beti, agian jada baita gehiago ere. Nik prozesuetan koadernoak erabiltzen ditut beti, eta honetan 2013koa da lehenengoa. Horrek esan nahi du aurretik hasi nintzela Elbiraren inguruan irakurtzen, bere bizitzan murgiltzen bizpahiru urtez… lehen fase oso bakartia izan nuen-eta (liburutegietan ikertzen, Euskal Herritik bidaiatzen…), nik neuk horrela erabakita. Gero gidoia idazteko laguntzetara aurkeztu eta eman zidaten, baita Tabakalerako erresidentzia ere, Ikusmira Berriak egitasmoaren bitartez. Guzti horrek leihoak zabaldu zizkion eta munduratu egin zuen ordura arte oso barruko gauza nuen egitasmoa, Elbira eta bion artekoa. Oso prozesu luzea izan da eta oso momentu ezberdinak izan ditu, sufritu, gozatu… bizi esperientzia bezala hartu dut eta denetarik izan da.
Nola izan zenuen bere berri?
Etxe atarian plaka bat dago, eta beraz, hasieratik nekien Elbira bertan bizi izan zela, baina ez nuen ezagutzen, jabeak “hemen eskola klandestino bat egon zen” esan zidan arte. Ni Mexikon zazpi urte bizi izatetik bueltan nintzen eta, hara! euskalduntasunaren zentro batera bizitzera etortzea tokatu zait, pentsatu nuen barrezka. Gero, berari buruz irakurri eta irakurri, zerbait piztu zitzaidan, gar bat, gorputzean ziztada bat, eta etxean nengoela, hemen gertatu zen dena, etortzen zitzaidan burura. Eta zinemagilea naizenez, film bat egin beharko dut, erabaki nuen.
.
«Emakume aparta izan zen Elbira Zipitria, zakarra baina oso langilea, eta ekarpen izugarria egin zuen pedagogikoki, oso aurrerakoiak ziren metodologiak erabilita»
.
Aurkeztu iezaguzu pantailan agertuko zaigun emakumea.
Emakume aparta zen, guztiok bezala kontraesan asko zituena. Zakarra zen, baina oso langilea, eta jende askok maitasun handiarekin gogoratzen du. Euskal Herriari egin dion ekarpena izugarria da, oso handia. Langile sutsu, bere bizitzan lan, lan eta lan besterik ez zuen egin, abertzaletasunaren alde, euskararen eta euskal kulturaren alde.
Emakumeok 1931n lortu genuen bozkatzeko eskubidea -eta gero berriro galdu-, eta bera jada mitinak ematen ari zen politikari bezala. Baina bera irakaslea zen batez ere, eta hizkuntzalaria ere, esango nuke. Irakasle ikasketak egin zuen Donostian, eta irakasle hasi zen lanean, gerra baino lehen, Errepublika garaian. Gero, gerra zela eta, erbesteratu egin zen. Frankoren garaian hezkuntza zen modukoa zen hemen, eta berak, bere lanarekin arduratuta, gehiago jakin nahi zuen, hobetu. Horregatik, asko irakurtzen zuen, Piaget eta, kanpoko metodologia berriak -ahizpa Frantzian zuen moja, eta liburuak ekartzen zituen bisitaldietatik-; eta gero euskal senara bihurtu eta praktikan jartzen zuen ikasitakoa, garai hartan hemen pentsaezinak ziren hezkuntza metodologiak.
Ezagutu zutenek oso sakona zela diote, oso argia, eta gaitasun ikaragarria zuela ideia edo kontzeptuak ateratzeko eta gero umeei transmititzeko. Oso garrantzitsua izan zen pedagogikoki, oso aurrerakoia zen.
Zer dela eta ez da ezagunagoa?
Ni ikastola batean hezitakoa naiz, baina ez nuen Elbira ezagutzen, eta berari buruz irakurtzen hastean konturatu nintzen nire inguruan ere ez zela batere ezaguna. Donostiako giro euskaldunean bai, baina hortik kanpo ez. Zergatik? Zeharkatzen diren arrazoi askorengatik. Emakumea zelako, noski, garai ilunak bizi izan zituelako, gerra eta Frankoren garaia euskal munduaren barruan; bizitza erdia ezkutuan eman zuen, pentsa! Gaur egun ezagunagoa da, feminismoak ere asko lagundu du, baina orain zazpi urte ez hainbeste. Hiru liburu daude Elbira Zipitriari buruz, bi erraz aurki daitezkeenak, eta bere pedagogian oinarritzen direnak. Eta nik, ez dakit patuagatik edo zergatik, etxe horretan sartu eta historiarekin topo egin nuen. Bertan bizi nintzen, eta horrek filmaren prozesuari zentzu bat ematen zion, oso polita izan zen. Horregatik, ahalegin bat egin nahi izan dut, Elbira Zipitriaren izena ezaguna izan dadin Euskal Herrian.
Orduan, bera bizi izandako etxean bizi izan zara, benetan?
Elbirarena izandako etxean bizi izan nintzen, eta beraz, bertan aurkitu nuen historia. Eta oso bizia izan zen, guztiz murgildu bainintzen Elbiraren munduan. Ez zegoen berari buruzko informazio asko, baina pertsonaia bere garaian ulertzeko testuingurua aztertu nuen, XX. mendeko Euskal Herriaren historia, eta bere gaietan ere sartu nintzen, euskara, pedagogia… gauza asko egin zituen eta ertz askotatik jorra daiteke Elbira Zipitria, txundigarria da. Eta esango nuke momentu batean saturatu ere egin nintzela. Orduan, Berlinera joan nintzen, ETBk Jose Antonio Agirreren inguruko filma egiteko eskaintza egin zidan-eta; ia urte beteko lana, eta garrantzitsuagoa dena, etxetik kanpo. Bueltatzerakoan jada gorputzean pausatua nuen lehen hiruzpalau urte horietako esperientzia pertsonala, eta film bat neukala sumatzen nuen.
Hasieran, filmean mamu baten bila zabiltzala dirudi, eta Zipitriarekin egiten duzun harremanak euskal emakumeaz eta bestez hausnartzera zaramatza.
Euskal emakumea bere ispiluan begiratzeko beharra neukan, niretzako euskal emakume arbaso horietako bat baita Elbira; zeintzuk lan egin zituen emakume izanda, zeintzuk oztopo gainditu. Beraz, filmean identitatea ikusten da gai bezala, nortasuna, ez bakarrik euskal nortasuna, ezpada emakume izatearena. Eta Elbirarekin kontua da askotan topatu naizela “zakarra” hitzarekin. Askotan entzun eta irakurri dut oso zakarra zela, argilun batean kokatzen da beti pertsonaia, oso kontraesankorra zela esaten baita, zaila, misteriotsua -batzuetan miresmenez bada ere-. Kontutan hartu bere izaera garai konkretu batean ulertu behar dugula, eta garai batean zurrunagoak ginela. Francoren garaiak bizi ostean agian ez genituen sentipenak hainbeste azaltzen; izaera hori ez da bakarrik Elbirarena, belaunaldi batena baino. Garai hartan beste intelektual asko ere oso zakarrak ziren -hor kokatzen dut Elbira, euskal intelektualen barruan-, baina ez da aipatzen den lehen gauza. Eta gero, egin zituen lanak egiteko indar asko behar zuela uste dut, bestela ez dago modurik berak egin zuena egiteko. Baina “zakar” hitza hainbestetan agertzeak… amorrua eman zidan. Eta zalantzan jarri nahi izan dut filmean, “sendoak izan behar dugu baina ezin gara zakarrak esan” gogoeta eginez, aspaldiko “La mujer vasca” ikerketan euskal emakumearen ezaugarri nagusia sendotasuna zela dio-eta.
Etxeak erabateko garrantzia du dokumentalean, baita Zipitriarenak izandako tresna edo bere egunerokotasuneko keinuek ere.
Film hau Elbira gorpuzteko saiakera bat da, Elbira ukitu edo berarengana ailegatzekoa, modu ezberdinak erabilita, euskaren bitartez, keinu txikien bitartez… Nolakoa zen eta nola zegoen ikusteko, Elbira irudikatu eta bere lekuan jartzeko, saiatu gara keinuetan bera aurkitzen. Eta zein keinu egiten zituen etxean? Ikasle askok bere mototsa gogoratzen du. Egunero jasotzen zuen mototsa, eta inoiz gertatu zen ikasleren bat behar baino lehen heldu, ilea jaso gabe ikusi eta beldurtzea. Saiatu gara bera ulertzen elementu ezberdinen bitartez. Bere gutunak irakurrita, berak mingainez itxitako gutun-azalak ukituz, zer jaten zuen ezagutuz. Auzoko batek esan zidan bere etxera joaten zela, jada zahartuta zegoela, arrautza bakar bat eros ziezaioten eskatzera, eta niri horrek asko esaten dit. Eta argizaiola? Berak beti zuen bat etxean, kutxa gainean. Beraz, argizaiolaren esanahia oso indartsua izanik -kristautasunean arimak deitzeko pizten zen elizetan-, eta bere ikasleen artean Antxon Mendizabal eskultorea zegoenez, Elbirari argizaiola bat egitea pentsatu genuen, pelikulan egiten dugun bezala, bera deitzeko, etor zedin. Azken finean, bere ulertzeko modu ezberdinak erabili ditugu, ez bakarrik intelektualki gerturatuz, baita zentzumenekin ere, usaimenarekin, ukimenarekin… berarekin enpatizatuz. Ez nituen keinu txiki asko topatu, asko bere egunerokotasunean galduta daude-eta, baina gustatzen zaizkit eta lekutxo bat egin nahi nien dokumentalean.
.
«Elbira Zipitria ez da ezaguna, emakumea izan, garai ilunak bizi, gerra eta Frankoren garaia euskal munduaren barruan, eta bizitza erdia ezkutuan eman izanagatik»
.
Azkenik, bere ikasle izandakoak gonbidatzen dituzu etxera, haurrak zireneko kontuez oroit daitezen.
Oso momentu polita izan zen bere ikasle izandakoak etxera etorri zirenekoa. Batzuk txikiak zirenetik bueltatu gabeak ziren, baina kontutan hartu leku horrek gauza asko eragiten zizkiela; espazio horretan esperientziak zituzten eta bazuten zer esan. Beste kontu bat da ea gauza horiek komunikatzeko gai izango ziren ala ez, kameraren aurrean eroso egongo ote ziren, jabetuko ziren kameraren presentziaz -saiatu nintzen libre senti zintezen espazio horretan, eta ez nituen non ibili bideratu-… beti da arrisku bat. Baina konkretuki kasu honetan, uste dut funtsezkoa izan dela hor agertzen diren pertsona guztiak aspalditik ezagutzen nituela, bazegoela elkarren arteko konfiantza bat.
Oharkabean, ia dokumental osoa etxe barruan emango dugu.
Azken minutuetara arte etxetik ez ateratzearen erabakiak, eta azken zati hori digitalean beharrean Super 8an grabatzeak, filma jada toki batean kokatzen du, oso erabaki erradikala da. Baina arrazoi askorengatik hartutako erabakia da. Etxea da gu bildu gaituen espazioa eta beraz, dokumentaleko pertsonaia bat da bere horretan, erdigunean jarri behar nuena. Berak eskola klandestinoak eman zituen espazio hartan, euskaltegien aitzindaria izan zen hein batean, eta euskal intelektual asko joaten zen bertara. Eta bere espazio intimoa ere bazen, bere bizilekua! Gainera, bere bizitzako azken urteetan, azken hamar urteetan, oso triste egon zen, umeak joanda, bakardadean eta tristatuta, eta emozionalki asko konektatu nuen azken urte horiekin. Oso pertsona ausarta eta ekina izan zen, militantea, dena eman zuena… eta bukaeran ez dago ezer, bakarrik zaude. Errealitate horrek eraman ninduen pentsatzera ez ote zitzaion etxe hori kaiola bihurtu. Eta horregatik erabaki nuen film ia guztia etxean barruan egitea, gordeta.
Oso izenburu poetikoa du filmak.
Hasieran “Ira 26, 2” deitzekoa zen, Ira baitzen Elbiraren ezizena, eta 26, 2 etxearen helbidea. Gainera, estrukturalki bazuen zentzua gidoiarekin, lehen bertsioak 26 kapitulu zituelako -ni eta nire kontuak-. Baina errodajean ginela jada ohartu nintzen beste izen bat hartuko zuela. Eta izenburuak patxadaz hartzen ditudanez, bueltaka hasi nintzen, “lasai, agertuko da”, esanez. Elbiraren lagun batekin hitz egiten nenbilela esaldia bota zuen arte: “Muga deitzen da pausoa”, atsotitz bat balitz bezala. Antza Pedro Mari Otañoren “Zazpiak bat” poeman agertzen da, gero kontzeptualki nire oharretan ere asko erabili nuena, iruditzen baitzait Elbirak muga asko gainditu zituela bere garaian; espazio pribatu bat publiko bilakatzean, emakumeak barruan gordeak zirenean mitinak emanez… Niri dagokidanez, gainera, lehen aldia da zuzendaria izanda enkoadrea gurutzatu eta beste aldean agertzen naizena, pantailan. Badakit zaila dela gogoratzeko, baina asko gustatzen zait: “Muga deitzen da pausoa”.
Ez dakit, baina nik beti pentsatu izan dut filmaren izenburua Orixeren EUSKALDUNAK-en agertzen den esaldi batetik dugula: “Muga deitzen da Pausoa”, bai, baina “Pauso” hori ez da “pausua”, ez da “urratsa”, Behobia baizik…
Bai Orixek berean, bai eta filmaren aipamen “ofizialetan” ere “Pausoa” irakurtzen da, maiskulaz, baina daukat ez garela hori oso ondo ulertzen ari aspaldi honetan, eta “urratsa” edo horrelako zerbait uste dugula minuskulaz idatzitako “pauso” horretan… Akaso oker nago.