Epaile jaun-andreok.

togados.jpg

Erabakia hartuta duzue eta alferrik izango da ezer esaten ibiltzea, ez da? Baina txakurrek zaunka eta katuek miau bezala, gutako batzuk marrau baizik ez dakigu egiten. Barkatuko didazue, beraz.
Gaizkile andana bat zigortzea deliberatu duzue, arrazoi galant askoak badituzue, gainera, horretarako: akusatuen aulkietan hainbeste denboran eserarazi zenituzten haiek guztiak, urruti daude oso zuen mundutik, beste planeta batetatik etorritakoak bailiran. Ez da? Ez dute zuen aginte modua ulertzen, beste hizkuntza batean egiten dute eta, gainera, biren lekuan lau begi dituzte. Eta isats bat. Eta bi adar txiki, bekoki azalaren azpitik sortzen. Martetarrak edo plutondarrak dira, gutxienez.
Alferrik izango da hemen esaten ibiltzea, extralurtar horietako batzuek, ETAri gelditzeko eta menia emateko plataformetan kide izan genituela. Geure testigantzak ere ez dizue deusetarako balioko, izan ere, denok gara eta paraje hauetan plutondar, martetar, zuen oso bestelakoak, behintzat. Nor fida daiteke gurekin? Nor fida daiteke Espainia Handiaren ametsa baino, herri txiki eta nola halako batekin amets egiten dutenekin? Zuek ez zaudete horretarako, jakinekoa da hori. Demokrazia eta Sistema dira zuen jaungoiko bakarrak, ez da?
Alferrik izango da hemen esaten ibiltzea, kartzelara eraman dituzuen horietako asko eta asko, bakearen alde egindako lanarengatik nabarmendu direla. Alu horiek ez baitute, hala ere, zuen hitzik euren ahoetatik isurtzen. Beste mintzaira bat dute, itzultzaileek itzultzen dutenean ere ezin uler daitekeena. Hainbeste eskubide eta hainbeste askatasun eskatzen duenak, inplizitoki baitakar zuek ordezkatzen duzuen Demokrazia eta Sistemaren gaitzespena. Ez da?
Bai, alferrik izango da hemen esaten ibiltzea, Zumalabe Fundazioa, hain zuzen ere, borroka armatua ez besteko bideak lantzeko dagoela sortua. Erresistentzia eta oposizioa bai, baina ez armarik bazterretan, ez zapalketarik, ez kalterik inori, baina bai norberaren desiren aldarrikapena eta haien aldeko borroka irmoa. Egia esatera, Zumalabe Fundazioa eta enparauak dira, izatez, armatuak izan gabe, borrokei leku egiteko tresnarik behinenak eta, bidenabar, ETAren lerroak husten hobekien lagun dezaketenak. Zer uste duzue, ba, herri baten aldeko eskubideen borroka, ekologiaren aldeko pausoak, berdintasunarentzako mugimenduak… ezin direla gauzatu armarik hartu gabe eskutan?
Argiak zarete gero, Epaile jaun andreak, ETA baino, ETA gabeko gizartearen tresnei egin diezue erasoa, bai baitakizue, ederki jakin ere, nor duzuen benetako arerioa: arrazoiaren bide baketsuetatik parean jartzen zaizuen beste horiek dituzue helburua. ETArentzat polizia daukazue, baina nork defendatuko du Espainia Handia, Demokrazia eta Sistema bera, bene-benetako arriskuetatik?
Eskerrak zuek hortxe zaudetela, irmo eta tinko. Frogak? Zertarako behar dira frogak gauzak hain argi daudenean? Ez da?

Hasier Etxeberria. El Mundo. 071208

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Epaile jaun-andreok.”-ri buruz

  • “El Mundo” irakurtzen dute nire etxean Berria, Gara, Noticias edo El País baino askoz gehiago (liburu eta dvd kolekzioengatik batez ere). Zutabe hau haize frexkoa izaten da beste letra eta thrillerren alboan.

    Oraingo honetan zutabeak gutun “ireki” formatua duela iruditu zait bigarren pertsonan idatzita dagoelako batez ere eta hartzaile nabarmen batzuk dituelako: hor goian desfilatzen agertzen diren toga beltzeko horiek.

    Nire iruzkina sentsazioei buruzkoa da: xake partida batek edozer gauza adierazteko balio dezake. Ba, nik testu hau bukatu gabe dagoen xake partida bat bezala ikusten dut. Iruditzen zait, idazleak “ez da?” idazten duen bakoitzean xake jokalarietako baten “xake” egiten duela. Idazleak arerioa mendean duela dirudi denbora guztian: xake, xake, xake… Momentu batetik bestera “matea” emango duela dirudi baina ez dakigu, azkenerako, matera iristen ez diren hainbeste xakerekin ez ote duen erregina popabistan utzi… Sentsazio hori geratu zait.

    Arazo hori du bigarren pertsonan idazten duen narratzaileak, irakurlea erasotuta senti daitekeela nahiz eta bera ez izan hartzaile zuzena. Niri ia beti hori gertatzen zait. Gainera, erasoa “xake” segida baten moduan ematen bada (hau, nahiz eta piezak soinurik atera gabe mugitu, xake jokalari batentzat sekulako harropuzkeria dela uste dut…), nire burua defendatu eta “mate en cinco” motako kontraerasoa egiteko gogoa sartzen zait. Batzuetan oso zaila da kontraerasoa egitea, baina oraingo honetan zer edo zer egin ahalko litzatekeela uste dut; zerbait egiteko gogoaren antzeko sentsazioa geratu zait behintzat barnean… Horrek ez du esan nahi gutunak injustizia sinestezin bat salatzea “helburu zintzoa” ez duenik. Esan nahi dudana da, kontuz ibili ezean, batzuetan bideko zuloren batean erori eta gal gaitezkeela gure pieza guztiekin helburura iritsi baino lehen. (Sermoi motako zera hauek ematen ibiltzea ere ez da oso gomendagarria izaten 🙂

    PD: noski, ez naiz ni izango 18/98+ zirku erromatarraren kontrako eraso honi kontraerasoa egiten saiatuko dena baina ziur nago egunkari horretan bertan idazten duen batek baino gehiagok gustu handiz egingo lukeela. Bai, bai, harria bota eta eskua gorde, bai, badakit…