Retormo 201

retorno-201-ms-grnade0.jpg

Guillermo Arriaga. Retorno 201. Ipuinak. Páginas de espuma. 2006.

Kale baten izena da, Retorno. Deefeko kale batena. Eta hangoxe biztanleak dira Guillermo Arriaga mexikarraren ipuin liburu honetako protagonistak. Istorio gogor eta gordinak, sexua, amodioa eta gizarte kontuak, gehienak. Eta heriotza, jakina, heriotza beti da present Arriagari orain arte ezagutu dizkiodan lan guztietan, nola zinematografikoetan, hala literarioetan. Gidoilari handitzat daukat, oso handitzat. Ikusi dizkiodan hiru filmetatik, 21 gramos hura, guztiz egiten zait gogoangarria. Denbora pasatu ahala, Babel eta Amores Perros-en gainetik jarriko nuke, batez ere gidoiaren eraikuntzari dagokionean. Baina, tira, denak bikainak. Esan dezakegu, Tarantinoren Pulp Fiction haren arrastoaz geroztik agertu zaigun gidoigile berritzaileenetakoa egiten zaidala. Maisu ikaragarria. Baina ez nuke gauza bera esango haren liburuez, iruditzen baitzait Arriaga ez dela idazle handitarakoa, zenbaiteko Chejovekin alderatu nahi badute ere. Kontatzen dituenak beti dira izugarriak, zartako bat sabelean edo kokotsean, batez ere liburu honetako lehen ipuina, Lilly izenekoa, irakurlearen arnasa eteteko modukoa da (haur atzeratu baten sexu erabilera nardagarria, beste haur batzuek egina). Baina ez, idazketa soil eta, sarri, zabarra darabil, akaso horixe komeni zaiolako bere kontakizunari. Baliteke. Gomendagarria bai, beraz, darabiltzan gai ia infrahumanoak ez baitira sarri aurkitzen diren horietakoak, eta narratzailearen ikuspegia ere beti eskaintzen duelako uste ez zen lekutik begiratuta, mintzaira zuzen baten laguntzaz. Hortik gora askoz gehiagorik ez. Ez da gutxi, hala ere, gaurko panoramaren erdian.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)